Sare sozialak

Jende gazteak ulertuko ez duen zer esan dezakezu?

Twitterren zabaldu da erronka: «Zure adina aitortu gabe, jende gazteak ulertuko ez duen zerbait esan ezazu». Erantzunik onenak bildu ditu BERRIAk.

SuperBat klubeko txartela. Erabiltzaileek gehien errepikatu duten gaietako bat izan da. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 14a
16:19
Entzun

«Zure adina aitortu gabe, jende gazteak ulertuko ez duen zerbait esan ezazu». Hala dio Twitterreko hainbat erabiltzailek azken egunetan zabaldu duten irudiak. Hainbat gairi eta egoerari lotutako erantzunak utzi ditu erronkak, guztiak ere gazteek ez ulertzeko modukoak, idatzi dituztenen iritziz bederen.

Erabiltzaile batzuek, adibidez, musikarekin lotu dute erronka. @AnderMolt erabiltzaileak hasi du hari hori, Bittor Aiape abeslari nafarra aipatuta. Aiapek lehen aldiz 1992ko Nafarroa Oinezen jo zuen, eta 2000. urtean atera zuen azken diskoa. Gero, musika alde batera utzi, eta dantzari ekin zion. Erantzunetan beste hainbat kontu aipatu dituzte: 2008an Eusko Jaurlaritzak Ukan birusaren inguruan euskara bultzatzeko atera zuen kanpainako pixkat bat es mucho abestia; Altza Pelipe Txirri, Mirri eta Txiribitonen abestia; kaseteak boligrafoarekin aurreratu behar izatea...

Telebistako kontuak ere izan dituzte hizpide erabiltzaileek: besteak beste, SuperBat kluba, han agertzen zen TrikiFlash super heroia, Kike Amonarrizek aurkezten zuen Txiskola saioa edo teletestua.

Beste ildo batetik eutsi dio erronkari Iñaki Iza Zarazua pilotari ohiak, eta, nola ez, pilota izan du hizpide: «Buruz buru sakea botera errestatzea», idatzi du, gaur egun airez jokatzeko dagoen ohiturari erreferentzia eginda. Are urrunago joan da Lander Garro, eta partidaren aurretik angelusa errezatzen zen garaiak aipatu ditu.

Erronka hasi zuen beste erabiltzaileetako bat Mikel Pagadi izan zen, eta, ironikoki, «Eusko Alkartasuna» aipatu zuen. Beste erabiltzaile batzuek, ildo beretik, aipatu dituzte 1989tik 2005era iraun zuen Unidad Alavesa alderdia, 2011n desegin zen Nafarroako Demokraten Elkargunea eta 1992tik 1994ra arte iraun zuen Euskal Ezkerra.

Ritxi Lizartzak, bestalde, kritika sozial kutsua eman dio erronkari eta hala idatzi du: «Etxe bat erosi dut». 

Horietaz gain, izan dira bestelako kontuak aipatu dituzten erabiltzaileak ere: patata poltsetako tazoak, Fernando Savaterrek Egin-en idazten zuen garaia, zauriak garbitzeko erabiltzen zen merkromina... 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.