Ezarian. Iturengo eta Zubietako inauteriak

Joareen hotsa, mela-mela

Zubietako eta Aurtizko joaldunek bisita egin diete iturendarrei, eta gaur alderantziz eginen dute: Zubietan elkartuko dira denakEuria gogotik bota du egun osoan, baina inauteriak beti bezala ospatu dituzte

Zubietako eta Aurtizko joaldunek bisita egin zieten Iturengoei, eta herrian denak elkartu ziren joareak elkarrekin jotzeko. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Ituren
2014ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tradizioaren oihartzuna zabaldu zen atzo Zubietatik Iturenera (Nafarroa). Ezin jakin noiz astindu zituzten joareak lehenbizikoz, baina oihartzuna oraino aditu liteke, urtetik urtera joaldunek zaharberritzen duten usadioari esker. Ez dago hots hura isiltzerik; espirituak uxatzeko zein bestelako helburuetarako bada ere, usaiaren doinua urtero aditu liteke. Tradizioa bizi-bizirik da. Atzo botatako euri zaparradak ere ezin izan zuen zalaparta isildu. Urtero bezala, besta atera zen garaile.

Urtarrileko hondarreko astelehena eta asteartea dira Iturengo eta Zubietako inauterietako egunik berezienak. Lehenbizikoan, Zubietako eta Iturengo Aurtitz auzoko joaldunek Ituren bisitatzen dute, eta, hurrengo egunean, alderantziz egiten dute. Dena den, inauteria lehenago hasten da. Zubietan eta Iturenen joan den larunbatean abiatu ziren, eta asteazkenean bukatuko dira; Aurtitzen, berriz, ostegunean ekin zioten bestari, eta larunbatean ere inauteriak ospatuko dituzte.

Atzo egun berezia zuten, beraz, Malerreka inguruan: elkartzeko eguna. Oihana Elizalde aurtiztarrak azaldu zuenez, inauteria hori da, «elkarketa handi bat». «Herriari izugarrizko bizipoza ematen dio. Herri ttipi bat juntatzea da, familia ttipi bat baikara; 150 [bizilagun] gutxi da, baina, gainera, inauteriek gehiago elkartzen gaituzte». Atzo mozorroa jantzi zuen; joare astunak eraman baino nahiago zuen. Helburua ingurukoek ez ezagutzea zen. «Mozorroturik zaudenean, ez dakizu zure ondoko mozorroa nongoa den; orduan, denok bat gara, eta hiru herrietan inauteria bera da», azaldu zuen.

Urko Loiarte zubietarrak ere nahiago zuen kuadrillarekin batera mozorroa jantzi; gazteek aurpegia ezkutatzea gogoko dutenaren seinale. Goizean, bi gazte, joareak jantzita, puska biltzen ibili ziren herrian barrena, eta, lortutakoarekin, gosari ederra egin zuten herriko ostatuan. Loiartek zioen indarrak biltzea beharrezkoa zela egunari aurre egiteko. Ostatuan zen Pedro Santesteban ere. Hura joalduna da; txikitatik atera da joareak jotzera, eta emozio handiz ospatzen ditu inauteriak. «Oso berezia da guretzat; inauterietako egunak eta errege bezpera dira joareen eguna. Beste egunetan ere ateratzen gara edo kanpora goaz, baina ez da berdina», azaldu du.

Mozorro eztanda

Hamabiak aldera hasi ziren janzten Iturengo joaldunak. Han larruak paratzeko laguntzaileak daude, eta banaka janzten dituzte, udaletxeko sabaian. Ongi gosaldu ondoren, puska biltzera atera ziren, euri zaparradari kasu handirik egin gabe. Musikariekin batera, segituan ahantzi zuten eguraldi txarra, nahiz eta larruek beste batzuetan baino gehiago pisatuko zuten.

Eguerdian, Latsaga auzoan zain ziren Iturengo joaldunak, indioak eta bestelako mozorroak. Euriari jota, porrusalda eta zortzikoa dantzatzen aurre egin zioten. 14:45ean, Zubieta eta Aurtizko joareen hotsak ailegatu ziren Iturenera. Zubizburu zubia igaro, eta herriko plazara abiatu ziren,aterkien babesean haiei begira ziren bisitariekin batera.

Hirurak inguruan lehertu zen besta. Mozorroak ziren nonahi, eta, joare hotsekin batera, suzirien burrunbak eta motozerra soinuek lagunduta, akelarrea irudikatu zuten Iturengo plazan. Kaletar anitzen begiradapean, noiz edo noiz sustoren bat emanez, pertsona anonimoek hartu zuten plaza. Mozorroen iraultza zen. Hartzak, atsoak, haurraz erditu zen emakume bat eta buruko zapiaz gainera galtzontzilloak soilik zeramatzaten gazteak agertu ziren basakeriaren antzerkian.

Gurdiak ere baziren; tortura zentroa, batean, eta AEBei begira, beste bi. Batetik, Barack eta Michelle Obamaren bisita izan zuten iturendarrek, eta Mariano Rajoyren astoa haien gurdiari tiraka zebilen. Bestetik, aurtiztar gadafitarrak gatibu zituen Guantanamo irudikatzen zuen gurdiak. Eta, noski, joaldunak: 28 bikote orotara, joareen oihartzuna lau haizeetara zabalduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.