Jokoan oinarritu dute jolasa

Kirol klub askotan, ohikoa izaten da loteria saltzea, dirua lortzeko. Sarri, jokalariek eurek saltzen dituzte txartelak, baita adingabeek ere. Adituen ustez, praktika arriskutsua izan daiteke, jokoa «normalizatu» baitezakete.

(ID_17017848520125) (/EZEZAGUNA) kiroloteria
Kirol motxila bat, loteria dezimoekin. BERRIA
amaia igartua aristondo
2023ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Gabonetara begira egiten diren gastuen artean, ohikoa izaten da loterian inbertitzea: izan bidaia batean oroigarriak balira bezala erositako hainbat dezimo, senideen artean banatzeko; izan hiriko administrazio batean hartutako txartel sorta, gurasoei oparitzeko... Edo, agian, lagun baten alabari ere erositako lauzpabost partizipazio merke, haren saskibaloi taldeari laguntzeko. Loteria bada tradizioa; baina bada, era berean, dirua lortzeko modu azkar bat, kirol eta aisialdi talde askorentzat, bederen. Partizipazio multzoak banatzen dituzte jokalarien artean, haiek sal ditzaten, eta txartel bakoitzaren prezioaren zati bat bereganatzen du klubak. Alabaina, kirolarietako batzuk adingabeak dira, eta horiek ere saldu behar izaten dute klubaren loteria.

Loterian aritzea normalizatuta dago, Aidee Baranda Jokoaren Euskal Behatokiko eta EHUko ikerlariaren arabera. «Hain dago lotuta tradizioari, solidaritateari, laguntza sentimenduari... ezen, askotan, ez baita ausazko jokotzat ere hartzen». Behatokiak egindako inkestetan, agerikoa da jarrera hori: parte hartzaileei galdetzen dietenean zertan jokatzen duten, aipatzen dituzte kirol apustuak edo kasinoko makinak, besteak beste, baina nekez loteria. «Joko zuria dela uste dute: ez diote ikusten besteei bezalako arriskua».

Desberdina da irudikapena, eta, hortaz, bestelakoa da, orobat, arrisku pertzepzioa, Idoia Axpe Asajer Errehabilitazioan Diren Arabako Jokalarien elkarteko psikologoaren arabera. Azaldu duenez, uste izan ohi da bi motatako ausazko jokoak daudela: batetik, pribatuak —hala nola bingoak, kasinoak, apustuak...—; eta, bestetik, joko publikoa —loteriak, kasurako—. «Jendeak beti pentsatu izan du arazo gehien sortzen zituzten jokoak pribatuak zirela, eta publikoetara inor ez zela lotzen. Baina hori ez da horrela».

«Loteria hain dago lotuta tradizioari, solidaritateari, laguntza sentimenduari... ezen, askotan, ez baita ausazko jokotzat ere hartzen».

AIDEE BARANDA Jokoaren Euskal Behatokiko eta EHUko ikerlaria

Testuinguruak laguntzen du loteriaren normalizazioa ulertzen, Barandaren esanetan. «Giroa garrantzitsua da: familia, lagunartea, lan ingurua... Nahiz eta alde indibidual bat ere baduen, loteria joko oso partekatua da». Izan ere, sari handiak gorabehera, aberastea ez da izaten helburu behinena, ikerlariak xehatu duenez: beste jokoen inguruan galdetzean, dirua eta dibertsioa izaten dira jokalarien motibazio nagusiak, baina, loteriari dagokionez, usadioak indar handia du. «Tradizioarekin jarraitzeko egiten da, etxean beti jolastu izan delako zenbaki beraren alde... Pertenentzia eta batasun ezaugarri bat ere bada». Solidaritatea ere izan daiteke akuilu, askotan: klubari laguntzeko erosten baitute loteria. «Baina ikuspegi sozialago horrek ez ditu adikzioak galarazi», adierazi du Axpek. «Adibidez, jende batek kontrol arazoak ditu ONCEren zozketekin [Espainiako Itsuen Erakundea]».

Eta dirua ez da kontu hutsala, Axperen iritziz: sos batzuk lortzeko hasten dira jokatzen asko, eta pizgarri txikienek ere hauspoa ematen diete, psikologoaren hitzetan. Klubetako adingabeen kasu zehatzean, loteria saldu egiten dute, ez erosi, baina kontaktu horrek ere kalte egin diezaieke, psikologoaren aburuz. «Jokora bultza ditzake ez billeteak erosiko dituztelako, baizik eta jabetuko direlako jokatuz dirua lor dezaketela».

Loteria, sarbidea

Barandaren hitzei erreparatuta, baina, diskretua da loteriak jokozaletasunean duen eragina. «Orokorrean, ez da arazoen sorburu izaten. Ludopaten artean, loteria da gutxien jokatzen den jokoa». Batetik, garai jakin bati lotuta dagoelako, edo zozketa jakin batzuei. Beraz, gastu puntualtzat jotzen da, eta, ez duenez jarraitutasunik izango urtean zehar, ez da jotzen kezkagarritzat. «Esaten badizute, adibidez, 500 euro xahutu dituztela loterian, normaltzat hartzen da. Baina esaten badizute kopuru bera xahutu dutela kasinoan, adibidez, ez da berdin hartzen», kontatu du ikerlariak.

Bestetik, jokoa, berez, ez da hain adikzio-eragilea, Barandaren aburuz. «Kasinoan, online apustuetan eta txanpon makinetan, hiru adibide aipatzearren, etengabeko birjokoa dago: makinan dirua sartzen duzu, dirua irabazten duzu, irabazitakoa berriro jokatzen duzu... Birjokoa arriskutsua da; loteriek, ordea, ez daukate birjokorik». Axpek azaldu duenez, zenbat eta laburragoa izan jokatzen den momentuaren eta ebazpenaren arteko tartea, orduan eta adikzio indar handiagoa edukiko du jokoak; printzipioz, loterian, irabazia ez da berehalakoa, zain egon beharra baitago jakiteko dirurik lortu den edo ez; baina tarte horiek txikitzen ari dira, psikologoak ohartarazi duenez: gero eta zozketa gehiago daude, asteroko sariak egunerokoak bilakatu dira, loteria txartelak Interneten eros daitezke irabazleak iragarri baino minutu gutxi batzuk arinago... Haren berbei erreparatuta, loteriak gero eta lotesleagoak dira, eta gero eta diru gehiago sortzen dute. «Eta, beraz, jendeak gero eta denbora gehiago inbertitu dezake haietan».

«[Klubeko loteria saltzeak] Jokora bultza ditzake ez billeteak erosiko dituztelako, baizik eta jabetuko direlako jokatuz dirua lor dezaketela».

IDOIA AXPE Arabako Asajer elkarteko psikologoa

Baina zer harreman dute euskal gazteek loteriarekin? Datuei erreparatuta, ez dira bereziki zaleak. Jokoaren Euskal Behatokiak 2020an egindako Lehentasunen txostenaren arabera, EAEko biztanleen %41,6ren jokorik gustukoena da loteria, baina alde nabarmena dago adin tarteen artean: 65 urtetik gorakoen artean, %54,3koa da kopurua; 18 eta 24 urte bitartekoengan, berriz, %11,5ekoa —adinez nagusiak ziren galdekatutako guztiak; Barandak azaldu duenez, Jokoaren Euskal Behatokiak ez du adingabeen inguruko azterketarik egin oraingoz—.

Dena den, ez da arriskurik gabeko jarduera, ikerlariak azpimarratu duenez. «Loteriak, berez, ez du arazorik sortzen, eta, klubetako loteriei dagokienez, saldu egiten dute, ez jokatu; baina jokoa normalizatzen lagun dezake, eta hori arriskutsua da». Hori horrela, jokorako sarbideetako bat izan daitekeela uste du Barandak. Beste inkesta bat aitatu du: 18 eta 30 urte bitarteko gazteei galdetu zieten noiz eta nola izan zuten beren aurreneko kontaktua ausazko jokoekin; inkestatuen %30 adingabeak zirela hasi ziren. «Inkestetan ez ezik, eztabaida taldeetan ere jorratu genuen gaia, galdeketen bidez heltzea lortu ez genuen ertzetara heltzeko: bada, iniziazioko jokoen artean, loteria zegoen». Jokoaren normalizazioaren ondorioetako batzuk zerrendatu ditu adituak: «Jokatzeko joera handiagoa, adingabeak direnean hasteko arriskua... Gazteak helduak baino zaurgarriagoak dira, eta, beraz, errazagoa da joko ez-arduratsuan eror daitezen».

