Nafarroako jotari buruzko dokumentala egin dute Gilles Kanet, Jon Subtil eta Ifan Pierce Castejongo Orainarte ekoizpen etxeko lagunek. La jota navarra, pasión por un canto (Nafarroako jota, kantu batekiko grina) izenburua daraman lanean jotaren historiaz eta kantaren egungo egoeraz hitz egiten da. Baina hori bakarrik ez, jotak ondare kultural gisa duen garrantziaz eta gizartean hartzen duen tokiaz gogoeta egin nahi izan dute ere.
Nafarroan jota belaunaldiz belaunaldi kantatu da, batez ere Erdialdean eta Erriberan. Kalean, tabernetan, etxeko zein nekazaritza lanak egiten ziren bitartean kantatzen zen lehen; baina egun, txapelketetan edo emanaldi berezietan ez bada, ez da kasik entzuten. Jotaren letra lauko txikian kantatzen den olerki bat da. Beste herri kopletan gertatzen den gisara, gaiak eguneroko gertakizunetatik ateratakoak dira.
Jotak Nafarroan duen «indarraz» jabeturik, Orainarte ekoizpen etxeko kideek jotari buruzko dokumental bat egiteari ekin zioten 2009. urtean. Bi urte behar izan dute ordu pasatxo irauten duen dokumentala burutzeko.
Irudi falta
Lana ez da erraza izan. Jotaren inguruko argazki zahar eta jota doinu grabazio ugari dauden arren, telebistarako lanik ez dagoelako. Dokumentala osatzeko ez dago ikus-entzunezko grabaziorik. «Artxiboen bila aritu ginenean ez genuen deus ere aurkitu. Raimundo Lanas eta beste jota abeslari handi batzuen irudiak aurkitzen hasi ginenean argazkiak bai aurkitu genituen, baina bideo irudirik ez», dio Ifan Piercek. Horrela, dokumentalean haiek egindako grabaketak argazki zaharrekin uztartu dituzte.
Egileen asmoa jotaren erradiografia bat egitea izan da. «Jotaren argazki bat egiten saiatu gara. Kantaren historiatik hasi gara eta egungo egoera azaldu dugu. Beste doinu bat emateko batzuk egiten ari direnari ere leiho bat ireki diogu». Horrela, Nafarroako jotaren sorreratik hasi dira eta Raimundo Lanas handiak ekarri zituen aldaketak aipatu dituzte. Historia laburbiltzeko oraindik bizirik dauden jotariekin mintzatu dira. Jotaren historialariei eta jotari helduei eman diete hitza eta, besteak beste, Elena Leatxe historialariaren eta Flamarique ahizpen iritziak jaso dituzte.
Iragana ahaztu gabe jotaren egungo egoera ere islatu nahi izan dute. Horretarako eskolen sorrerara jo dute. 70ko hamarkadan jaiotzen hasiak, egungo jota kantatzerakoan izan duten eragina ikus daiteke.
Jotak bizi izan duen profesionalizazioaren lekuko ere bada dokumentala. Horretarako irakasle eta jotari profesional gazteen ibilerak grabatu dituzte. Herriz herri, emanaldietan, errondetan eta lehiaketetan ibili dira. Finean, jota bizirik dagoen ekitaldi guztietan egon dira. «La Rivera canta taldearekin bira egin genuen. Euskal Herrian eta Errioxan (Espainia) barna hilabeteetan egin zuten biran jarraitu genituen», gogoratu du Piercek.
Gogoetarako parada
Era berean jotari beste «ukitu» bat ematen saiatu den jendearen lana ere bildu dute. Adibidez, Josetxo Goia Aribe saxofoi-jotzaileak Arantxa Gonzalez jotariarekin jota beste modu batean interpretatzeko egindako ahalegina ikus daiteke. «Badago jendea beste gauza batzuk egiten saiatzen ari dena eta hori ere bildu nahi izan dugu. Jotak egun dituen adierazteko modu ezberdinak biltzen saiatu gara».
Ordu pasatxo irauten duen dokumentala egiteko 60 orduko grabazioa egin dute. Laburbiltzea zaila izan den arren, lanean jotaren sentipena bildu dutela uste dute egileek. «Jotaren emozioa eta pasioa antzeman dugu. Askok diote jota bat entzunda nahikoa izaten dutela, baina askok batekin nahikoa ez dutela ikusi dugu», adierazi du Piercek.
Dokumentalak gogoetarako parada ere izan nahi du. Jotak kultur ondare gisa zer suposatzen duen eta ondare hori adierazteko egun dauden bideak harilkatu dira. Jotak egungo gizarte modernoan hartzen duen tokiaz eta esparruaz itaundu dute egileek. Izan ere, azken hamarkadan jota berri asko sortzen ari dira, eta beti kantatu diren jotak baztertu eta berriak idazteari ekin diote jotari askok. Jotak herrikoia izateari utzi diola uste dute askok. «Jada ez da kalean kantatzen, eskolan landutako jota da, ikasiagoa, jaialdietan eta lehiaketetan entzuten dena. Jota berria gehiago kantatzen da eta naturaltasuna eta bat-batekotasuna galdu egin da», dio Maribel Muñoz Castejongo jota eskolako irakasleak.
Dokumentala Castejongo kultur etxean estreinatu zuten joan den hilabetean baina telebistan noiz emanen duten ez dago zehaztua. Nafarroako Gobernuaren menpe dagoen INAC (Ikus-entzunezko eta Zinemarako Nafarroako Fundazio Institutua) arduratuko da zabalkundeaz. Telebistan estreinatzako asmoa dagoen arren, noiz eta zein katetan izanen den ez du erabaki INACek.
Ezarian
Jotaren argazkia
Nafarroako jotaren historia biltzen duen dokumentala egin du Castejongo Orainarte ekoizpen etxeakJotak duen garrantziaz eta gizartean duen tokiaz gogoeta egin dute lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu