Sakelako telefonoak jo dio. «Japoniako abesbatzen lehiaketa bateko epaimahaikidea naiz, eta hemen ari zaizkit mezuak bidali eta bidali. 87 obra epaitu behar izan ditut, eta 20.000 yen ordaindu dizkidate. Badakizu zenbat den hori? 150 euro! Lagunak direlako egiten dut», dio, irribarrez, Jabier Bustok (Hondarribia, Gipuzkoa, 1949). Abesbatzen zuzendari eta konpositore gisa ibilbide luzea du Bustok, nazioartean oihartzun handikoa. Lehengo astean Italian egon zen, Turinen, lehiaketa bateko epaimahaikide, eta hurrengo astean Poloniara doa, Krakoviara. Ez da geldirik egotekoa. Ofizioz medikua izan da, eta iaz erretiratu zen.
Haurra zinela hasi zinen abesbatza batean kantatzen. Nola oroitzen dituzu hastapen haiek?
Bai, 7 urte nituela herriko parrokiako abesbatzan sartu nintzen, eta Lekarozera [Nafarroa] joan nintzen ikastera handik urte batzuetara. Igandeko mezan abestu behar izan nuen behin, baina hotzeriarekin nengoen, eta ez nintzen iritsi nota altuetara. Apaizak jo egin ninduen, eta nik «kabroia» deitu nion. Hilabetez eduki ninduen entseatzen. «Ez dut gehiago abesbatza batean abestuko!», esan nion orduan neure buruari.
Eta rock talde batean jotzen hasi zinen.
Bai, hori da. 14 urterekin itzuli nintzen herrira, eta The Troubles sortu genuen. Hondarribiko lehendabiziko rock taldea izan zen gurea. Lau ginen: Txomin Artola zen abeslaria, Joxean Ortiz, Luitxo Sanchez, eta nik baxua jotzen nuen. Baxua tokatu zitzaidan inork ez zuelako baxua nahi! [barrez]. Bost watteko anplifikadoreekin jotzen genuen; pentsa ezazu nolako musika ateratzen zitzaigun! Kontzertu asko eman genituen, eta lehiaketak irabazi ere bai, publikoan lagun asko genituelako botoa guri emateko.
Nolakoa zen Txomin Artola garai hartan?
Oso aitzindaria zen. 1963an, bazekien ingelesez hitz egiten. Simon & Garfunkelen oso fanatikoa zen, eta The Beatlesen eta frantses abeslarien bertsioak egiten genituen. Martin markako gitarra bat erostera AEBetara joan zen behin, hiru egunerako. Etxean guraso aurrerakoiak zituelako egiten zituen halakoak. Nik larruzko jaka beltz bat eta Parisko merkatu txikian erositako bota batzuk neuzkan kontzertuetan janzten nituenak, eta Txominen etxean ezkutatzen nituen. Nire etxean ez zegoen hain giro liberalik.
Protesta kutsuko kantak egiten hasi zinen gero.
Bai. Galiziara joan nintzen farmazia ikastera, baina ez zitzaidan batere gustatu. Voces Ceibes musika kolektiboaren sorreran parte hartu nuen han. Hemengo Ez Dok Amairu bezalako mugimendu bat izan zen. Gitarra jo, eta protesta kutsuko kantak egiten genituen. Hippyen garaia zen.
Eta nola amaitu zenuen Valladoliden medikuntza ikasten?
Niri kimika gustatzen zitzaidan, eta nire arrebari laguntzera joan nintzen Valladolidera, medikuntzan izena eman behar zuelako. «Aizu, zergatik ez duzu nirekin batera medikuntza egiten? Horrela batera egongo gara!», bota zidan bidean, eta konbentzitu egin ninduen. Azkenean, nik amaitu nituen ikasketak, eta arrebak ez, bera ni baino askoz ere langileagoa zen arren. Hantxe hasi nintzen abesbatzan kantatzen, bi etxekideren bidez.
Ederki abesbatza izan zen lehendabizikoa, ezta?
Bai. Euskaldun asko geunden abesbatzan, eta Valladolideko jendea ere bai. Santa Ageda egunaren bezperan, makilekin ateratzen ginen kalera 250 lagun, poliziaz inguratuta. «Hor datoz euskaldunak!», esaten ziguten.Ateratzen genuen diru guztia umezurztegira bideratzen genuen. Horrekin batera unibertsitateko abesbatzan ere hasi nintzen.
Entsegu asko izango zenituen orduan.
Unibertsitateko abesbatzan egunero entseatzen genuen, 15:15etik 16:15era. Ederkin astean bitan geratzen ginen, eta astelehen, asteazken eta ostiraletan Vallisoletana abesbatzara joaten hasi ginen. Bi entsegu izaten nituen egunero.
Eta ikasi noiz egiten zenuen?
