Jazza ez da igogailuetako musika

Musika mota zabala da jazza, bai estiloei dagokienez, bai iraupenari dagokionez: dantzalekuetatik eszenatokietara egin zuen jauzia, esaterako, askotarikoa da. Inprobisazioak daukan garrantzia nabarmendu dute hainbat adituk.

Hiru musikari jazza jotzen, artxiboko irudi batean. CAROLINE BREHMAN / EFE
Hiru musikari jazza jotzen, artxiboko irudi batean. CAROLINE BREHMAN / EFE
nerea intxausti
2025eko apirilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jazza sortu zenean orduko reggaetona zela kontatu du Irati Bilbao jazz abeslariak: «Jazza zen gazteek dantzatzen zutena, eta haien gurasoei gustatzen ez zitzaiena». Gogoratu duenez, Elvis Presley eta rock-and-rolla heldu baino lehen, jazza zen gazteen musika. 

Hori bai, duela mende bat gertatu zen hori: jazza 1917an sortu zen. Urte horretan publikatu zen izenburuan jazz hitza zeukan lehen diskoa, Original Dixieland Jazz Band taldearen eskutik, New Orleansen (AEB), Patri Goialde jazzaren historian adituak kontatu duenez. Musikeneko Jazz saileko arduraduna izan zen, eta erretiratuta dago orain. Baieztatu du jazza oso zorioneko musika estiloa izan zela bestelako musika urbanoen aldean, sortu zen garaiagatik eta lekuagatik: mendea hasi eta berehala jaio zen, eta munduko potentzia ekonomiko eta industrial handi batean. Gaurko egunez ospatzen dute, hain zuzen, jazzaren nazioarteko eguna.  

«Jazzaren lengoaia oso aproposa izan da beste estilo batzuekin nahasteko; adibidez, jazzetik dator Brasilgo bossa nova»

IRATI BILBAOJazz abeslaria
Irati Bilbao jazz abeslaria, kontzertu batean. FERNANDO MARCOS
Irati Bilbao jazz abeslaria, kontzertu batean. FERNANDO MARCOS

Euskal Herrian 1919an agertu zen jazza lehen aldiz: Marcel's American Jazz Band taldeak emanaldia egin zuen Viktoria Eugenia antzokian. Ordutik aurrera, kasinoekin lotuta, jazza musika interesgarria eta boteretsua bilakatu zen dantza egiteko. Goialdek azaldu duenez, kanpotik oso talde ospetsuak ekartzen zituzten kasinoetara urrezko garai haietan, harik eta, Hego Euskal Herrian, 1924an Primo de Rivera Espainiako diktadoreak jokoa legez kanpo utzi zuen arte, eta, beraz, baita kasinoak, dantzaldiak eta jazza ere. Kasinoen diru iturri hori eten zuten. Horren ondoren jazzaren ospea jaitsi egin zen, Goialdek adierazi duenez.

50eko hamarkadan, baina, Ameriketako Estatu Batuek eta Nazio Batuen Erakundeak frankismoa onartu zuten eta, orduan, nolabait, amaitu egin zen Espainiaren nazioarteko bakartzea. ABEetako kultura Hego Euskal Herrian sartzen hasi zen. Donostian, Bilbon, eta beste hainbat tokitan zenbait jazz talde sortu ziren, eta orduan hasi zen jazzaren bigarren urrezko garaia, Goialderen esanetan. 1966an Jazzaldia sortu zen Donostian, eta handik gutxira sortu ziren Gasteizkoa, eta, Bizkaian, Getxokoa ere.

«Jazza ez da musika jakin bat, musika ezberdin askoren multzoa baizik, eta oso zaila da jazz musikaz estilo unitario moduan hitz egitea», zehaztu du Goialdek. Iritzi dio jazzak bilakaera oso azkarra izan duela mende batean, eta ehun urte horietan estilo asko sortu direla. Bilbao ere iritzi berekoa da, jazza oso plurala eta askea dela uste du, eta beti egon dela abangoardian, garaian garaira egokitu delako: «Jazzaren lengoaia oso aproposa izan da beste estilo batzuekin nahasteko; adibidez, jazzetik dator Brasilgo bossa nova». Hain justu, horrek egiten du jazza «oso modernoa», Bilbaoren ustez. 

