«2018ko neguan, musika irratsaio batean ausartu nintzen esatera: 'Egunen batean, Mikelekin abestuko dut Bazkalosteko kafea'. Gaur, inprobisazio ariketa eginez, erronka gaindituta». Mezu horrekin bideo bat zabaldu zuen Joseba Beloki txirrindulari ohiak sare sozialetan atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean. «Ausardia? Eromena? Hemen emaitza». Umorearekin, barkamena ere eskatu zuen, kantua argitaratzeagatik. «Ni txirringan baino finago dabil bera kantuan», erantzun dio Urdangarinek.
Belokik «miretsi» egiten du Mikel Urdangarin, eta harekin batera grabatu du zornotzarraren kantu ezaguna. Urdangarinek pianoa jo du, eta biek kantatu dute; Belokik aurrena, Urdangarinek gero, eta biek batera azkenean.
[youtube]https://youtu.be/hY3hqt5VEvo[/youtube]
Txirrindulari ezaguna da Beloki; Miguel Indurainen atzetik, Frantziako Tourreko podium gehien dituen euskal txirrindularia da. 2007ko abenduan hartu zuen erretiroa, krisi baten ondoren. 2006an, Puerto operazioan sartu zuten, dopin kasu batzuekin zerikusia zuelakoan, baina urte hartan bertan jo zuten errugabetzat.
Kantu kuttuna du Urdangarinen Bazkalosteko kafea. Musikariaren Haitzetan lehenengo diskokoa da kantu arrakastatsu hori; Iñaki Aurrekoetxearenak dira hitzak, eta Urdangarinek berak sortu zuen musika. Aurten, musikariari buruzko dokumental bat eman dute argitara, Oier Aranzabalek zuzendua: Margolaria.