Hazten ari da jaialdia, eta pauso nabarmena eman du aurten bide horretan: BEC Bilbao Exhibition Centren egingo dute. BBK babesle bilakatu da, eta horrek eman die hainbeste hazteko aukera. Gazte asko aritzen dira bideo jokoetan jolasean, eta haiengan «errespetua, tolerantzia eta laguntasuna» sustatzea da jaialdiaren asmoetako bat.
Agenda zabala dauka jaialdiak, eta aukera izango da formakuntzarako, elkartzeko, sorkuntzarako eta ekintzailetzarako. Industriaren alorrik profesionalenak ere landuko dituzte jaialdian, esperientzia handiko adituen hitzaldi eta topaketekin.
Gonbidatu berezia, Polonia
Interes handia pizten dute bideo jokoen jaialdiko VIT Talks eta Games Industry Forum (GIF) jarduerek ere. Parte hartzaileak industriaz ariko dira, bakoitza bere esparrutik: sorkuntzaz, soziologiaz eta negozioaz hitz egingo dute. Aurten ohorezko saria jasoko duten hiru profesionalek, esaterako, hitzaldi bana emango dute. Hauek dira: Fumito Ueda, besteak beste, ICO, Shadow of the Colossus eta The Last Guardian-en sortzailea; Brenda Romero, Rodero Gamesen sortzaileetako bat; eta Jade Raymond, Electronic Artseko presidenteorde ohia eta Assassin's Creed jokoaren ekoizlea.
Hitzaldiez gain, egongo da jolaserako aukera ere. BBK eSports gunean kirol jokoetarako gune handi bat egongo da: futbola, saskibaloia, 1 Formula eta Rocket League egongo dira. Egun modan dagoen Fortnite jokoak ere izango du lekua: harekin sekula egin den jolas gunerik handiena egingo dute, 100 posturekin. Manga gunea ere jarriko dute, Japoniako kulturako bitxikeria, cosplay, youtuber eta ikuskizun guztiekin. Errealitate birtualak eta teknologiak ere izango dute tokia.
Bideo jokoen azokaren antolatzaileek herrialdeak gonbidatzen dituzte jaialdira, eta Poloniatik jasoko dute aurtengo bisita. Bideo jokoaren industriarentzat hangoa da Europako merkatu garrantzitsuenetan zazpigarrena; kontsumoari dagokionez, potentzien atzetik dagoen arren, sekulako ekoizpena dauka Poloniak. CD Projekt, Techland eta 11 Bit Studios-en gisako estudioak daude herrialdean. Gainera, Polonia erreferentea da eSports ekitaldiak antolatzen, eta munduko Intel Extreme Masters garrantzitsuenetako bat egiten dute han.