Jolasaren merezimendua

Urrezko Zabua izeneko saria jaso du Urdazubiko Udalak orain egun batzuk, Patxi Txokarro arkitekto iruindarrak herriko plazarako egindako umeentzako parkeagatik.

Inigo Astiz
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gauza serioa da jolasa zenbaitetan. Jostagarria, baina serioa. Lanbidearen parte du, adibidez, Patxi Txokarro arkitektoak (Iruñea, 1954). Plaza, etxe eta bestelakoez gain, haurrentzako jolas parke batzuk ere egin ditu, eta aipamen berezi bat jaso berri du haietako bati esker. Urrezko Zabua izeneko saria irabazi du Urdazubiko plazan (Nafarroa) egindako jolasguneagatik. Urdazubiko Udalak eta Santiago Villares alkateak jaso du, berez, ohorezko aipamena, baina Txokarrok eta Maderplay izeneko enpresak egindako lanagatik izan da. 10.000 biztanletik beherako herrien sailean umeentzako parkerik onenaren saria jaso dute, udalerrietako eta lurraldeetako erakundeen azpiegitura eta zerbitzuei eskainitako Expo Alcaldía 2012 azokan. Inguruarekiko integrazioa eta erabilitako materialen soiltasuna hartu ditu kontuan epaimahaiak. Eta jostagarritasuna eskertzen dute, berriz, kritikorik serioenek: haurrek, alegia.

Hasieratik izan zuen presente arkitektoak inguruarekin bat egin beharrari buruzko kezka. Ez da harritzekoa ere. Ikusgarria da plaza. Erraldoiak dira garai batean monasterio izandako eraikin multzoaren harri soilezko hormak, eta zail behar du haiek ahazteak. Jolas tokiak, gainera, ondo-ondoan du elizarena, adibidez. Gainean, kasik. «Bertigoa eman zigun hasieran halako harrizko mihise handiaren ondoan umeentzako parke bat egitea. Horregatik, berehala erabaki genuen ezin genituela kolore nabarmenegiak erabili, eta minimora jo dugu». Izan ere, argi izan du Txokarrok helburua hasieratik: paisaiaren eta eraikuntzaren arteko uztarketa lortzea.

Etxolaren misterioa

Lur eta harri koloreak aukeratu ditu horregatik, inguruan dituen harri soilekin kontraste handirik ez egiteko, eta baztertu egin ditu plastikoak eta gisako materialak. Zur naturala erabili du nagusiki, eta eliza ondoan dagoen platanondo basotxoaren jarraipen moduko bat bilakatu du hala jolas tokia. 55.000 euroko aurrekontua izan dute parkea eraikitzeko.

Lehenagotik ezagutzen zuen Txokarrok plaza, eta mirespenez mintzo da hari buruz. «Ikusgarria da eraikuntza multzo guztia». Gogoratu duenez, orain urte batzuk ere aritu zen bertan lanean. Bera arduratu zen plazako pilotalekua eraitsi, berria eraiki eta plaza moldatzeaz, eta, dioenez, oso gertuko sentitzen du ingurua. Horregatik egin du esfortzu berezia parkea inguruarekin nahasteko. «Ardura» hitza aipatu du hiru bat aldiz, justifikazio gisa.

Umeak pozik ikustea ere bada nahikoa sari, arkitektoaren hitzetan, baina pozik dago sariarekin. Duda handirik ez omen zuen, ordea, egindako lanaren arrakastaz. Lanak erabat bukatzerako, bere kabuz egina baitzuen egiaztapena. «Parkeak badu etxola itxura duen pieza bat. Parkea erabat bukatu eta ireki baino lehen, eguerdi batez, etxola barrura sartzea erabaki nuen, eta ikusgarria izan zen. Zortzi urte banitu, betirako han gelditu nahiko nukeela pentsatu nuen! Abentura eta misterio kutsu bat badu guztiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.