Goi mailako artea galerietan egiten da, eta askotariko ikuskizunak, kabaret ziztrinetan. Ideia hori goitik behera bota nahi du Vero Cendoya dantzari eta koreografo katalanak, Bilbon ematen ari den ikuskizunarekin (Antagonics). Horretarako, koreografoa transformista batekin elkartu da, bien arteko elkarrizketaren bidez goikoa eta behekoa gauza bera direla erakusteko, kabalistek bezala.
Ruben Cardoso da transformista. Gaur, drag queen esango genioke Cardosok egiten duenari, baina bera 1970eko Bartzelonako kabaret girotik dator. Artista El Molino, Gambrinus eta Bodega Bohemia aretoetan aritua da, besteak bestek, eta 30 urteko esperientzia du halako ikuskizunetan. Kultura askotan daukate transformismoa artetzat. Japoniako kabuki antzerkian, onnagata deiturikoak daude, eta Txinako opera tradizionalean, emakumezkoarena egiten duten gizonezkoak. Europako antzinako antzerkian ere, bazen horrelakorik, baita Euskal Herriko antzerkigintzan ere.
CendoyaBartzelonan jaio zen. Dantzari izateaz gain, ilustratzaile eta margolari gisa egiten du lan. Bartzelonako Antzerki Institutuan dantza garaikidea ikasi zuen, eta David Zambrano, Jenifer Monson, Jeremy Nelson, Kristie Simson, Katy Duck eta Julyen Hamilton irakasleekin aritu zen, besteak beste.
ANTAGONICS
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Fundicion aretoan, Bilbon.
Kabareta eta arte garaikidea
Bi genero erabat ezberdinen arteko hibridoa taularatzen ari da Vero Cendoya dantzari katalana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu