Donostiako Aste Nagusia

Kaitik atera gabe egin dute abordatzea piratek

Enbata arriskuagatik, kaian bertan egin dute piratek abordatzea, eta ez dira Kontxaraino joan baltsetan. Hala ere, iragarpena ez da bete, eta arazorik gabe eta giro onean egin dute ekitaldia.

Kaitik atera gabe, baina ehunka eta ehuna lagunek parte hartu dute abordatzean. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko abuztuaren 14a
08:57
Entzun

Goizean segurtasun batzordea bildu eta gero erabaki dute abordatzea kaian bertan egitea, eguraldi iragarpen txarra zela eta. Azkenean ez da enbata lehertu abordatzearen orduan, baina kai barrutik atera gabe egin dute ekitaldia, arazorik gabe. Handik La Flamenka gunera joan dira, eta Sara Majarenas eta haren alaba Izar gogoan hartuta egin dute Aste Nagusi Pirataren hasiera ekitaldia.

Dena den, goizean goizetik hasi dira lanean kuadrillak baltsak muntatzen. Paletak, aire boltsak, baltsak bereizteko banderak... Denetarik zegoen Donostiako kaian. 14:00ak arte, txandaka, kuadrillak baltsak muntatzen aritu dira, materialak eskuan hartuta.

Egin ahal izateko, ordea, eguraldia alde izatea ez da nahikoa, eta lan asko egin behar da; bai partaideek, baina baita antolatzaileek ere. Maddalen Irizar, adibidez, kaira sartzeko kontrol gunean ibili da lanean, goizeko zazpietatik: “Aurten 1.800 lagun inguruk eman dute izena”. Kontrol gunean, izena eman dutenen joan-etorria ahalik eta zorrotzen kontrolatzen saiatu dira: “Txanda bakoitzekoei kolore bateko eskumuturrekoak banatzen dizkiegu, kontrolatzen dabiltzanek joan-etorriaren erritmoa jakin dezaten”.

Kuadrilla bakoitzak denbora jakin bat du ontzia prestatzeko. Gehienak gazte kuadrillak badira ere, helduagoak ere ibili dira, piraten jai eredua guztientzat den adierazgarri. Horren adibide da Begoña Igarzabal eta haren lagun taldea. Denak 50 urte ingurukoak dira: “Orain dela sei urte gure artean hitz egiten hasi ginen, ea irteteko ausartak izango ote ginen. Kudrillaren izena ere pentsatu genuen, Txoriburuak, eta orduztik, urte batean batzuk eta bestean beste batzuk, baina beti atera izan gara. Txoriburuak izan ginen agian, baina ausartak ere bagara. Eguna Parte zaharrean pasatzen dugu, bertan bazkaltzen dugu, eta gero portura gerturatzen joaten gara".

Parte Zaharrean bertan, baltsak hobetzeko erosketak egiten aritu dira asko; Imanol Alberdi eta haren kuadrilla, esaterako. Arratsalderako enbata iragarrita zegoen, baina horrek ez ditu partaideak kikildu: "Bridak, sokak eta zinta itsaskorrak erosi ditugu itsasontzia indartzeko. Enbatak kezkatzen gaitu apur bat, baina egingo dugu zerbait!”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.