Urriko azken astelehena urriko azken egunean egokitu da aurten. Jaiegun bezpera izaki, zubia zuen jende askok, eta hori Gernika-Lumoko (Bizkaia) urteroko azokan zuzenean sumatu da. Izan ere, inoizko jendetzarik handiena bildu zen Bizkaiko udalerrira egun osoan. Gernika-Lumoko Udalak emandako datuen arabera, 120.000 bisitari inguru bertaratu ziren. Iñaki Gorroño alkateak, balorazio «oso positiboa» egin zuen. Eta ez zen gutxiagorako izan, eguraldi apartaren laguntzarekin, kaleetan giro ezin hobea sumatzen baitzen.
277 salmahai jarri ziren atzoko azoka egunerako, eta urtero legez, gazta eta ortuari postuek izan zuten presentzia nabarmenena. Horietako asko lehiara aurkeztu ziren, sarietan berritasun gutxi ekarriz. Frutetan, Jose Etxebarria gatikarrak eraman zuen sari nagusia, hainbat urtetako tradizioari jarraiki. Adela Andikoetxea urduliztarrak ere ortuarietako sari nagusia irabazi zuen, beste hainbat alditan egin duen gisan. Gazta lehiaketan, bestetik, Mausitxa gaztandegi elgoibartarrak eskuratu zuen lehen saria bigarren aldiz. «Gutxitan parte hartu izan dugu Gernika-Lumoko sariketan, bertan egoteko salmahairen bat jarri behar delako, eta garai honetarako gazta ia guztiak salduta izaten ditugu», zioen Jesus Maria Ansola Mausitxako gaztagileak. Aurten gaztaren bat ekarri dute saltzeko, eta lehiaketan parte hartu. «Oso pozik gaude, eta balorazio ezin hobea egiten dut».
Txakolin lehiaketetan, berriz, txakolin zuriaren saria Etxano Jauregi larrabetzuarrak jaso zuen; gorria, Bakioko Zabala txakolina upeltegiak; eta beltza, Gurealegina urduñarrak. Ezti lehiaketan, Javier Larrinaga, Kortezubiko eztigileak txilar ezti saileko sari nagusia jaso zuen beste behin ere, eta ezti milaloreko saila Portugaleteko Ekaitz Aurre gaztearen eskuetan geratu zen.
Krisia, protagonista nagusia
Lehiaketen ondoren egindako enkantean, gazta irabazlea 6.200 euroan erosi zuen Morgako (Bizkaia) Katxi jatetxeak. Joan den urtean baino diru kopuru apalagoa izan zen —2010ean 7.700 euro ordaindu zen—, baina apaltasuna enkantera irtendako beste gazta erdi batean ere sumatu zen. Izan ere, hirugarren postuan geratu zen Arantza gaztandegiko gazta erdia saldu gabe geratu zen, 200 euroko hasiera prezioa inork ordaindu ez zuenean.
Gernika-Lumora inoiz baino jende gehiago bildu arren, jendeak ez zuen ohi bezala erosi. Hala sumatu zuen, bederen, Muskizko Rikardo Muries artzainak. «Jende gehiago bai, baina hori ez da salmentetan sumatzen, ez baikara apenas ezer saltzen ari», zioen. Horren errua krisiari edo kokapenari egotzi zion. Izan ere, azokako sarreran egokitu zitzaien salmenta postua, eta «eta jendeak ez du erosten azokan sartu ahala», zioen.
Imanol Uribarri Sierras Biguina enpresako saltzaileak ere ez zuen atzo asko saldu, baina «makinen inguruko kontsulta ugari izan ditugu, eta hori guretzat ona da, jendeak erosteko garaian asko pentsatzen baitu», zioen. Horregatik, atzoko jendetzaren alde positiboa egokitu zitzaion Uribarriri.
Alain Ondarzaren ortuari salmahaia ongi kokatuta zegoen, eta horregatik, edo zuen eskaintza zabalarengatik, «egun ona» izan zuen. «Jende gehiago izan dela sumatu dut, ongi saldu baitut gaurkoan», zioen.
Gehiago edo gutxiago saldu ote zen, hori izan zen atzo askoren ahotan zegoen aipamena. Baina edozeren gainetik, atzokoan giro ona zabaldu zen urriko azken astelehenean. Egunez, eta gauez.
Ezarian. Urriko azken asteleheneko azoka Gernikan
Jende gehiago, diru gutxiago
Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak lortu du sari nagusia, eta Morgako Katxi jatetxeak 6.200 euro ordaindu du gazta erdiagatik120.000 pertsona elkartu dira Gernika-Lumon, inoizko kopuru handiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu