Zazpi zenbakia magiarekin eta misterioarekin lotzen dute kultura askok. Elgetako (Gipuzkoa) Magia Mostrari ondo baino hobeto datorkio hori, jaialdiaren zazpigarren ekitaldia antolatu baitute aurten. Bihartik igandera bitarte askotariko magia saioak ikusteko aukera izango da Espaloi kafe antzokian. Luxuzko gonbidatu bat ekarri dute aurten mostrara: Juan Tamariz magoa Elgetan izango da bihar eta etzi. 22:30ean ikusiahal izango dira haren emanaldiak; horrekin batera, kalean ere izango da zer ikusi. Igandean, 12:45ean, Tangorditos taldekoek magia eta antzerkia ekarriko dute herrira.
Ezohiko mostra izango da zazpigarren hau. Gonbidatu berezi bat, magia gala eta kaleko ikuskizunak dira mostrak izan ohi dituen osagaiak. Baina Tamariz Elgetan izateak ohikoarekin hausteko balio du: «Zazpi urte eman ditugu Tamarizen atzetik, eta azkenean lortu dugu», esan du Josu De Vegak, Magia Mostraren antolatzaileetako batek. Horregatik, larunbatean egin ohi dute magia gala Tamarizen ikuskizunarekin ordezkatzea erabaki dute. Egunak zehazteko arazoakgorabehera, aurtengo Magia Mostrarako euren helburua lortu dute: «Mundu osoko mago onenak pasatu dira Elgetako jaialditik, eta Tamarizek ere hemen egon beharra zuen». Las Vegastik etorri eta Euskal Herrian egin du geldialdia, Buenos Airesera joan baino lehen. Barakaldon eta Gasteizen egon ondoren, Elgetako Espaloia antzokian ilusioz hartuko dituzte magoaren trikimailu eta jokoak.
Urteak daramatza Tamarizek magia munduan. Kartetan espezializatuta dagoen magoa da, baita hurbileko magian ere. Bainaeskuekin duen trebeziari beste osagai batzuk ere gehitzen dizkio, ikuslearengana heltzeko: umorea eta hitz-jarioa ditu lagun emanaldietan.
Umorea eta antzerkia
Entzute handiko ilusionista da, mundu osoan ezaguna. Antzokietan ez ezik, telebistan eta prentsan ere lan egindakoa da. Hori gutxi balitz bezala, Espainiako Kultura Ministerioaren Arte Ederretako urrezko domina jaso berri du,bere ibilbidean magia lantzeko eta munduanhedatzeko egin duen lanagatik. Tamarizek duen prestigio eta ospea dela eta, hura ekartzeko aparteko esfortzua egin behar izan dute Magia Mostraren antolatzaileek. «Ahalegin handia egin dugu bera ekartzeko; horri diru aldetik egin duguna gehitu behar zaio». Dena den, jendearen harrera ona izango dela espero du De Vegak: «Urtero bezala jendeak erantzungo duela uste dugu;antzokia bete egingo da».
Espaloia kafe antzokian bilduko da jendea bihar eta etzi, baina igandean kalera iritsiko da magia. Eguerdian, Tangorditos taldea ikusteko aukera izango da. Umorea eta magia uztartzen ditu, baita musika eta zirkuko ikuskizunak ere. Ordubete inguruko saioa egingo du Argentinatik datorren bikote horrek, eta haur zein helduengana heltzeko ahalegina.1999. urtean ekin zioten elkarrekin lan egiteari, eta 2002an Europara salto egitea erabaki zuten.
Juan Tamariz magoa Elgetako Magia Mostran izango da bihar eta etzi
Igandean magia eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizun bat egingo du kalean Tangorditos taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu