J oan daiteke autoan, trenez ala autobusez, baina nekez saihestuko du jende erauntsia Santa Luzia egunean Zumarraga eta Urretxura (Gipuzkoa) biltzen denak. Jendetza ibili da, beste behin, bi herrietako kaleetan barrena, izan ikusmiran ala poltsa betetzeko asmoz. Asteartea izanagatik, asko iritsi dira inguruko herrietatik ere, eta, goizeko hotza eguzkiak goxatu ahala, are gehiago bete dira kaleak.
Zumarragako Urdaneta hiribidea izan da betetzen lehenetarikoa. Pottokak, zaldiak, ahuntzak... animaliek hartua dute kalea, alderik alde. Jendetza dabil horiei begira, eta bakarren batzuk, haiei eskua luzatu eta larru puska txiki bat bada ere ukitu nahian. Lasai dabil jendea batetik bestera, ibilera bizkortzeko inongo asmorik gabe. Buru horien guztien artean badira, baina, askorik mugitzen ez direnak: abereen jabeak, iristen lehenak izan direnak. Goizeko seietarako bertan zen Lopene ganadutegiko Markel Martija. Astoak, poneyak eta moxal pare bat ekarri ditu. Moxalak eta poneyak saldu ditu, eta, 11:30 direnean, ez du uste askoz gehiago salduko duenik: «Saltzen dena goizeko bederatzietarako saltzen da». Goiz etortzearen garrantzia nabarmendu du, lehen orduetan izaten baitira salmenta onenak, betiere kalitatearen arabera. «Ganadu ona goiz saltzen da azokan, eta erdipurdikoa etxera joaten da bueltan». Eramandako ganaduaren parte handi bat saldu du, baina eraman ere lehen baino gutxiago egiten dutela esan du Martijak. «Lehen baino askoz gutxiago saltzen da». Oro har ari da. Prezioek ere behera egin dutela adierazi du.
Salmenten aldetik, gaurkoz behintzat, ez du kezkatzeko motiborik Lazkaoko Jose Inazio Intxaustik, ez baita horretara joan. Eraman duen asto taldea atzean duela, batarekin eta bestearekin hizketan ari da. Gipuzkoako Astozaleen Elkartearen izenean, erakusketara eraman dituzte hainbat asto, salmentak nahikoa handiak izaten ez direla iritzita. Jendea batetik bestera erruz dabilen arren, ez dio etorkizun oparoa iragarri abereen azokari, ez eta lanbideari ere: «Herriak laguntzen du, eta nahi du salmenta sustatzea, baina zaila dago. Gazte jendeak ez du txanda hartzen, eta etorkizun gutxi dago».
Txanda hartu duen gutxi horietako bat da Mikel Apezetxea, itxura guztien arabera. Baztandik etorri da, ahuntzak saltzera. Ondo saldu duela esan du, eta kontentu da, baina, ez horregatik ase: «Denak ez ditugu saldu, baina badago oraindik denbora». Salmentetan ez du gorabehera handirik nabaritu hark.
Eguerdia hurbildu ahala, Urdaneta hiribideko hutsune urriak erabat bete dira, eta animaliek eginak dituzte jada ordu mordoxka bat hesiduretan. Elkar igurzten dute horietako batzuk, ezezaguna zaien egoeraren aurrean babes bila edo. Halako batean, zaldi bat aztoratu, eta saltoka ere hasi da, inguratzenduen hesidura indar handiz astinduz. Momentuko tentsioa azkar baretu du haren jabeak, makila eskuan duela.
Era askotako produktuak
Abereak dauden kaletik bertatik, jendetza ikusten da La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan. Nekazaritza tresnak dituzte salgai bertan; motozerrak, traktoreak eta belarra mozteko makinak, besteak beste. Azokaren eta nekazaritzaren bilakaera erakusten dute. Geroz eta makina sofistikatuagoak erakargarri zaizkie euren gurasoekin batera dabiltzan haurretako askori. Nork daki? Akaso, makinekiko lilura hori izango da haurrak lanbide neketsu horretara lotuko dituen amua.
Haur txikia bizkar gainean eta plastikozko poltsak eskuetan. Bada hala dabilen gurasorik patioan ere, inguruko kaleetakoren batean erosketak egin ondoren. Nahikoa aukera badago horretarako, 487 erakusmahai baitaude guztira:317 Zumarragan eta 170 Urretxun. Euskadi plaza (Zumarraga) erdibidean dago, abereen azokatik Urretxu aldera joaten. Bertan geldiunea egin eta mokadutxoa egiteko aprobetxatu dute askok. Bi lagunekin batera taloa jaten ari da Jose Antonio Zanalloa. Zornotzatik (Bizkaia) heldu da, urtero egiten duen moduan. Eguna ala goiza pasatzera joan ohi dira lagunartean, baina zerbait beti eramaten dute etxera,aukera aprobetxatuz. «Urteroko zita» du azoka Jose Maria Zabalak ere. Azpeititik (Gipuzkoa) etorri dira laukotean, ondo pasatzeko asmoz, baina baita erostera ere.
Helduak dira bisitari gehienak, baina, bazkaltzeko ordura gerturatu ahala, hasi dira gazteak bistaratzen. Biharamun aurpegia nabari zaie horietako batzuei, gaua luzatu zitzaiela ezin disimulatuta. Jende pilaketak eta zarata lagun ala etsai, kalean ez dago ajea gainetik kendu beste aukerarik. Trikitilariak kaleko giroa alaitzen ari dira, eta bozgorailuetan abestiak eta esatarien azalpenak tartekatzen dira. Sariketen inguruan ari dira. Bitartean, saridunetako bat, Gabiriko (Gipuzkoa) Beheko Etxe baserriko Asier Agirre, azoka bereziko bere erakusmahaian dago. Errezil Sagar sariketan lehen saria irabazi dute, eta halako sariek jendearen bistara nabarmentzen laguntzen dutelakoan dago. Hala ere, azokara hurbiltzen direnek hasieratik nori erosiko dioten nahikoa argi izaten dutela dio: «Bezero askok urtero saltzaile berdinei erosten die». Abereen azokan ez bezala, barazkienean erosleak berandu ibiltzen direla azaldu du: «Jendea etxera joan behar duenean hasten da erosten».
Ekoizleekin zuzeneko hartu-emana, hori da bai ekoizleek beraiek eta bai bezeroek horrelako egunetan gehien eskertzen duten gauzetako bat. Ondo daki Agirrek. «Jenero asko dago, eta etortzen denak denetarik erosteko aukera dauka postu bakar batean». Horregatik, bertatik bertara ikus dezake produktua.
Uste berekoa da Mutrikuko (Gipuzkoa) Ondare enpresako Idoia Mendizabal. Marmeladak, barazki kontserbak, frutekin egindako gozoak eta halako produktuak ditu salgai. «Etorri beharreko feria» izaten da Santa Luzia egunekoa harentzat, jendearekin egoteko hartu eman zuzenean. «Guretzat ezinbestekoa da, jakiteko zein norabidetan goazen, eta, horren arabera, pausuak indartu edo aldatzeko», dio. Ohiko lekuan jarri du aurten ere erakusmahaia, eta horrek laguntzen duelakoan dago; «Jendeak badaki nora etorri behar duen».
Egun-pasa, ez erostera
Mendizabalen erakusmahaitik metro gutxira, bezero batekin hizketan ari da Arantxa Goenaga. Goenaga Esnekiak enpresatik etorri dira bera eta alboan duen kidea. Ardi gazta ari dira saltzen, azken 30 urteetan egin duten bezala. Hainbeste urtean azokan egon ondoren, jendeak gazta ezagutzen duela uste du. Hala ere, salmentak lehen baino txikiagoak direla dio, eta azokak izan duen bilakaerajarri du horren arrazoitzat: «Lehen, jendea beste helburu batekin etortzen zen azokara. Gaur egun, jai girora edo eguna pasatzera dator».
Azokak zentzu aldaketa izan ote duen ala ez; badabilki jendeak zalantza hori ahoan. Erakusmahaietan aurki daitezkeen produktuetako batzuetan nabari da garai aldaketa. Ezinbestekoa da. Baina, udalak egunerako espreski jarritako guneetan ez ezik, kaleko beste txoko askotan ere badaude saltzaileak. Galtzerdiak saltzen dituzte batzuk, futbol kamisetak beste batzuk... denentzako dago tokia. Horien artean, barazkiak zuritzeko tresna bitxi bat saltzen ari da gizon bat, eta haren inguruan elkartu da jende multzo handi xamar bat. Erakustaldia egin du, aparatuaren funtzionamendua zein den azalduz. «Hau ez dute supermerkatuetan saltzen», esan du, harro antzean, amaitu duenean.
Orduen joanarekin, abeltzainek hasiera batean bereganatu duten protagonismoa beste leku batzuetara hedatu da, eta abereak kamioian sartu eta etxera bueltan eramateko garaia iritsi zaie lehenengoei. Azokak eman beharrekoa emanda, arratsera begira jarri da eguna.
Jende asko, salmenta gutxiago
Jendetza elkartu da Zumarraga eta Urretxun, Santa Luzia eguneko azoka berezian, beste urte batez. Abeltzainek nabarmendu dute salmentek behera egin dutela aurten ere, azken urteetan gertatu bezala. Bestelako produktuen salmentetan ez dute beherakada handirik nabaritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu