Giro paregabea zegoen atzo 12:30ak pasatxoan Iruñeko karriketan. Ehunka lagun zebiltzan alde batetik bestera, gehienak zuri-gorriz jantzita. Sanferminen laugarren eguna zen, eta zenbaiten aurpegitan nekea nabari zen arren, oraindik soberan zegoen umore ona eta festarako gogoa. Poteorako, gehienek garagardoaren aldeko hautua egin zuten, ziurrenik bermuta baino freskagarriagoa delako, batez ere azken egunetan Iruñean egin duen beroa kontuan izanda.
Sanferminetan jende asko ondo pasatzeko asmoz izaten da Iruñean, baina bada lanera etortzen denik ere. Hori da Laudioko (Araba) Goizane Truebaren kasua. Lehen urtea du Iruñeko jai nagusietan lan egiten duena. Aurreko urteetan haren nebak betetako postuan ari da orain lanean, Estafeta karrikako Estafeta tabernan. Bermutaren ibilbidea esaten zaion horretan, behartutako geldialdietako bat da hori. Tabernako barra pintxoz gainezka izaten dute. «Azken egunetan lana oso ondo egin dugu. Badirudi sanferminetara etortzen direnak ez daudela eguerdiko poteoari uko egiteko prest». Azaldu duenez, eguerdi partean ibiltzen da Estafetan jende gehien. 16:00etan irteten da Trueba atseden hartzeko, eta une hori nahiko lasaia izaten dela esan du. Halere, argitu du atzo astelehenean baino jende gutxiago izan zela poteoan.
Trueba barraren alde batean egoten da, eta ehunka lagun, berriz, beste aldean. Jorge Purroi koinatuarekin batera atera zen bermuta hartzera. Dioenez, tabernari askok sanferminak profitatzen dituzte prezioak igotzeko. Esaterako, hiru garagardok eta hiru kroketak 11,80 euro balio dute. «Hemen jende guztiak dirua irabazi nahi du, baina inor ez da ohartzen soldatak ez direla igo. Nik uste hori salmentetan nabarituko dutela», esan zuen haserre.
Alde Zaharreko karriketan jateaz eta edateaz gain, abesteko ere hainbat aukera daude. Esaterako, Muthiko Alaiak peñako 60 bat lagun 13:00etan kalera irten ziren abestera. Herenegun, jotak abestu zituzten poteoa egin bitartean. «Oso giro ona dago, ni oso gustura nago», azaldu zuen Ana Sarobek, Muthiko Alaiak abesbatzako kideak. Abesti andana kantatu zituzten, tartean Agure zaharrak, Itsasontzi baten eta Jaiki jaiki. Jende mordoa erakarri zuen abesbatzak. Gainera, kantatzen ari zirenekin batera abestea atsegin zuten abeslari asko hasi ziren kantuan.
Jai giroan barneratzeko aukerarik ez zuten izan Valentziako (Herrialde Katalanak) Vicente Alegrek eta Pura Cebrilek. Herenegun abiatu ziren Donibane Garazitik. Donejakue bidea egiten ari dira. «Bagenekien hemen jaietan zinetela, baina ez genuen halako girorik espero», dio Alegrek. Aurten ezingo dute sanferminez bete-betean gozatu, baina itzuliko direla agindu dute.
Navarreriako txokoa
Estafetaz gain, eguerdiko poteoko giroa Navarreria enparantzaren inguruko tabernetan ere izaten da. Prezioak ere Estafetan baino apur bat merkeagoak dira, gainera. Hiru bermut txiki 5,10 euroan har daitezke. Gune hori benetan atsegin dute Andre Mariaren Zeruratzearen elizako Ahots Baxuen Abesbatzakoek. Mikel Laboaren Txoria txori edota Yolanda Barcinaren omenezko abestia kantatu zituzten besteak beste, betiere umorerik galdu gabe.
Lagunekin zein senideekin egoteko aukera paregabea ematen du bermutaren garaiak. Hala ere, asko kexatu dira ibilbideko tabernetako prezioak krisi ekonomikoaren garaietara egokitu ez direlako.
Sanferminak Iruñean
Jateko eta edateko unea
Eguerdi partean ehunka lagun biltzen dira Iruñeko Alde Zaharreko tabernetan, bermuta hartzeko eta pintxoak jatekoZenbait tabernari gustura agertu dira bermutaren garaian izandako salmentekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu