Jolasaren garapen ebolutiboa

2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Adin tarteka sailkatzen ditu umeen jolas beharrak Nerea Arregi Ikastolen Elkarteko Jokogintza esparruko arduradunak. Psikologoa ere bada, eta Denis Garon psikologoak sortutako ESAR legez ezagutzen den eredua proposatzen du berak ere jolasak sailkatzeko.

ARIKETA JOLASAK(0 HILABETETIK)

«Haurraren garapenean lehendabiziko jolasak dira. Zentzumenei eta mugimenduei lotutako jolasak dira, norbere buruarekin nahiz objektuekin egiten direnak.Hasiera batean, mugimendu baten errepikapen hutsa dira, errepikatzea bera atsegin zaiolako haurrari: txintxirrinari eragin, kolpeak jo, zerbait hartu edo xurgatu... Bi edo hiru urtetik aurrera, jolas hauek konplexuagoak bihurtzen dira. Jolas hauen adibide dira arrasteak, trizikloa, bizikleta pilota, baloia, ziba, soka...»

JOLAS SINBOLIKOAK(2 URTETIK 8 URTERA)

«Jolas mota hau haurrak bi urte inguru dituenean hasten da, umea olgetako animaliekin edo autoekin jolasten hasten denean, esaterako. Jolas sinbolikoa deitzen zaio, sinbolo edo irudikapen bat dagoelako. Modu batera edo bestera, helduon mundua imitatzen du.

Jolas horien bitartez bereganatuko ditu haurrak gizarteko arauak, balioak eta rolak, eta horregatik da hain garrantzitsua neska-mutilak bereganatzen ari diren balioez hausnartzea, balio negatiborik ez bultzatzeko».

MUNTATZEKO JOLASAK(2 URTETIK AURRERA)

«Jolas mota honetan piezak elkartu, josi edo bata bestearen gainean jarrita eraikuntzak egiten dira. Jolasaren helburua eraikuntza egitea da, eta, horretarako, hainbat mugimendu eta ekintza koordinatu behar dira.

Bizitzako lehen urteetan egiten diren eraikuntzak oso errazak izaten dira, baina adinean aurrera egin ahala, eraikuntzak landuagoak izaten dira. Mota horretako jolasak dira eraikuntzak, puzzleak, buru hausgarriak, mekanoak, maketak…»

ARAU JOKOAK(4 URTETIK AURRERA)

«Giza harremanetan edo pertsonarteko harremanetan oinarritzen dira. Araua taldeak ezarritako erregulartasuna da, eta araua haustea, falta. Erahonetako jokoetan jarraitu beharreko arauak daude, eta partaideek onartu egin behar dituzte, ezarritako helburua lortzeko.

Lau urte ingururekin hasten dira era honetako jokoak: dominoak, pare jokoak…Haurra helduagoa denean trivial eta gisako galdera-erantzunen jokoak, partxisa, estrategia jokoak...

Normalean talde jokoak dira, baina batzuk bakarrik aritzekoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.