Ez nuen inoiz ikasten [barrez].
Unibertsitateko abesbatza zuzentzeko esan zizuten, gainera.
Nire etxekide bat ari zen abesbatza zuzentzen. Oso musikagile ona zen, baina taldearen aurrean oso urduri jartzen zen. Ez zegoen beste inor, eta konbentzitu egin ninduen.
Erwin List musikagileak lagundu zizun hastapenetan, ezta?
Bai. Abesbatzen zuzendarien ikastaro bat ematen zuen Erwin Listek, eta Valladolidera ekarri zuten behin ikastaroa. Abesbatzetako kideek dirua bildu zuten nik klaseak hartu ahal izateko. Erwin Listek asko erakutsi eta eragin zidan. Balio nuela esan zidan, eta Lleidan eta Frantzian izan nintzen geroago ikasten.
Abesbatzetarako musika konposatzen orduan hasi zinen. Baina beti esan izan duzu prestakuntza falta zitzaizula.
1974-75ean hasi nintzen, baina zentzurik gabeko gauzak ziren. Astakeriak egiten nituen, ez nekielako ezer. «Nahi duzue hau kantatu?», esaten nien nire ingurukoei, eta «oso txarra da» erantzuten zidaten hasieran. Baina denborarekin ikasi egiten da. 1980an idatzi nuen Ave Maria. Munduan ezagun egiteko balio izan dit obra horrek. Abesbatzetarako obretan gehien saldutakoa izan da gure herrialdean: 115.000 partitura edo gehiago saldu dira guztira. Saldu kanpoan gehiago saldu dut, hala ere, hemen oraindik fotokopiaren kultura daramagulako barnean.
Neska-laguna piano jotzailea izateak lagundu al zizun?
Maluchik [Vega] pianoko laugarren mailan utzi egin zuen, eta abesbatzan ezagutu nuen nik. Nire emaztea da egun. Zaletasun handia genuen, eta oraindik ere abesbatzan kantatzen jarraitzen du. Asmatzen ditudan konposizioak zuzentzen dizkit.
Musikagilea izan al daiteke batharmoniarik jakin gabe?
Badago beste aukera bat halako kasuetan. Nik abesbatzetarako musika egiten pasatu dut bizitza. Hainbeste partitura irakurri ditut, halako batean badakizu nola idatzi behar den. Intuizioz idazten dut erabat. Ez dut harmonikoki ongi dagoen edo ez pentsatzen. Harmoniaren legeak errespetatzen ez dituen arren polita bada, aurrera.
Sari asko eman zizkizuten 1980ko hamarkadan.
Tolosako abesbatza lehiaketako konposizio saria irabazi nuen hainbat aldiz 1980ko hamarkadan. Horietako batean, epaimahaikide batek hauxe esan zidan: «Ikusten da ez daukazula ideiarik, baina funtzionatzen du». Sendagile on batek bezala, marraz jositako partiturak egiten nituen garai hartan, eta jendeak esaten zuen: «Begira! Hauek Bustoren elektrokardiogramak dira!». Lehiaketak irabazteko egiten nuen, partitura normalekin ez bainuen ezer lortzen [barrez].
Bitxia da zure musika atzerrian lehenago ezagutu izana hemen baino. Japonian izan zenuen oihartzuna, batez ere.
Bai. Tolosako abesbatzen lehiaketan ezinbesteko obra gisa jarri zuten Ave Maria. Suediako abesbatza batek irabazi zuen lehiaketa, eta hango editorial batek publikatu zuen, Germansek, Suedian. Oso editorial garrantzitsua da. Finlandiako zuzendari batengana Japoniako musikagile bat joan zen ikastera, eta harengana iritsi zen nire obra. Postal bat jaso nuen Japoniatik, ezezagun batek idatzia. «Busto. Ni arduratuko naiz zure musika Japonian ezagun egin dadin», jartzen zuen. Handik aurrera dena ziztu bizian gertatu zen. Japonia, Alemania, Eskandinaviako herrialdeak... Deitu egiten zidaten obrak idazteko. Eta, ondoren, AEBak. Nire partitura asko berriro editatu zituen Lampton editorialak han. Taiwanen, Indonesian eta Singapurren ere zabalpen handia dute.
Zein musikagilek eragin dizute?
Hiru izan dira nagusiki: iruditzen zait gaindiezinak direla Aita Donostiak musika folklorikoan egin dituen moldaketa guztiak; erritmikoki, Tomas Garbizu da izugarria; eta frantses estiloko musikan, Javier Bello Portu da maisua. Begiak ireki zitzaizkidan haien musikarekin. Nik musika erlijioso asko egin dut, eta, horren barruan, zortziko eta ezpata dantza ugari daude.
Eta nola egiten zenuen sorkuntza eta medikuntza uztartzeko?
