ATZEKOZ AURRERA. Juainas Paul Arzak. Historialaria

«Juje zibilak inkisizioa baino gogorragoak ziren hemen»

Urte luzez historia irakasle aritu ondoren, erretiroa hartuta, historialari lanetan jarraitzen du Paulek. Hainbat liburu argitaratu ditu, eta bere ikerketa lerro nagusietako bat sorginen auzia izan da.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mito anitz eraiki dira sorginen inguruan. Inkisizioa dela, akelarreak direla, norberak badu XVI. mendeko historiaren bertsioa. Juainas Paul Arzak (Donostia, 1950) historialariak aski ongi ezagutzen ditu garai hartako kontuak, eta atzo Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean hitzaldi bat eskaini zuen, topikoak uxatzeko: Sorginkeriaren inguruko topikoak.

Nafarroako sorginen egoera berezia izan da, ezta?

Sorgintza betidanik existitu da, eta oraindik ere existitzen da. Errenazimentu garaian, XVI. eta XVII. mendeetan, bereziki Nafarroa inguruan irakurketa berri bat egin zen: sorgintza tradizionala edo pertsona bakarrak egiten zuena heresia eta talde elkarketa bihurtu zuten. Horrek, gezurra izateaz gain, izugarrizko sarraskia ekarri zuen. Dena den, hemen ez zen horren gogorra izan, inkisizioak salbatu zuelako. Nafarroan askoz gogorragoak ziren juje zibilak inkisizioa baino.

Orduan ezin zaio bakarrik inkisizioari leporatu sorgin ehiza?

Nafarroako kasuan uste dut inkisizioak salbatu zuela. Inkisizioak sorgin akusatuak libratu eta giroa baretu zuten. Adibidez, desegin behar den mito bat da hori. Inkisizioa oso kabroia zen, baina sorginkerien kasuan juje zibilak baino bigunagoa eta hobea.

Nola sortzen da sorginen auzia eta mitoa?

Momentu horretan, ez kasualitatez, Europan kristoren zalaparta zegoen, hala nekazaritza gudak nola erlijio gudak. Orduan, hasi ziren gauzak bata besteari leporatzen. Sorginkeriari gehitu zioten juduei eta zenbait heretikori leporatzen zitzaizkien gauzak.

Auzia ez ezik, akelarreak ere faltsuak zirela esan izan duzu.

Gezurra da ekintza bera, sorginak ez ziren biltzen eta ez zituzten horrelako ospakizunak egiten. Baina hori gertatzen zela sinesten zuten, batez ere epaile zibilek. Gainera, Frantzian eta hemen Baxenabarren, toponimo bat erabiltzen zuten toki malkartsu batez hitz egiteko: aker larrea. Itaunketetan eta torturengatik, hor biltzen zirela esaten zuten, lande du bouc deitutakoan. Hemen, nik dakidala, XVI. mendean hiruzpalau aldiz atera zen terminoa hainbat herritan, eta XVII. mendearen hasieran, Zugarramurdi eta Urdazubikoa piztu zenean, ikusten da nola joan ziren aker larre horren atzetik terminoa sortzen. Logroñoko fede autoa piztu zenean lortu zuten. Baina inkisidore batek trabak paratu zituen; frogatu zuen dena gezurra zela, eta hitza desagertu zen. Gero, ilustratuak inkisizioaren kontra hasi zirenean —Goia, Moratin eta horiek—, garai hartako fede auto baten kronika bat argitaratu zuten, eta harrezkeroztik egia berdaderoa da akelarrea.

Sorginen afera amarru handi bat zen? Zergatik egin zuten?

Zakuto bat da; hor nahi duzun guzia sar dezakezu. Kasu batzuetan ikusten da jendearen arteko tentsioak zirela; beste kasu batzuetan eliteak planteatu zuen. Korronte hori Europatik zetorren. Sorginkeriaren bila hasi ziren, itaunketa eta itaunketa, eta, azkenik, lortu zuten, baina kontuan izanda tortura erabiltzen zutela. Torturen bitartez egia berdaderoak sortzen baitira. Horretaz gain, baziren mugaz bi aldeetako boteretsuak. Altzateko jauna Urtubiko jauna zen, eta Urdazubiko monasterioak lurraldeak zituen mugaz bestaldean ere. Menpekoek kontra egin zieten, eta aukera hori baliatu zuten haiek menpe hartzeko. Fede autoa egitean, aferak eztanda egin zien, eskuetatik eskapatu zitzaien. Donamarian, adibidez, populazioaren %60 akusatu zuten sorginkeriagatik.

Zeintzuk ziren erre zituztenak?

Batez ere emakumeek sufritu zuten jazarpena. Beste gauzen artean, Elizako gizonen buruan emakumea bekatuaren bidea zelako. Emakume horietako batzuk gogorragoak edo ausartagoak izan zitezkeen, baina jende arrunta ziren. Arazoa zen emakumeak zirela, eta, oro har, adinekoak eta pobreak.

Hori ere esanguratsua da.

Bai, noski, eta alarguna bazen, are gehiago. Noski, babes askoz gutxiago zuen. Gainera, momentu horretan herri xumearen aurkako handinahikeria piztu zen: nekazariak zirelako, ez jakintsuak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.