Batera eta ziztu bizian. Jose Escolar ganadutegiko zezenek entzierro azkarrak eta garbiak egin ohi dituztela esaten da, eta halakoxea izan da 2025eko sanferminetako seigarrena ere. Bi minutu eta 44 segundo iraun du lasterketak, baina ibilbidea are azkarrago egin dute. Zezen plazara iritsita, buelta eman du zezenetako batek, eta tentsio momentu batzuk izan dira hondarrean. Horrek luzarazi du entzierroaren iraupena.
Gainerakoan, abiadura oso azkarra ezarri dute Avilako (Espainia) ganadutegiko zezenek hasieratik, eta, une askotan, korrikalariek ezin izan diote erritmoari eutsi. Eroriko ugari izan dira ibilbide osoan. Hain zuzen, arrisku handieneko uneak jendetzaren ondorioz gertatu dira, eta ez zezenen portaeragatik. Zenbaitetan, ezin korrika eginda ibili dira lasterkari asko, elkarri traba eginez, eta pilaketa txikiak gertatu dira Estafetako lehen zatian eta zezen plazako pasabidean.
Entzierroaren hasiera bi minutu atzeratu da, balkoi bateko igeltsu pusketa handi bat erori delako San Domingo kalera. Ezusteko horren ostean, baina, azkar atera dira errauts koloreko zezenak eskortatik. Aise egin dute aldapan gora, joaldunek baino are bizkorrago. Lasterketaren lehen zati horretan, elkarrekin ibili da saldoa, haien artean tarterik utzi gabe, eta horrek zaildu egin du korrikalariak animalien aurrean jartzea. Zezenek elkarrekin zeharkatu dituzte Udaletxe plaza, Mercaderes kalea eta Estafetako lehen zatia.
Pilaketak eta erorikoak
Estafeta kalean, hain zuzen, luzatu egin da zezen saldoa: animaliak sakabanatu egin dira, eta lasterkariek abagune gehiago izan dituzte entzierroa gozatzeko, baina asko eta asko lurrera erori dira, abiada biziaren eta jendetzaren ondorioz. Telefonicako bihurgunera iritsi aurreko metroetan, bitan banatu da entzierroa: bi zezen jarri dira aurrealdean, eta haiengandik zenbait metrora iritsi dira gainerakoak.
Azken istantetan izan da tentsiorik handiena: zezen plazako pasabidean erori egin dira zenbait korrikalari, eta jendea pilatzen hasi da haien gainean. Plazara sartuta, bestalde, zezenetako batek buelta eman du, eta hura ukuilura bideratu ezinik aritu dira unaiak.
Gurutze Gorriak emaniko datuen arabera, lau lagun ospitaleratu dituzte ibilbide osoan, denak ala denak kolpeengatik. Bat Udaletxe plazan, beste bat Estafetan, hirugarrena Telefonicako bihurgunean, eta, azkenekoa, Zezen plazan. Azken hori plazako erizaindegian bertan artatuko dute, eta gainerakoak Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman dituzte.