Lehendabizi, bederatzi urte Irunen egon nintzen lanean larrialdietan, eta, ziurrenik, urte horietan egin nituen enkargu gehienak, hiru egunetik behin lan egiten nuelako eta denbora gehiago nuelako. Gero, Lezon familiako mediku gisa egon nintzen, eta 1989tik 2000 arte ere asko idatzi nuen. Denbora nuen guztietan.
Sendagile izateak lagundu al dizu abesbatzak zuzentzeko eta alderantziz?
Argi dago. Ni ez nintzen jaio abesbatza zuzendari, baina hala amaitu dut. Nik uste dut musikaria bai jaiotzen dela. Etxean ere giroa genuen. Nire aitak klarinetea jotzen zuen, eta lehengusuak ere Hondarribiko bandakoak ziren. Giro horrek eragin zidan haurtzarotik. Zortzi urterekin banda ikustera joan eta atsedenaldietan ni jartzen nintzen bakar-bakarrik zuzentzen. Zentzu batean, musikarekiko sentimendu hori barnean daramazu, eta gero garatu egiten duzu.
Badago Busto estilo bat, gaur egun.
Jendeak nik egindako zerbait entzun eta «hau Bustorena da» esatea izugarria da niretzat. Ohore handi bat da. Musika orain dela milioika urte asmatua da. Norbere estiloa bilatzeko, gauza bakarra egin behar da: noten ordena aldatu. Idazketa modu bat sortu dut; agian, akademikotik gutxi du, baina jendeari gustatzen zaio. Eta hori da garrantzitsuena, emozionalki jendeari iristea. Jendearentzat idatzi nahi izan dut; zuzendariari, abeslariei eta entzuleei iristen zaien musika egin dut, obrak kantatu eta gozatzeko. Etorkizunera begira sortzen duten musikagileak ez ditut ulertzen, «hemendik ehun urtera ulertuko dute nire musika, hilda nagoenean» esaten dutenak.
Zein abesbatza zuzentzen duzu gaur egun?
Emakumezkoen Kanta Kantamus zuzentzen ibili nintzen 2007ra arte, eta, gaur egun, Aqua Laudaren zuzendaria naiz. Ekainaren 23an dugu hurrengo kontzertua, Lasarten [Gipuzkoa].
Zer-nolako bilakaera izan dute azken hamarkadetan abesbatzek Euskal Herrian?
Asko europartu da soinua. Gure abesteko modua moldatuz joan gara. Euskaldunek ez dugu estilo jakinik, baina gure musika egiten onenak gara. Zortziko bat euskaldun batzuek kantatu edo beste batzuek kantatu, aldea dago. Gaur egun, hala ere, egoera ahulduta dagoela esango nuke. Azken 25 urteotan beheraldian goaz. Abesbatza txikiak kontuan hartuta, lehiaketara joan daitezkeen kalitatezko taldeak badaude, baina ez dira asko.
Erakundeek laguntzen al dute?
Penagarria da egoera. Nonbaitetik kendu behar bada, beti kulturatik kentzen dute. Hor dute armagintza. Gure herrialdeak izugarrizko tradizioa izan du abesbatzetan, eta orain orkestrei lehentasuna ematen zaie. Egia da abesbatzen federazioari diru kopuru bat ematen diola Eusko Jaurlaritzak, baina errealitatean abesbatzak ezin dira mugitu, udalek ez dutelako laguntzen. Ni nire kasuarekin ez naiz kexatzen, baina oro har...
Sarien zerrenda luzea duzu.Zure bi abesti Spotless Rose diskoan daude, eta lan horrek Grammy bat irabazi zuen 2008an. EHU-Donostiako Orfeoiaren irabazlea eta Asturiasko Printzesaren sarirako hautagai izan zara aurten. Zure biografiarekin liburu bat ere kaleratu dute.
Phoenix AEBetako abesbatza batek egindako disko bat da, eta nire Ave, Maris Stella eta Ave, Maria sartu zituzten. Maila horretako musikagileekin diskoa partekatzea ohore bat izan zen. Asturiasko Printzesaren kasuan, Coppolari eman diote saria, eta haren aurka lehiatzea ezinezkoa da, baina ilusio handia egin zidan. Iazko azaroan hemengo lagunek ere omenaldi bat egin zidaten. Etxean maitatua sentitzea luxu bat da, eta ni maitatua sentitzen naiz. Izugarria da nire arrakastarekin jendea poztea hainbeste urteren ondoren.
Javier Busto. Abesbatzetako konpositorea
«Jendearentzat idatzi nahi izan dut musika»
Japonian lortu zuen arrakasta lehendabizi, eta gerora egin zen ezagun etxean. Erreferentzia da musika koralean. Ofizioz sendagilea izan da, eta Aqua Lauda abesbatza zuzentzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu