Donostiako erdialdean oinezkoentzat baino ez diren kale horietako batean, jendea aurrera eta atzera dabil: bat telefonoz hizketan, bestea kafea eskuan duela, beste bat bizikletan... Hareharrizko eraikin tipiko horietako baten atea zabaldu du Maddi Zumalabek: «Aurrera!». Atarian sartu da, eta, gora egin beharrean, igogailu atzeko eskailerak jaisten hasi da. «Hauxe da», iragarri dio bisitariari. Atetxo bat zabaldu, argia piztu eta magia egin du: margolan ugariren gordailu bat dago, metalezko egitura mugikor batzuekin antolatuta. «Nik aitona koadroen bidez ezagutu dut». Garaien arabera antolatuta ditu koadroak: 1920ko mendeko erregionalistak, gerra osteko natura hilak eta paisaiak, aurrerago landutako paisaia geometrikoak, abstrakzioa... Dozenaka. Denetan, sinadura bera: J. M. Zumalabe.
Hiruzpalau kale aurrerago, zalaparta handiagoa da. Batera eta bestera dabiltzan herritarrei autobusak eta autoak gehitu zaizkie. Donostiako kale nagusi bat da, eta ez da gutxiagorako. Autobusaren zain ilaran daudenak saihestu behar ohi dira Koro Zumalaberen etxeko txirrina jotzeko: «Igo!». Etxeko atea ireki du: «Ongi etorri! Begira...». Karpetak eta karpetak eta karpetak. Ugari erakutsi dizkio bisitariari, bere aitaren beste ondarea biltzen dutenak: Santo Tomas lizeoaren sorrerako txostenak, testu liburuak, hiztegiak egiteko baliatu zituen fitxak... Koadrorik ere ez da falta etxean; askok sinadura bera dute: J. M. Zumalabe.
Donostiako erdialdetik Urumea ibaian aurrera eginda, Loiola auzoan, kale bati sinadura horixe jarriko diote: Jose Migel Zumalabe. «Pozez» hartu dute albistea haren alaba Koro Zumalabek, haren biloba Maddi Zumalabek eta familia osoak. Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaile Joxemi Zumalaberen aita gisa ezagutuko dute askok, baina, aita eta aitona izateaz gain, ekintzaile euskaltzalea, margolaria, matematikaria, aparejadorea eta irakaslea izan zen. Denetan gauza bera egin zuen: eraiki, zentzurik zabalenean. «Oso pertsona praktikoa zen, oso zehatza. Ez zitzaizkion gustatzen handimandikeriak», azaldu du Antxon Santamariak; haren aitaren laguna zen Zumalabe, Carlos Santamariarena. Eta patxada eta lasaitasuna ere —dotorezia— ba omen zituen. Haren izena izango duen kaleak, eraiki gabe dagoen arren, lasaia izateko itxura du: Urumea ibaitik oso hurbil egongo da, zalapartatik aparte.
«Gure aitak-eta zeukaten filosofia ikastolen oso antzekoa zen. Nahi zuten jendeak euskaraz ikastea, laikoa izatea, baina xume»
KORO ZUMALABEJose Migel Zumalaberen alaba
Handik ez oso urruneko baserri batekoa zuen ama Jose Migel Zumalabek. «Gure aitaren amaren familia Aldunenekoa zen, Errota Txiki ondokoa. Hor jaio zen gure amona: Dolores Mendiburu. Sagardotegia zeukaten, eta uste dut hor ezagutu zuela aitona: Felipe Zumalabe. Ezkondu, eta Kale Nagusira bizitzera joan ziren. Han jaio zen aita», azaldu du Koro Zumalabek. 1906an jaio zen, familia abertzale eta euskaltzale batean. Are, historiako lehen ikastolako ikaslea izan zen: Miguel Muñoak 1914an Donostian sortutako Koruko Andre Mariaren ikastetxekoa.
Marrazketa oso gaztetatik landu zuen, eta jakintza hori eta batxilergoa nahikoa izan zituen 1929an Bergarako (Gipuzkoa) Arte eta Ofizioen Eskolan irakasle lanpostua lortzeko. Ezin izan zuen arkitektura ikasi, baina aparejadore ikasketak egin zituen Bergaran lanean aritu zen garaian, bere kasa. Garai hartan, oparoa izan zuen obra artistikoa ere. «Garai oso indartsua izan zen artistikoki Donostian. Mugimendu handia zegoen, lehiaketa asko egiten zituzten eta aitonak hor parte hartzen zuen. Giro handia zegoen, eta hor sartuta zegoen buru-belarri. Orduan erregionalismotik edaten zuen, modernitate berri hori sortzen ari zenean», azaldu du Maddi Zumalabek.

1926rako sinatuta zituen artelan batzuk. Adibidez, Gizona pentsakor eta Izeba Filomena koadroak ordukoak dira. Garai hartan sortzen ari zen hizkera artistiko berria bere egin zuen: estilo naturalista baliatu zuen, ezaugarri kubista batzuk txertatuta. Artista Berrien Lehiaketetan parte hartu zuen, eta saritu ere egin zuten.
Gerrako etena
1936an gerra etorri, eta dena eten zen. Bergaratik Hendaiara (Lapurdi) joan zen, eta Espainiako politikari errepublikano baten idazkari izan zen han. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) lizeo batean irakasten ere aritu zen, eta beirate lantegi batean ere egin zuen lan. 1940an itzuli zen Hego Euskal Herrira, baina ez Donostiara: Gasteizen irakasle izan zen. Garai hartan Matematika ikasi zuen —Zientzia Zehatzak, zehazki—, hori ere bere kasa.
«Gure aita berandu ezkondu zen, 39 urterekin», azaldu du haren alabak. Ascension Goenaga Axentxi donostiarrarekin ezkondu zen; hura ere abertzalea eta euskaltzalea zen, Emakume Abertzale Batzan ibilitakoa. Bere familiaren etxean jarri ziren bizitzen, Donostian —Koro Zumalabe gaur egun bizi den horretan—, eta han hezi zituzten bi seme-alabak: Koro, 1947an jaioa, eta Joxemi, 1950ekoa.

Orduan, CES Centro de Enseñanza Superior akademian aritu zen klaseak ematen; Eduardo Txillida izan zuen ikasle, adibidez. CES bultzatu zuena Carlos Santamaria izan zen. «Gure aita eta Jose Migel gaztetatik ziren lagunak. Donostiarrak ziren biak, eta gaztetatik ezagutuko zuten elkar, ziur, gerra aurretik. Lagunak eta adiskideak izan ziren beti. Ni asko joaten nintzen haren etxera, gazteak ginenean Joxemi nire laguna zelako. Nik familia giroan ezagutu nuen, eta izugarri atsegina zen pertsona bezala, oso dotorea. Gogoratzen naiz haien etxean ezagutu nuela nik Gudari aldizkaria. Oso abertzaleak ziren, eta euskaltzaleak», kontatu du Antxon Santamariak.
Hori ikusi zen seme-alabei eman zieten heziketan. Koro Zumalabe Itziar Arzelusen —Amale Arzelus irrati esatari aitzindariaren ahizpa— ikaslea izan zen ume-umetan, eta Joxemi Zumalabe, berriz, Karmele Esnal andereñoarena. Gero, Elbira Zipitriaren etxean jaso zituzten eskolak —lehenago, Zipitria goenagatarren etxean klaseak ematen aritutakoa zen, Koro Zumalaberen egungo bizilekuan—.
Garai hartan, ikastola klandestinoak baino ez ziren euskarazko heziketaren bermea, eta bigarren hezkuntza erdaraz egitea beste biderik ez zuten izaten. 1960ko hamarkadan, ordea, Jose Migel Zumalaberen seme Joxemik, Carlos Santamariaren seme Antxonek eta Koldo Mitxelenaren alaba Itziarrek batxilergoa egiteko adina zuten, eta haien gurasoek —Jose Mari Lasarteren eta beste hainbaten laguntzarekin— modua egin zuten Donostiako gaztetxoek euskaraz ikasten segitu ahal izan zezaten. Horrela sortu zuten Santo Tomas lizeoa.

Ordurako Zumalabe irakasle lanak utzita zegoen, eta aparejadore zebilen —Arantzazuko santutegi berriko obretako aparejadorea izan zen, adibidez—. «Gaur egun Bizkaia pasealekua den horretan lokalak erosi zituzten, eta hori egokitu egin behar zen, ikasgelak egin, komunak egin, gauza horiek. Obra bat. Santo Tomas lizeoko eraikuntza lanak zentimorik kobratu gabe egin zituenez, akziodun egin zuten», azaldu du Koro Zumalabek. «Donostia hartan bazegoen euskaltzaletasun bat, oso apala. Oso familia gutxi ginen, eta zumalabetarrak haien artean zeuden, noski», azaldu du Santamariak.
Xumetasuna
Aparejadore lanez gain, lizeoan irakasle lanak ere egin zituen garai batez. «Gure aitak-eta zeukaten filosofia ikastolen oso antzekoa zen. Nahi zuten jendeak euskaraz ikastea, laikoa izatea, baina xume», azaldu du Koro Zumalabek. Eta izen hori, zergatik? «Lizeoek konnotazio ez-erlijioso bat zeukaten. Eta Santo Tomas, ba, San Tomas Akinokoa irakasleen patroia delako. Neutrotasuna emateko. Sabino Arana lizeoa jarri nahi izan baliote, ezingo zen».
«Pintura figuratibotik abstrakziora joan zen, konposizio oso abstraktuetara, eta figuratibismoarekin nahastu zuen bukaeran»
MADDI ZUMALABEJose Migel Zumalaberen biloba
Lehenbiziko irakaslea Koro Gonzalez izan zuten, eta Karmele Esnal eta Pilar Ganzarain batu ziren gero. Ascension Goenagak, Matilde Martinez de Ilarduiak —Koldo Mitxelenaren emazteak—, Jesusa Orbegozok eta beste ama batzuek «ikastorduen zaintza» egiten zuten beharra zegoenean. Orduan ohi zen bezala, titulurik ez zuten irakasleei utzi zizkieten tituluak ama batzuek; esaterako, Goenagak. «Manuela Arteagak ere, nire amaren izebak, bazuen titulua, eta Amale Arzelusen izeba Bitorene Arzelusi utzi omen zion. Bitorenek, gerra aurrean, euskal eskola zeukan Etxaide kalean, 6 urte bitarteko umeentzat. Arantzazuko Amaren Ikastola», kontatu du Koro Zumalabek.
Zumalabek ikasleentzako materiala ere egin zuen, euskaraz. Alabak ondo gordeta dauzka Gipuzkoako geografiari buruzkoa, giza gorputzari buruzkoa, euskal gramatika... «Nahi duzu akademia bat muntatu? Ba, dena egin behar duzu: komunak jarri, mahaiak, leihoak jarri, ikasleak eta irakasleak bilatu, apunteak egin...».

Ikastoletako andereñoak formatzeko xedea izan zuen Andereñoen Erresidentzia sustatzen ere aritu zen. Pakita Arregi izan zen bultzatzaile nagusia, eta Zumalabe eta Jose Murua azpiegitura lanetan ibili ziren. Hori ez ezik, Zumalabe Zeruko Argia suspertzeko lanetan ere aritu zen Joseba Salegirekin, eta hiztegigintza ere landu zuen: 8 urte artekoentzako oinarrizko hiztegia, matematika hiztegia, etxegintza eta arkitektura hiztegiak sortzen aritu zen. Horiek osatzeko fitxak ere gordeta dauzka Koro Zumalabek. «Sin disposición – ganorabakoa», «Firmemente – bene-benetan». Horra bi adibide.
«Arazo bat zegoenean, arazo hori nola konpondu aztertzen zuen, eta, seguru asko, haren artean ere islatzen da hori, zehaztasun hori, zehaztasun matematikoa»
ANTXON SANTAMARIAZumalabe familiaren laguna
Hiztegigintza dela eta, Euskaltzaindian aritu zen Zumalabe, eta urgazle egin zuten 1973an. Garai hartan ezagutu zuen Maria Pilar Lasarte, Euskaltzaindiko langilea. Berak ere parte hartu zuen lan horietan. «Pakita Arregi eta Maria Pilar Lasarte erakunde erlijioso batekoak ziren: Arantzazuko Amaren misiolariak, Arami. Eragin nahi zuten. Aita Agirretxek eman zion babesa Aramiri; Arantzazuko fraide bat zen». Eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx-en osaba ere bai.
Zumalabe hiztegigintza lanetan aritu eta nabarmendu zenez, harremana izan zuen Joseba Intxaustirekin, eta, hark UZEI sortu zuenean, Zumalaberi proposatu zion lehendakari izatea; asko dago garai horri buruz kontatzeko. Kargu hori izan zuen 1979tik 1983ra.

1992an zendu zen arte, etapa asko izan zituen bizitzan, eta beti eutsi zion pinturari. «Oso produktiboa zen; ez zion inoiz utzi pintatzeari. Uste dut asko hausnartzen zuela egiten zuena. 1926ko koadroak ditu, eta azkenekoa 1990ekoa da. Urte askoan pintatu zuen, intentsitate eta intentzio desberdinekin. Fase asko pasatu zituen, baina oso koherentea izan zen. Ikusten da batetik besterako pausoak nola eman zituen. Pintura figuratibotik abstrakziora joan zen, konposizio oso abstraktuetara, eta figuratibismoarekin nahastu zuen bukaeran», azaldu du Maddi Zumalabek.
Gerraren ondoren, lagun talde batekin pisu bat hartu zuen, eta natura hilak pintatzen aritzen ziren. «Natura hilak egiten zituzten, besterik ezin zelako egin. Hala ere, gerraostean etxean lagunekin elkartzea ez zen soilik pintatzea», azaldu du Maddi Zumalabek.
Matematika artean
Orduan paisaiak pintatzeari ere ekin zion, eta horietan eboluzio handia izan zuen. Eraikuntza munduan hasi zenetik 1970eko hamarkadara arte, asko pintatu zituen: «Errealismotik —organikoagoa zen; pintzelkada solteagoak—, paisaietan joan zen bere pintura sintetizatzen. Zuzenagoa da, geometria puntu bat sartzen du. Ziur nago hor dagoela bere matematikari aldea. Eraikitzea da. Eraiki egiten zuen», azaldu du bilobak. Handik aurrera, abstrakzioak goia hartu zuen. «70 urtere zituela ere hasi zen gazteekin lehiaketetan izena ematen», nabarmendu du Maddi Zumalabek.

Haren artelanetan geometriak daukan garrantziak zerikusia du, ezinbestean, matematikarekin. Horrekin lotuta dago haren izaera pragmatikoa eta praktikoa ere, Santamariak azaldu duenez: «Gure aitak beti kontatzen zuen anekdota hau. Behin, Zumalabe Getarian [Gipuzkoa] gelditu zen, autoa matxuratuta, Donostiara etorri ezinik. Rallyetan ibiltzen zen auto pilotu batek ekarri omen zuen Getariatik Donostiara: Zumalabe liluratuta zegoen, eta gure aitari kontatzen zion zer ondo gidatzen zuen, zer ondo neurtzen zuen kurba bakoitzean zenbat murriztu abiadura. Admirazio handia hartu zion, momentukoa, doitasunagatik eta zehaztasun horregatik. Neurri batean, Zumalabe ere horrelakoa zen: arazo bat zegoenean, arazo hori nola konpondu aztertzen zuen, eta, seguru asko, haren artean ere islatzen da hori, zehaztasun hori, zehaztasun matematikoa».