«Beethovenek, Bachek eta Lisztek agian 'jazz espiritua' izango zuten jazza sortu baino mende bat lehenago, baina, noski, hura ez zen jazza» ondorioztatu du Sastrek»

IÑAR SASTREPiano jotzailea eta Musikeneko irakaslea
Iñar Sastre piano jotzailea eta Musikeneko irakaslea, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iñar Sastre piano jotzailea eta Musikeneko irakaslea, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Goialdek jazz estiloen adibide gehiago eman ditu: «Jazz klasikoak barne hartzen ditu Dixieland deitzen den estiloa, 20ko hamarkadakoa, 30eko urteetako swing estiloa... Baita jazz modernoa ere, 40ko hamarkadako bebopa, hard bopa, free jazza…».

60ko hamarkadatik aurrera fusioak sortu zirela kontatu du Goialdek, hau da, jazza eta bestelako musikaren arteko nahasketak: bossa nova eta jazz elektrikoa. 80ko hamarkadan, jazz eta hip-hoparen arteko fusioa —gaur egun, Erykah Baduk egiten duena—, jazza eta disko musikaren arteko fusioa... Eta beste zenbait gehitu ditu Bilbaok: instrumentu elektrikoen presentzia, sintetizadoreak —Robert Glasperrek egiten duena—. 

Abeslariak gaineratu du jazzean oso inportantea dela inprobisazioa, eta Iñar Sastre piano jotzailea eta Musikeneko irakaslea bat dator harekin. Bill Evans piano jotzaile eta konpositoreak behin esan zuena ekarri du hizpidera: Evansek esan zuen inprobisatua den guztia jazza dela, hau da, akorde batzuen gainean inprobisatzen hasiz gero, emaitza jazza litzatekeela. «Beethovenek, Bachek eta Lisztek agian 'jazz espiritua' izango zuten jazza sortu baino mende bat lehenago, baina, noski, hura ez zen jazza» ondorioztatu du Sastrek. 

Jazza modernoa da?

«Gaur egun jazzaren inguruan daukagun ideia, kontzertuetako musika gisa ulertzearena, oso ideia modernoa da», zehaztu du Goialdek. 1945ean bilakatu zen jazza kontzertuetako musika, entzutekoa, bebop estiloan. «Musika guztiei gertatzen zaien moduan, elitistagoa bihurtu zen jazza, edo publiko orokorretik aldendu zen», azaldu du Bilbaok. Horrek aberastasuna ekar zezakeela adierazi du, baina baita arriskua ere, publiko orokorretik aldentzeko arriskua, hain zuzen. Goialdek aitortu du gaur egun ere baduela oraindik izaera hori: «Orain jazza kontzertuetarako musika baino ez da eta, gainera, ez jende askoren gustukoa; badago interesa, baina oso publiko bereziak entzuten du jazza».

Bilbaok, baina, ez du uste hala denik. Haren ustez, bada jazzerako zaletasuna, baina elikatzen ez bada, zaila da areagotzea: «Gizakiak horrelakoa gara: entzuten duguna gustatzen zaigu. Orduan, irratian, telebistan, prentsan eta abarretan beti artista berak gonbidatzen dituztenez, azkenean, artista horiek publiko asko lortzen dute».

Bilbaok gaineratu du oso aukera gutxi dagoela jazz musika erakusteko, jazza haien programetan txertatzen duten oso areto gutxi daudelako. «Donostian, esaterako, Jazzaldia egiten da, baina gainontzean ez dago inprobisazio saio bat egiteko jazz klub bat ere». Sastrek, Musikeneko irakasleak, azaldu du ikasleek beraiek bilatzen dituztela inprobisazio saioak egiteko txokoak, eta txalotu egin du haien ekimena: «Adibidez, Antiguan (Donostia) badaude pare bat taberna». Gainontzean, hiri bakoitzean bat besterik ez da: Gasteizen Dazz aretoa dago; Iruñean, Garazi taberna; Bilbon, Jazzon aretoa; Lapurdin, Miarritzeko Prohibido aretoa... 

«Orain jazza kontzertuetarako musika baino ez da; oso publiko bereziak entzuten du jazzat»

PATRI GOIALDEJazzaren historian aditua
PATRI GOIALDE
Patri Goialde Musikenen, Donostian, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Jazz abeslariak esan du denen artean egin beharreko pedagogia baten beharra dagoela, jazza musika minoritarioa izatea gauza askoren ondorioa dela iruditzen baitzaio: «Denon erantzukizuna dela iruditzen zait: artistok saiatu behar dugu jendea kontzertuetara joan dadin animatzen, programatzaileek ere ausartu beharko lukete estilo aldetik apustu ausartagoak egiten, eta publikoak ere saiakera egin behar du askorik ezagutzen ez dituen artisten kontzertuetara joateko». 

