Plaza giro

Kalamu usaineko hiru egun

Expogrow kalamu azoka egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoba erakustazokan; 7.000 metro koadroan, kalamuarekin loturiko postuak nahiz bestelako ekitaldiak ikus daitezke.

Era guztietako erakusmahaiak ikus daitezke Expogrow kalamu azokan, denak kalamuarekin loturikoak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Irun
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Kalamu usainak hartu du Irungo Ficoba erakustazoka, eta are gehiago hartuko du datozen orduetan. Expogrow izeneko kalamu azoka ari dira egiten asteburuan. «Kalamu azoka baino askoz gehiago», dio kartelak. Atetik sartu orduko, agerian geratzen da hori. Kalamua da azokaren ardatza, noski, baina Expogrowk askoz gauza gehiago biltzen ditu.

Sartu aurretik ere, nabari da jai giroa Ficoba inguruan. Kanpotik entzuten da musika hotsa, eta jendearen joan-etorriak ere arreta erakartzen du, poltsaz beterik baitoaz asko. Inguruan dauden kartelek argitzen dituzte zalantzak, sartzeko gonbita eginez.

Handia da azoka gunea: 7.000 metro koadro. Eta metro koadro horietan, denetik. Dena den, erakusmahaiak dira nagusi. Kalamu landarearen haziak saltzen dituzte gehienek, mota guztietakoak. Kalamu landarea bizkorrago hazteko ongarriak ere edonon ikus daitezke. Baina, kalamuaren munduari lotuta, beste hamaika elementu aurkitu daitezke azokaren edozein txokotan.

Kalamua etxean landatzeko tramankuluek, esaterako, nabarmen erakartzen dute jendearen arreta. Baita beste hainbeste bitxikeriak ere: kalamu zaporeko gozokiak, landarea pisatzeko balantzak, erre ondoren patxada ederrean egoteko eserlekuak...

Stand batetik bestera, berriz, eskaintza askotarikoei buruzko papertxoak edota produktuen katalogoak banatzen dituzte, bakoitzari dagokion postura joateko. Beherapenak eskaintzen dituzte, edota kamiseta bat, produktu bat erostearen truke. Eta, askok, kalamu hazi batzuk doan eskuratzeko aukera ere bai.

Paradise seeds haziak, ordea, ez daude oparitzeko. «Gure haziek kalitate handia dute, eta jendeak erosi egiten ditu», azaldu du Luke Skywalkerrek, jabeak. Oraingoz, ez du askorik saldu, baina gaurko eta biharko espero du jende gehiena. Gainontzeko saltzaileak ere asteburuari begira daude. «Jende gehiena informazio eske etortzen da, eta gutxi saltzen ari gara», adierazi du Juan Morok; «jendea etorri ahala, asteburuan gehiago salduko dugula pentsatzen dut».

Denetariko jendea dabil Ficoban: informazio bila joanak batzuk, eta erostera, besteak. Marta Torreblanca, esaterako, Granadatik etorri da (Espainia); Grow Shop delako bat du han. «Banatzaile berriak ezagutzeko aukera ematen dit azokak, eta eskaintzen berri izatekoa». Hiru egunez izango da azokan. «Oraindik ez dut ezer erosi, begiratzen eta alderatzen ari naiz».

Jose Maria Zuazobide gertuagotik etorri da, Zarauztik, alabarekin batera. «Kalamuaren sendatzeko gaitasunen inguruan informazioa jasotzera etorri gara. Iktus bat izan nuen, eta mugimendua berreskuratzen lagunduko lidakeen jakin nahi dut».

Azoka baino gehiago

Bestalde, jai giroaz gozatzera joan denik ere bada. Izan ere, azoka baino gehiago da Expogrow. Erakustazokaren barruan, taberna bat dago. Eta kanpoan, berriz, oholtza handi bat, kontzertuak emateko. Marea taldea izan zen atzo oholtza horren gainean, eta B-Real zein Morodo izango dira gaur, besteak beste.

Jateko edo edateko aukera ematen duten zenbait postu ere badaude kanpoaldean. Saltxitxa ogitarteko ederra eros daiteke, edota txurroak. Azokara eguna pasatzera joanez gero, bazkaltzeko edo afaltzeko aukera ematen dute.

Irristatzeko gune bat ere bada, jateko postuen atzealdean. Kamisetarik gabe ikus daiteke jendea, oholaren gainean gora eta behera. Giro ederra, hortaz, Expogrow azokan. Kalamua gustatu ala ez, ezin ukatu jaiaz gozatzeko aukera, behintzat, ematen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.