Orhiko Xoria eskainiko du Juan Mari Beltran musikariak, gaur, Zumaiako (Gipuzkoa) Mari kalean, 20:00etan. Zumaiako Musika Jaialdiaren bigarren eguna izango da gaurkoa.
Orhiko Xoria 2006an plazaratu zuen diskoa da; hala ere, sei urte igaro badira ere, kontzertuak eskaintzen jarraitzen du Beltranek.
Musikariaren bilakaerari erreparatuz gero, Euskal Herriko musikaren ikertzaile, eragile eta irudirik garrantzitsuenetakoa da. Txikitatik eduki du lotura musikarekin. Klarinetea eta gitarra jotzen zuen, eta geroago txalaparta. Ibilbide oparoa izan du, eta talde ugari sortu ditu; hala nola Sustraiak, Azala eta Txanbela.Horrez gain, ikerlan asko egin ditu herri musika eta tresnen arloan, eta Euskal Herriko Soinu Tresnak pelikula eta diskoa ere egin ditu. Gainera, irakaslea ere bada Beltran. 1985. urtetik txistu, alboka, dultzaina eta txalaparta eskolak ematen ditu, Hernaniko Musika Eskolan. Txalaparta eskola ere sortu du hor, eta bera da zuzendaria. Hori gutxi balitz bezala, Herri Musikaren Txokoa izeneko museoa ireki zuen Oiartzunen.
Orhiko Xoria 2001ean plazaratutako Arditurri lanaren jarraipena da, eta musika tradizionala du oinarri. Orhiko Xorian, lurrarekiko sentitzen duen zorra adierazi nahi du, herri musika ardatz izanik. Soinu, erritmo, doinu eta testu zaharrak eta berriak uztartzen ditu.
'ORHIKO XORIA'
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Zumaian, Mari kalean.
Juan Mari Beltran, Zumaian
'Orhiko Xoria' eskainiko du Beltranek; soinu, erritmo, doinu eta testu zaharrak eta berriak uztartzen dituen lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu