Ezina ekinez lortzen dela frogatzeko asmoz bildu da Uribe Kosta eskualdeko (Bizkaia) eragile talde bat. Euskarazko irrati eskaintza urriari erantzuteko, auzolan hutsean oinarritutako komunikazio proiektu bat sortu dute: Justuri Irratia. Luzera begira diseinatutako ekimena den arren, dagoeneko lanean hasiak dira proiektuarekin bat egin duten taldeak, hala nola UK aldizkaria, Berbalamiñe euskara taldea eta Betiko ikastola.
«Uribe Kostako euskaldunentzako zerbitzu publikoa da Justuri Irratia», dio Iñigo Fernandez de Martikorena proiektuko kideak. Hala, informazioan, dibulgazioan eta entretenimenduan oinarrituko edukiak eskainiko dituzte, herritar guztiek «beren txokoa» izan dezaten. Horrez gain, eskualdeko ikastetxeekin lan egin nahi dute, haurrentzako irrati tailerrak prestatzeko. «Helburua argia da», dio Fernandez de Martikorenak, «euskarazko komunikazio tresna eraginkor bat sortzea».
Ekintza horiek guztiak ordaintzeko, «lau hankako» finantza sistemari eutsiko dio ekimenak. Hala, antolatzaileek diote beharrezkoak izango direla Justuri Irratiarekin bat egiten dutenen diru ekarpenak, baina aitortu dute joko dutela bestelako iturri batzuetara ere, hala nola publizitatea, laguntza publikoak eta txosnak baliatzera. Hori guztia «modu zorrotzean» kudeatzeko, Berbako elkartea sortu dutela azaldu dute proiektuaren arduradunek.
Jaurlaritzaren lizentziei begira
Eusko Jaurlaritzak irrati erregistroan egoteko 34 lizentzia eskainiko ditu datozen hilabeteetan, eta deialdi horri begira eraikitzen hasi dira Justuri Irratia. Lizentzia gehienak gaztelaniazko irratiei ematen dizkietela diote arduradunek, eta salatu dute euskarak «zirrikitu» bat baino ez duela deialdian. Dena den, nahiz eta lizentzia ez lortu, aukera denak aztertuko dituztela iragarri du Fernandez de Martikorenak, hala nola Internet bidezko emisioa.
Bien bitartean proiektua «labean egosten» ari dela azaldu du Berbako taldeko kideak, eta iragarri du datozen hilabeteetako helburua dela Justuri Irratia eskualdean zehar zabaltzea. «Lehenengoz, elkarteetara joko dugu», esan dute arduradunek, «eta, ondoren, udalei aurkeztuko diegu proiektua».
Komunikazioa
Justuri Irratia eraikitzen hasi dira, Uribe Kostako irrati parte-hartzailea
Eskualdeko zortzi eragileren artean eratu dute proiektua, eta datozen hilabeteetan hasiko dira emititzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu