Ezarian. Urriko azken astelehena Gernikan

Kaleak lepo, poltsikoa hutsik

Urriko azken astelehenean 100.000 lagun bildu dira Gernika-Lumora, baina jendetzak ez du bermatu salmenta datuaJon Etxebarriak irabazi du gazta txapelketa; 5.700 euro ordaindu dute enkatean

Jende ugari bildu zen atzo Gernika-Lumoko Neptuno plazan, gazta enkantean. Argazkian, Jose Antonio Bastegieta Marko, enkantean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Gernika-Lumo
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Jendetza bildu zen atzo Gernika-Lumon urriko azken asteleheneko azoka berezian. Iñaki Gorroño udaleko azoka arloko arduradunak esan zuenez, 100.000 lagun izan ziren Busturialdeko herri horretan. «Jende ugari badabil, baina gehienak begira bakarrik ari dira. Gutxi saltzen ari gara. Ez dakit, ordea, zerk duen eragin handiagoa, krisiak ala hilaren amaiera dela», zioen Iñaki Sarrionandia Igorreko (Bizkaia) baserritarrak. Biek izango zuten zer esanik. Haren irudipena ez zen izan harena bakarrik, ordea, gainerako saltzaileek ere ikuspegi hori baitzeukaten. Rebeca Galan Bilboko erroskila saltzaileak esan zuen jendearen joan-etorria handia izan arren dirurik ez dagoen lekuan ez dela denera iristen. Sebastian Lizaso bertsolariak Neptuno plazako eguerdiko bertso saioan ere honela kantatu zuen: «Karteristak ere EREan daude / zer osturik ez dagoelako».

Salmenten jaitsiera hori ohiko gazta enkantean ere sumatu zen. Izan ere, Muruetako (Bizkaia) Kamiñoko jatetxearen jabeak 5.700 euro ordaindu baitzuen atzoko gazta onenaren truke. Joan den urtean baino merkeago hori ere. Gazta irabazlea Jon Etxebarria eta Pui Arrieta bikoteak aurkeztu zuten lehiara —Zeanurin (Bizkaia) bizi dira—. «Sekulako zortea izaten ari gara aurten, Ordizian ere irabazi baikenuen irailean», Arrietaren esanetan. Eta sari hori irabaztea iragarki kanpaina itzela izan zen haientzat, eguerdiko hamabietarako ekarritako gazta guztiak salduta baitzeuzkaten. Denera, ehun ale. Beraz, ikuspegi negatiboa ez da saltzaile guztiengana berdin iritsi.

Gazta lehiaketa nagusian, Muniaingo Zabaleta etxea (Araba) sailkatu zen bigarren, eta Olaberriako Aizpea (Gipuzkoa) hirugarren. Txakolinetan, Larrabetzuko (Bizkaia) Jose Antonio Torrek zuri eta gorriaren sariak lortu zituen, eta Bakioko (Bizkaia) Zabala txakolinak, berriz, beltzarena eskuratu zuen. Barazkietan, Urdulizko (Bizkaia) Adela Andikoetxeak hamazazpigarrenez lortu du barazkien saileko saria, eta Gatikako (Bizkaia) Jose Etxebarriak, berriz, fruten sailean.

Denetariko ekoizpenak

Aurreko urteetakoen aldean salmentak urriagoak izan direla esan dute saltzaileek, baina joan den urtearekin alderatuz gero postu gehiago ere bazeuden atzo Gernika-Lumon: 286 denera. Horietatik gehienek, 65ek, gazta saltzen zuten, 43k barazkiak, eta txakolina, berriz, hogeik.«Ez dakit postu gehiago dagoelako edo, baina egia da salmentak oro har urriak izaten ari direla», Sarrionandiak azaldu duenez.

Salmenta postu gehiago egote horrek aniztasunean izan zuen eragina. «Horrek guri zuzenean egin digu kalte, patrikako diruak ez duelako denerako ematen», Galanek azaldu duenez. Erroskilak bigarren mailako salgai bihurtu dira, haren ustez. Hark bezala, Angel Garrostatxu dendako kideek ere ez zuten askorik saldu atzo —makinaria saltzen dute haiek—. «Hala ere, urteak dira azoketan apenas saltzen dugula makinarik; informazio eske etortzen zaizkigu gehienetan, eta urtean zehar tratuak ixten aritzen gara. Guri horretarako balio digu», Janire Garrostatxok dioenez. Baina azokan saltzen ez dituzten makinen ordez, beste produktu bat eskaintzen dute, haren esanetan, arrakasta handia duena: jostailuzko traktore eta makinak. «Horiek saltzen ditugu batez ere, haurrek jostailuzko traktore horiek ikusi, eta guraso edo aiton-amonek erosi egiten baitiete oro har». Bateko gabeziak beste alde batetik berreskuratzen dituzte gutxienez Gueñeseko saltzaileek.

Guillermo Gonzalez deriotarra atzo estreinakoz egon zen Gernika-Lumon; eraikuntzan lan egiten ibili ondoren, langabezian geratu, eta nekazaritza sektorera itzuli da. Lehen urtea izateko, aparteko lekua lortu zuten hark eta haren lankideak: Neptuno plaza inguruko hasierako salmenta puntuan zeuden. «Ez daukagu kexatzerik. Horren ondorioz, salmentak nahiko txukunak izaten ari dira, nahiz eta gehiago saltzea espero genuen», azaldu du. Krisiari aurre egiteko eredua ordezkatzen du hark, beste lanik ez, eta baserrira itzuli dena. «Ozta-ozta bizi gara, baina jaten ematen digu behintzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.