Hezkuntza, konponbidea

Barandaren arabera, «lege hutsune» bat dago nerabeek loteria saltzeari dagokionez. Legez, debekatuta dago adingabeek loteria erostea; hots, erregulatuta dago salmenta zuzena, baina ezin da kontrolatu zer gertatzen den saldutako dezimoekin, ikerlariak nabarmendu duenez: erosi duen helduak adingabe bati eman diezazkioke, partizipazioak atera ditzake eta nerabeen artean banatu, nerabeok sal ditzakete billeteok... Legeari erreparatuta, baina, «inkoherentea» da nerabeek loteria saltzea, Axperen ustez. «Eskuragarri dute legez eskuragarri eduki ezin duten zerbait. Adingabeak babesik gabe daude».

Dena den, Axpek ez du premiarik ikusten salmentok legez debekatzeko, eta ezagutza eta formakuntza aldarrikatu ditu «neurri hertsatzaileen» gainetik. Gainera, badaude hainbat faktore gaitz egiten dutenak erregulatzea, Barandaren irudiko: hasteko eta behin, ohituraren pisua, etxean bertan ere erraz mugitzen baita loteria; bestalde, hedadura: ez da toki jakin batean gauzatzen den joko bat, kasinokoa edo apustu etxeetakoa bezala.

Eta dirua erraz lortzeko bide bat denez, Barandaren esanetan, klubek ez diote loteria saltzeari utziko. Hori horrela, heziketari erreparatu dio ikerlariak, psikologoak bezala. «Praktikak dituen arriskuez ohartarazi beharko litzateke: jakin dezatela helduei saldu behar dietela, ez dutela gehiegi erosi behar, batzuek diru asko eta senideak ere galdu dituztela jokoaren erruz...». Jokalarien senideek eta entrenatzaileek hartu beharko lukete nerabeak kontzientziatzeko ardura, haren irudiko. «Haiek hezi behar dituzten agente nagusiak dira senideak eta entrenatzaileak. Gainera, adingabeez ari gara: haien aurrean egiten duten edozer gauza oso garrantzitsua da».

kirol apustuak, mehatxu nagusia

Kirol kluben loteria saltzea faktore bat izan daiteke adingabeak jokora hurbiltzeko, baina badago arrisku handiago bat, Aidee Baranda Jokoaren Euskal Behatokiko kide eta EHUko ikerlariaren hitzei erreparatuta: kirol apustuak. «Jokalariek apustu gehiago egitea eragiten du kirol klubetako giroak». Hasieran, uste zuten giroak babesa ematen ziela jokoaren aurka. Baina, hainbat azterketari erreparatuta, ikusi dute kontrakoa dela joera, ikerlariak esan duenez.


Behatokiak EAEko gazteen eta jokoaren arteko harremanaren diagnostiko bat argitaratu zuen 2021ean, eta han jasotako lekukotzetako batzuek berretsi egiten dute Barandak azaldutakoa: esaterako, kontatzen dute kinielan jokatzera edo apustu etxe batera joan ohi zirela entrenamenduen eta partiden ostean, artean adingabeak zirela; areago, gurasoekin joaten ziren, batzuetan.


Nafarroan ere, antzekoa da egoera: 2021ean, Aralar eta Antox erakundeek eta Suspertu programak kaleratutako azterketa batean ikusi zuten jokoarekin arazoak zituzten gazteen %60k usuago jokatzen zutela kirol federatuetan, arriskua zuten eta arazorik ez zuten gazteekin alderatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.