Sanferminak Iruñean. Marcela Abarzuza. Liburu saltzailea

«Jendeari entzierroa entzun dezan gomendatzen diot, ikaragarria da»

Entzierroaren ibilbidean dago Abarzuza liburu denda. Urtero, sanferminak sakonetik bizi ditu Marcela Abarzuza jabeak, entzierroko korrikalarien babesleku bilakatzen baita haren saltokia.

JOSEBA OIZ.
Iruñea
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Barru-barrutik bizi ditu sanferminak Marcela Abarzuza liburu saltzaileak (Iruñea, 1959). Hemezortzi urte daramatza Santo Domingoko aldapan duen dendatik entzierroa ikusi eta sentitzen. Hamaika ezusteko eta beldur pasatu arren, harendako, ez dago beste ezer hoberik.

Abarzuza liburu denda izan zen, Iruñean, euskarazko liburuak saltzen zituen lehendabizikoetarikoa.

Bai, hala da. Nire amak eta aitak Kale Berrian izan zuten dendara ekarri zituzten lehendabiziko euskarazko liburuak. Amak ekartzen zituen liburuak; hark ongi ezagutzen baitzuen euskarazko liburugintza. Garai hartan, oso liburu gutxi argitaratzen ziren euskaraz.

Nola doaz aurtengo sanferminak? Krisia nabari al da?

Aurten, nik uste, jende gutxiago etorri da. Iaz ere jaitsiera nabaritu zen. Hala ere, krisia toki guztietan nabaritzen da. Liburu denda oroigarriengatik irekitzen dugu, batez ere. Liburu gutxi erosten da. Egunkariak ere, baditugu. Egunero sanferminetan, goizeko bostetan jartzen gara egunkariak kalean saltzen.

Entzierroa modu berezian bizi duzue. Nola?

Egunero, korrikalari batzuk dendara etortzen zaizkigu beren sakelako telefonoak, diru zorroak, giltzak, betaurrekoak, eta abar uztera. Entzierroa oso berezia da guretzat. Hemezortzi urte hauetan, Santo Domingoko aldapako korrikalariak gure lagunak bihurtu dira. Egun, gauzak gordetzeko kutxatxoak jarri ditugu korrikalari bakoitzarentzat. Korrikalari guztiak, noski, ezagunak dira, eta bakoitzak bere kutxatxoa dauka gauzak uzteko. Oso giro berezia sortzen da, lagunartekoa.

Inoiz sustoren bat eduki duzue zezenen batekin?

Ez. Oholak jartzen ditugu, denda kanpotik babesteko. Entzierroa ez da ikusten, baina bai aditu. Jendeari, entzierroa entzun dezan gomendatzen diot; ikaragarria da. Minutu batean, hotsak bakarrik adituz, burutik denetatik pasatzen zaizu. Zezenen urratsak eta jendearen oihu zein arnasa entzuteak ikara ematen du.

Hainbertze urte igaro eta gero, ahaztezina izango den momenturik izanen duzu...

Momentu onak, asko. Unerik hoberenak entzierroan bizi ditugun momentutxoak dira. Jendea dendara etortzen denean eta aipatu dudan giro berezi hori sortzen denean, hain zuzen. Entzierroa pasata, pertsiana goratzen dugunean ere, une berezia izaten da. Sortzen den giro hori ez nuke ezergatik aldatuko. Orduan jakiten dugu jendea ongi dagoen edota, adarkadarik egon den. Momentu txarren bat ere gogoratzen dut. Duela hiru urte, australiar batek patinekin korritu nahi izan zuen entzierroa. Susto galanta izan zen, baina azkenean, atzerritarra dendan sartzea lortu genuen. Ondoren, barkamena eskatu zigun.

Zezenketak desagertuko balira, nola egingo zenukete aurrera?

Aitortzen dut zezenketak ez zaizkidala gustatzen. Baina entzierroa, barnean daramadan gauza bat da. Debekatzeak pena asko emango lidake, ez dakit nola egingo geniokeen aurre. Dena den, oso barneratua dagoen tradizioa da, ez dut uste laster gauzak gehiegi aldatuko direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.