SAN TOMAS EGUNA

Jendez eta postuz bete dira Donostia eta Bilbo, santomasetan

Baserriko produktuak eta jai giroa da nagusi goizetik;

San Tomas azoka Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Izaro Zinkunegi Barandiaran - Zihara Jainaga Larrinaga
2018ko abenduaren 21a
15:26
Entzun

Donostiako Konstituzio plaza koloretsu dago eguna argitu duenetik: askotariko postuak daude plazaren lau ertzetan; 50 salmahaitik gora daude, janariz eta edariz beteta gehientsuenak. Eta, nola ez, talo eta txistorra usainak hartu du plaza, baserritarrez jantzitako bisitariekin batera. Han dago Gilda txerria ere, lasto artean etzanda. Leitzako (Nafarroa) Arro baserrikoa da 340 kiloko aberea; ikusmin handia sortu du jendearengan, bereziki umeengan.

Konstituzio plazan ez ezik, hiriko beste hainbat txokotan ere bada zer ikusia: Sarriegi plazan, Gipuzkoa plazan, Okendo plazan eta beste. Bulebarrean, esaterako. Baserritar jantzien lehiaketa egin dute, 11:30ean hasita. Haur, heldu eta familiek hartu dute parte; abarkekin batzuk, alpargatekin besteak, zapia lepoan edo buruan dutela zenbait... baserritarrez janzteko hamaika modu daudela erakutsi dute kioskoan.

Trikiti eta dultzaina doinuek girotu dute Donostiako Alde Zaharra. Pilota hotsak ere entzun dituzte Trinitate plazara bildutakoek: Mendizabal eta Olazabal aritu dira gorriz, Espinar eta Amantegiren aurka. Iratxe Ibarra eta Amaia Agirre izan dituzte botilero, bertsotan aholkuak emanez. Pilotakadei aizkora kolpeek hartu diete lekukoa, III. Urrezko Kopa jokatzen ari baitira, 13:30ean hasita. Goizetik hasi da jendea santomasak ospatzen, baina eguerditik aurrera ere izango da zertaz gozatua.

Gabonen bezperako zita

Gelditu gabe aurrera egin ahal izatea ez da lan xamurra gaur Bilbon; San Tomas eguneko azokak milaka bisitari bildu ditu bertan. Bizkaibus eta Bilbobuseko langileak gaur 24 orduko lanuzteak deitu badituzte ere, ekoizleen arabera jendeak erantzun “ezinhobea” eman du beste behin. Salbuespenak salbuespen, salmentak ere martxa onean joan direla adierazi dute: “Bezero finkoek ez dute inoiz hutsik egiten”

Guztira 275 postu jarri dituzte Bilbon eta hiru eremutara zabaldu da giroa: Areatza, Plaza Barria eta Arriagara. hain zuzen. Postuez haratago, egitarau zabala prestatu dute Bilboko Konpartsek, eguerdiko bertso saioak adibidez, ikusmina sortu du Areatzan: Bilboko bertsolari gazteak izan dira protagonista. Plaza Barrian bestalde, euskal dantzak izan dira nagusi. Bozgorailuetatik musika ozen zela, jende andana batu da, horietako asko, baserritarrez jantzita.

Erosleek bidea ireki diete arratsaldean eguna beste modu batean gozatzera datozen gazteei. Bitartean, talogileek etenik gabe jarraituko dute lanean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.