Entzuleengana ere zuzendu da: «Jendeak igogailuetako musikarekin lotzen du jazza, baina ez da horrela. Jazza oso-oso plurala da. Entzuten baduzu Miles Davis eta gustatzen ez bazaizu, ez du esan nahi Ella Fitzgerald, Cyrille Aimee edo Frank Sinatra gustatuko ez zaizunik. Rock musikan gauza bera gertatzen da: gustatu dakizkizuke rock klasikoa —Elvis Presley— edo rock progresiboa —Led Zeppelin—». Uste baino abesti gehiago ezagutzen ditugula uste du: «Jazz estilo klasikoko oso abesti herrikoiak daude, erabat mainstream-ak. Sinatraren edozein, adibidez: 'Come fly with me, let's fly, let's fly away...' edo 'Fly me to the moon...'». 

Aukera gutxi inprobisazio saioetarako

Euskal Herrian bi eskola nagusi daude: Musikene, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegia, Donostian, eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa, Iruñean. Jazz abeslariari iruditzen zaio «pribilegioa eta zortea» dela horiek edukitzea: «Jende piloa ateratzen da eskola horietatik, eta proiektu oso interesgarriak dituzte». 

Gazteen artean, ordea, jazza oso minoritarioa dela kontatu du Musikeneko irakasle ohiak: «Jazzeko espezialitatea Musikeneko ikasleen %20k-edo hautatzen du». Halere, Goialdek eta Sastrek zehaztu dute ez dela horren erraza Musikeneko jazz ikasketetara heltzea, oinarrizko ikasketa altuak behar baitira aurretik. «Jendea maila politarekin heltzen da Musikenera, unibertsitatea da eta», oroitu dute. 

Jazzaren gaur egungo egoeraz mintzatu da Bilbao. Jazzetik bizitzea zaila dela uste du, baina baita beste musika estiloetatik bizitzea ere: «Musika industriaren bilakaeran, gaur egun, gero eta bananduago daude goi mailako izar handiak —nazioartean bira handiak egiten dituztenak— eta gainerako musikariak». Ziur dio «erdi mailako» musikariek —pare bat edo hiru disko dauzkatenek eta urteetako proiektu landu bat— aukera gutxiago dituztela: «Distantzia oso handia da». 

Bilbaoren iritziz, gero eta jaialdi gehiago daude, eta jotzeko hainbat aukera, uda partean batez ere. Baina, aldi berean, nahiz eta nabaritzen duen joera bat tokiko gazte musikariak ezagutarazteko, jabetzen da karteletako lehenengo izenak beti direla nazioarteko artistak: «Ahaztuta gelditzen dira estadioak betetzen ez dituzten proiektu txikiagoak».

Ravel aitzindari

Maurice Ravel konpositore euskaldunaren bizitza eta musika ibilbidea ikertzen ari da Iñar Sastre. Kontzertu bat ere antolatu du Getxon, (Bizkaia) konpositorearen jaiotzaren 150. urteurrenaren harira, hura omentzeko. Sastrek azaldu du berez Ravelek egiten zuen musika ez zela jazza, baina Ravelek ezagutu zuela jazza nola jaio zen.

Aitzindaria izan zen: «Ez da zuzena esatea Ravel jazz musikaria zela, baina harmonia konplexuagoa garatu zuen, eta jazzak edaten du Ravelek garatutako harmonia mota horietatik: tentsio berriak gehitzea, kadentziak egituratzeko modua, musika tonala deitzen zaion hori musika modala bihurtzen hastea...». 

Maurice Ravel piano jotzaile eta konpositorea Ziburun, pilotari batzuekin, 1930ean. WIKIMEDIA COMMONS / FLOPINOT2012
Maurice Ravel piano jotzaile eta konpositorea Ziburun, pilotari batzuekin, 1930ean. WIKIMEDIA COMMONS / FLOPINOT2012

Haren hitzetan, beti hartzen ditugu euskal konpositoretzat Aita Donostia, Usandizaga, Eskudero eta abar, baina nabarmendu du Ravel ere euskalduna zela, ziburutarra (Lapurdi): «Nazionalismo beteak ez zuen zuzenean harrapatu, baina Euskal Herria oso gertutik bizi izan zuen, eta hemengo txistu musikak eragin handia izan zuen harengan. Ez ditu harmonizatzen doinu tradizionalak, baina haren musikan nabari da hemengo musika herrikoiaren kutsua». 

Sastreren ustez, jolasteko aukera handia ematen du Ravelek, nahiz eta oso konpositore zehatza eta perfekzionista zen: «Baina, bueno, horrek ez du esan nahi beste batzuek ezin dezakegunik jolastu haren musikarekin». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.