Joko birtual onenaren bila

Larunbatean bukatuko da HoPlay bideo jokoen jaialdia, eta gaur hasiko dira epaimahaiari lanak aurkezten. Bost sortzaile euskal bideo joko onenaren saria lortzeko lehiatuko dira

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Askorentzat paradisu bihurtu da azken asteetan Bilboko Alondegia. Bideo jokoak dituzte zaletasun, eta orduak igarotzen dituzte HoPlay '10 bideo jokoen nazioarteko jaialdian. Goizetik gauera dago irekita erakusketa. Gaur egun modan dauden kontsolak eta jokoak bildu dituzte, areto handi batean eta ondoko txikiagoetan. Orotara 42 dira, eta horien guztien artean sei aukeratuko dituzte. Bakoitzak 6.000 euroko saria jasoko du. Larunbatean jakinaraziko dute aukeratuen zerrenda. Gaur hasita, sortzaileak euren lanak aurkezten izango dira Bilbon; politikariak hauteskunde kanpainan bezala, boto eskean ibili dira.

«Akaso horretan egiten du huts. Bideo jokoen jaialdia denez, eta lehiaketa ere egongo denez, berrikuntzaz beteta aurkitzea espero nuen», dio Asier Vazquezek. Beste bi lagunekin etorri da, bazkalorduko tartea igarotzera. «Jende gutxien etortzen den ordua da. Kontsola gehienak libre daude, eta nahi dugunetan ibil gaitezke», dio. Arratsaldez jende dezente dabilela diote, eta asteburuetan are gehiago. «Orain zaintzailea ere boloetara jolasten dabil Wiiarekin!», egin du barre. «Kontsolak etxera eramateko moduan gaude», dio lagunak ondotik. Dagoeneko pare bat alditan etorri direla aitortu dute: «Ez da garestia. 3 euro kobratu digute sarrera, eta ez dugu denbora mugarik. Nahi beste ordu eman ditzakegu hemen, aspertu arte».

Epaimahaia eta bisitariak

Sarreran erakusketa bat dago; azken hamarkadetako bideo joko entzutetsuen azalak bildu dituzte bertan. Inor gutxik egiten dio kasu. HoPlayko teknikariek diotenez, jendea ohartu ere ez da egiten hor dagoenik. EHUko Arte Ederretako Fakultateak antolatutako kontsola tuneatuen lehiaketara aurkeztutako lanek ere bisitari gutxiren arreta jaso dute. «Nik lehen hirurak ikusi nituen lehengoan. Bai, dotoreak dira, baina besterik gabe», dio Vazquezen lagunetako batek.

Irailaren 9an ireki zuten bideo jokoen behin-behineko aterpe areto handi hau. Ordutik dago 42 bideo jokoak probatzeko aukera. Arestian aipatu bezala, sei sari izango dira, kategoria bakoitzeko bana: ideia original onena, sorkuntza diseinu onena, soinu eta musika onena, jolasteko aukera onena eta euskal bideo joko onena. Antolatzaileek Delirium Studios, Ideateca, Elhuyar Fundazioa, Gestionet Multimedia eta Pixel Tossers Studio euskal sortzaileen lanak aukeratu dituzte azken sari horren hautagaitzarako.

Bada beste sari berezi bat ere, egun hauetan guztietan HoPlaytik igaro diren herritarrek emango dutena. Probatu ondoren, gustukoena zein duten ezagutzera emateko aukera dute. «Nik kantatzeko honekin pasatu dut ondoen. Barre dezente egin dugu anaiak eta biok», dio Txomin Ugartek. Beste abesti batzuk nahiago dituzte, halere: «Patxangeroegiak dira».

Lehiaketak irauten duen hiru egunetan, gainera, tailerrak eta hitzaldiak ere izango dira. Gaur, kasurako, Carlos Gonzalezek modu osasungarrian jolasten irakatsiko du, 18:00etan hasita. Larunbatean, berriz, 19:00etan hasiko da jaialdiaren bukaera festa eta sari banaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.