Jendez lepo itzuli da euskal jaia

Ohiko itxura hartu du euskal jaiak Zarautzen, bi urteren ostean, eta Gipuzkoan jaieguna izaki, jendez bete da. Erromeria egin dute Musika plazan eta Lege Zaharren Enparantzan. Munoan, berriz, Alproja taldeak Zarauzko trenbidean egindako bigarren erreia kritikatu du, '2x2' antzezlan umoretsuan.

1. Antzerkia. 2x2 antzezlana egin du Alproja taldeak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Zarautz
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Amantalez, gonaz, arrantzaleen zapiz, txapelez eta gerrikoz beteak daude Zarauzko (Gipuzkoa) kaleak, goizetik; baserritar jantzia ez eramatea da arraroa. Izan ere, bi urteren ondoren, ohiko eran ospatu ahal izan zuten atzo euskal jaia. Gipuzkoan jaieguna izaki, jendez bete ziren kaleak goizetik.

Dianaren eta Goiztarrak taldearen irteeraren ondoren, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo joaldunak aritu dira kalez kale jotzen, eta eguerdia iristerako, jai giroan murgilduta daude herritarrak.

Eguerdian hasi da erromeria, Musika plazan. Kioskoaren inguruan ari dira hainbat herritar gorputzak astintzen, besoak jasota; helduak dira gehienak. Txistulariekin dantzatu dira lehenik, eta trikitilariekin ondoren. Hala egin dute Lege Zaharren Enparantzako erromerian bildutakoek ere.

Munoa plazan bildu dira eguerdian herritarrak: Alproja taldekoak 2x2 antzezlana egitekoak dira bertan. Oholtza bana jarri dute plazako alde bakoitzean: bata antzezlana egiteko prestatuta dago, eta bestea, berriz, antzezlanaren ondoren Trikitreens taldearen kontzerturako. Bi agertokien artean jarritako aulkiak jendez bete dira antzerkia hasterako, eta inguruan zutik daude dozenaka heldu eta gazte, antzerkia ikusteko prest.

Nafarroa Kaletik bidea egin ondoren heldu dira antzerkiko parte hartzaileak Munoa plazara. Aulkien artean utzitako korridoretik egin dute oholtzarainoko bidea: galtzagorriak, udaltzainak, ertzainak... prest daude emanaldiari hasiera emateko.

45 herritarrek parte hartu dute aurten antzerkian, eta haiena daagertokia. Galtzagorriek txantxa giroan, ironiaz blai, antzerkiaren gaia zein den asmatzeko jolas egin dute: Ukrainako gerra, Putin, ziztadak, Zarautzen turistifikazioa eta etxebizitzen salmentak aipatu dituzte, herritarren haserrea erakusteko, eta misterioari eutsi nahi izan diote une batez.

Trenbideari kritika

Aurten, herritarren kezka bati heldu diote Alproja taldekoek: «Herria erdibitzen digun trenbidea izango dugu hizpide», azaldu du hasi aurretik galtzagorrien buruak. Izan ere, Zarauzko trenbidean, zentzu bakarrean pasa zitekeen trena aurten arte, Orio eta Zumaian (Gipuzkoa) gertatzen den bezala. Baina udalak, bi noranzkotan ibil zedin, Zarauzko zati osoan bigarren errei bat eraikitzeko lanak hasi zituen. Erreia beharrezkoa ez dela salatzeaz gain, lanen berri herritarrek berandu izan zutela salatu dute antzezlanean, Joxemiel izeneko mutil baten istorioaren bidez.

Zarauzko mutil gazte bat da Joxemiel, eta parrandatik bueltan, zulo batean erorita deskubritu ditu udalaren ezkutuko lanak; udalak bahituta izan du hiru egunez, eta haren lagunek protestak hasi dituzte, bila dezatela eskatzeko: «Non dago Joxemiel? Erantzunak nahi ditugu!», esanez egin dute manifestazioa.

Joxemielen gorabeherak amaitu ondoren, festa giroak jarraitu du Zarauzko kaleetan. Trikiteens taldearen kontzertuaz gain, Jose Luis Lasa eskultorearen karrozaren alboan jarraitu du erromeriak, Lege Zaharren Enparantzan: balea bat irudikatu du eskultoreak, eta sareak jarri ditu inguruan, Zarauzko balea arrantzaleei omenaldia egiteko, eta euskal jaian karrozak egiteko ohitura berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.