Juan de Diego. Trakas jazz taldeko tronpetaria

«Jende gehiago ikusi nahi nuke kontzertuetan; bertako jendea, euskalduna»

Juan de Diego musikari bilbotarrak 'Erbestea' proiektuari ekin dio, jazz groove doinuan oinarrituta: «Trakas oso talde indartsua da, gogorra eta sutsua; melankolia pixka bat eta bizitasuna uztartzen ditu».

2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Juan de Diego euskal tronpetariak (Bilbo, 1968) proiektu berri bati ekin dio: Erbestea, Trakas taldea lagun duela. 2011n sortu zen taldea, eta kontzertu bat emango du gaur, 22:00etan, Bergarako espoloian. Bihar, Getxoko Algorta geltokiko plazan izango dira, 19:00etan, jazz jaialdiaren barruan.

Zergatik jarri diozue Erbestea izena albumari?

Duela bi urte, azaroaren 20an, kontzertu bat nuen. Egun historikoa hura, eta pentsatu nuen: «Zer edo zer esan behar dut». Baina, horren ordez, abesti bat egitea erabaki nuen. Orduan, amaz, aititaz eta amamaz oroitu nintzen, 37an erbesteratuak izan baitziren. Hortik otu zitzaidan ideia.

Freaky Trio eta De Diego trio taldeetako kide izan zara. Proiektu hau ezberdina al da?

Freaky Trion ez genuen tresna harmonikorik, eta De Diego Triorekin ere esaten zuten doinu abangoardistagoak eta konbentzionalagoak jorratzen genituela; ez dakit. Ez genuen pentsatzen zer jotzen genuen: ateratzen zena, nahi genuena. Hala ere, nik banda bat eduki nahi nuen, zerbait indartsuagoa, potenteagoa, gogorragoa. Groove doinua jo nahi nuen, erritmo sutsuagoak deskribatzaileekin uztartuz. Jendeak aldaketa edo iraultza moduan ikusi dezake azken proiektu hau, baina pentsatzen dut nire ibilbidea besterik ez dela.

Nola definituko zenuke diskoa? Zer musika estilo jorratzen duzue?

Aurrekoan, batek esaten zidan nostalgikoa zela; beste batek, pizgarria, dibertigarria, alaia. Biekin ados nago, biak uztartu baitaitezke; oso ongi, gainera.

Nola sortu zen taldea?

Hasieran, pentsatua nuen talde gogorrago edo sutsuago bat osatzea, joa zuen talde bat. Abel Boquera eta Caspar St. Charles hautatu nituen, jazz jotzaile apartak baitira, nahiz eta agian soul edo funk mundutik datozen. Erbestea, Fukushima, mon amour eta halako abestietan ez nekien nola moldatuko ziren, baina, egia esan, bikain aritu dira. Beste ikuspuntu bat eman diote taldeari; doinu deskribatzaileak ekarri dituzte, taldeari beste kutsu bat emanez. Taldeko gitarrista Jordi Matas da; beste taldeetan ere aritua naiz berarekin, edozertara moldatzen daki. Oso gustura aritu gara lanean, eta pozarren nago eskuratutako emaitzarekin.

Disko bat atera berri duzu. Eta orain, zer?

Lan asko egin dugu; orain, gozatzea tokatzen da. Kontzertuak jo, ahalik eta jende gehienarengana iritsi, gure musika hedatu, eta deskantsatu; hori tokatzen zaigu. Gainera, beste proiektuetan ere banabil lanean.

Nola ikusten duzu jazz mundua? Eskaerarik ba al dago?

Udan, jazzak beti eduki du indarra. Baina gauza bat da jazz musika, eta jendeak kontsumitzen duen jazza, beste bat. Jazzaldietan, figura erraldoien Ipar Amerikako jazza entzuten da. Baina jazza hori baino gehiago da: guk egiten duguna, esaterako, non urri eta eskas gabiltzan. Bilbon, Jazz On! taldeak ostegunero egiten ditu jazz audizioak haurrentzat, eta La Bilbaina Jazz Clubek kalitate handiko kontzertuak ere antolatzen ditu, jende potentearekin. Hezkuntza oso garrantzitsua da, txikitatik ohitzea jazz musika ez dela astuna, ezta aspergarria ere. Haurren etorkizunari begira, karrera amaitu ostean, ez dago antolakunderik. Jazzean ari direnek ez dute etorkizunik. Diru publikoari beste erabilera bat ematea ongi legoke. Jende gehiago ikusi nahi nuke kontzertuetan; hemengo jendea, euskalduna. Baina horretarako, baliabideak behar dira. Jazzak merezi du horrenbeste.

Gaur Bergaran, eta igandean Getxon, kontzertuak dituzu. Zer eskainiko diozu ikusleari?

Proiektu berri eta sutsu bat eskainiko diogu ikusleari; melankoliaz, batzuetan, eta alaitasunez eta bizitasunez beteta, besteetan. Laukote boteretsu bat gara, eta musika pertsonala egiteko gogo eta nahi handia dugu. Jendeak une gozo bat igarotzeko helburuarekin jotzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.