Maratila

Jon

santi leone
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ez zuen Jon izena, baina hala deituko diogu lerro hauetan. Madrilgo Niño Jesus ospitalean ezagutu genuen, gure lehen egunean, haren gelan jarri gintuztenean. Ez dakit bi familiak iparraldekoak ginelako paratu gintuzten elkarrekin, edo kasualitate hutsa izan zen. Berdin dio. 9 urte zituen orduan Jonek. Leuzemia, 2 urte zituelarik diagnostikatu zioten, eta harrezkeroztik ospitalez ospitale ibilia zen. Mutiko goxoa zen, lotsatia, eta, batzuetan solas egiteko gogorik ez bazuen ere, behar bezala zirikatuz gero, ezin izaten zion irribarre ttiki bat egiteari eutsi. PSPa eta mediku-kontuak zituen mintzagai gustukoenak.

Hezur-muin transplantea egina zioten berriki, baina haren gorputza ez zen behar bezala erantzuten ari. Hiru egun pasatu genituen gela berean, eta hiruretan aditu behar izan genuen nola medikuek erraten zioten Jonen aitari egoerak ez zuela ez aitzinerat ez gibelerat egiten. Gero, ondoko gela batera aldatu gintuzten, eta Jonek okerrera egin zuen. Bi egunen buruan, zainketa intentsiboko unitatera eraman behar izan zuten.

Behin, ospitaleko kafetegian elkarrekin gosaldu eta nor bere xehetasunak ematen ari ginelarik, Jonen amak erran zidan, zakar samar, nori berea zaiola axola. Oker zebilen, nire ustez. Horrelakoetan, ondokoa sendatzeak itxaropena pizten dizu; okerrera egiteak, berriz, hiltzen zaitu, pixka bat bederen. Iazko nire ikasleen izenak hasi zaizkit atzentzen dagoeneko; ongi gogoan ditut, ordea, duela lau urte Madrilen ezagututako haurrenak, baita Iruñean ezagututakoenak ere.

Haiei guziei dago eskainia gaurko zutabe hau.

Eta gureari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.