Alaitz Rekondo. Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria

«Jendeak eskertzen du saioa arinagoa izatea»

Plazetan aurkitu du topatzen ez zuen konfiantza Rekondok; bertsolari moduan lehenengo, gai-jartzaile moduan orain. Bertsolaritzak Nafarroan pisu gutxi izan arren bilakaera «positiboa» dela esan du.

SARA MUERZA.
Iruñea
2016ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Bertsoarekiko grina ikastolan piztu zitzaion Alaitz Rekondori (Lesaka, Nafarroa, 1980), orduan ezagutu baitzituen doinu, errima eta neurriekin sor zitezkeen jolasak. 2004an bat-bateko bertsoak alboratu, eta gai-jartzaile hasi zen lanean. 2010etik Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria ere bada.

Zergatik aukeratu zenuen bertsolaritza?

Bertsolari izan nintzela pentsatzeak grazia ematen dit. Bertsolaritza gustatzen zitzaigun taldetxo bat hasi ginen ikastolan. Hortik pausoa eman genuen, eta herrian zegoen bertso eskola batean sartu ginen. Hortxe sartu zitzaigun harra, eta oraindik bertsolaritzan jarraitzen dugu.

Zer behar da gai-jartzaile izateko?

Interesa eta gogoa behar dira. Ez da erraza, batez ere bakarkako saioetan dena zure ardura delako; txapelketan errazagoa da, taldean egiten duzulako. Irudimenarekin eta aukerak baliatuz, nolabaiteko rol bat ematen jakitea eta hortik gai bat sortzea da gai-jartzaile izatea. Aurkezle izan behar bazara, ausardi pixka bat eduki behar da jendearen aurrean jartzeko eta saioa gidatzeko. Hala ere, ikasten den zerbait da. Nik neure burua ziurrago ikusten dut; plazek ematen dute konfiantza hori.

Nola ikasten da gai-jartzaile izaten?

Urteek ematen dizute lasaitasuna eta konfiantza. Gainera, ondoan norbait baldin baduzu horretan aritu dena edo, aritu gabe ere, badakiena hori zer den, horrek pila bat laguntzen zaitu. Lehendabiziko aldietan jarraibideak ematen dizkizu, eta makulu bat da zuretzat; edozein duda duzula badakizu norengana jo. Eta, dudarik gabe, urteekin ikasten da.

Distantzia mantentzea zaila da? Gai-jartzaileen eta bertsolarien arteko harremanek nola eragiten dute bertso saioetan?

Bertsolaria eta haren bertso ibilbidea ezagutzen badituzu, badakizu zer-nolako gaiak jarri ahal dizkiozun. Ez dakit gaizki egiten ote dugun, baina, gehienetan, bertsolariak lantzen dituen gaien ingurukoak proposatzen ditugu. Saiatzen gara egiten ahal diren gauzak aurkezten, bertsolaria estutasunean ez jartzen eta hark gozatuko duen gai bat izaten.

Zer behar du gai batek ona izateko?

Heldulekua behar du garatu ahal izateko. Kantatzeko zer esana baldin badu, bertsolariaren abilezia sartzen da hor. Zukua atera ahal zaion gai bat izan behar du. Zuri ere ideia bakar bat ere etortzen ez bazaizu pentsatutako gaiaren inguruan, baliteke bertsolariari ere ez etortzea.

Debekatutako gairik al dago?

Kantatzen duzun herrira mugatzen da, herriko egoeretara. Baldin badakizu gai bat polemikoa dela herrian, ausartu zaitezke beste modu batean proposatzen. Hori bai, bertsolariari pasatzen diozu ardura. Bestela, ez nuke esanen gai taburik dagoenik.

Nola aukeratzen dituzu gaiak?

Azkeneko asteetan, ideiak apuntatzen ditut, eta azken egunetan gertatzen diren gauzak kontuan hartzen ditut. Oreka bat bilatzen duzu saioan: ez duzu dena seriotasun batekin jorratu nahi, baina ezta umoretik ere. Atenporalak diren gaiak aukeratzen ditut, jokoa ematen dutenak.

Sanferminetako bertso jaialdiak kalitate handiko bertsolariak ekartzen ditu urtero.

Zaintzen den saioa da, eta badu bere maila.

Sanferminetako bertso saioetan seriotasuna baztertu behar al da?

Jendeak eskertzen du sanferminetako saio bat arinagoa izatea, umoretik gertu egotea. Baina, gai serioak ere sartzen dira, eta Iruñean izanda, Alde Zaharrean, gaia bertara ekarri behar da; beraz, beti daude Nafarroari egokitako gaiak, festari dagokionak...

Nafarroan, zein da bertsolaritzak duen tokia? Beste eskualdeekin alde nabarmena dago?

Alderatzen baduzu, egonen da aldea. Baina hori baino garrantzitsuagoa da bertsolaritzak zer bilakaera izan duen. Gipuzkoarekin alderatuz, beti galtzen aterako gara; baina ikusten baduzu azken urteetako bilakaera, beste sentsazio batekin gelditzen zara.

2013ko irailetik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Bertsolaritza Irakaskuntzan programa finantzatzeari utzi zion. Gobernu berriarekin laguntzak berriro ematen hasi al da?

Zorionez, aldatu egin da egoera. Gobernu aldaketak ekarri du egoera hori aldatzea. Pauso txikiak ematen ari gara, baina harremanak berriz hasi dira. Egin beharreko bidea badago. Jada bidearen zati bat egin dugu, eta berriro ematen hasi dira laguntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.