Inauteriak

Kaleak margotu dituzte

Gasteizko margolarien kalejirak eman die hasiera hiriko inauteriei. Arabako margolariak omentzeko jaia izateaz gain, kolorea eta musika ez dira falta izan.

Gasteizko margolarien kalejira Titania Teatro, Indarra Fanfarrea eta Biotzatarrak Fanfarrearen parte hartzearekin.
Gasteizko margolarien kalejira, atzo, Gasteizko tren geltokian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

«Gasteizko margolariek amaitu dute margotzen Atxuriko geltokia, Donostiakoa ere bai... Segi, segi, makinista, segi, segi etengabe; bestela, makina geldituko da... Bagoaz Gasteizera, inauterietara!». Fanfarrearen doinurik errepikatuena izan zen atzo. Urtero legez, margolarien ardura izan zen Gasteizko inauteriei hasiera ematea, eta ez zuten hutsik egin: alaitasunez margotu zuten giroa.

Sormenak gainezka egiten duen eta dibertimenduak bere adierazpen gorena lortzen duen momentua izaten da Gasteizko margolarien kalejira. Inauterietako lehen desfilea izaten da urtero, eta hiriko kaleak magiko eta fantasiazko agertoki bihurtzen ditu. Kolorez blai, musika kutsakorrarekin eta mozorro bitxiekin, ospakizun paregabea izan zen atzokoa.

Indarra Fanfarrea eta Biotzatarrak Fanfarrea, atzo, Gasteizko tren geltokian
Indarra eta Biotzatarrak fanfarreak, atzo, Gasteizko tren geltokian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Txikienak eta nagusienak, brotxa lodiko artistak ziren guztiak. Eguerdia pasata iritsi ziren tren geltokira, eta bide nagusia egin zuten, Ibiltaria eskulturaren inguruan geldialdi bat egin ondoren. Eskulturak pintore mozorro bat estreinatu zuen. Indarra fanfarreak jo zituen bideak iraun bitartean entzun ziren doinuak; Biotzatarrak eta Titania Teatro fanfarreen laguntza izan zuten horretarako. «Azkar, azkar. Hasi egin behar dugu», errepikatzen zuen margolari batek. Lortu zuten puntu-puntuan ateratzea.

Ester Gonzalez amak eta Oihana Fernandez de las Era Gonzalez alabak margolari rola hartu zuten atzo. Urduri zegoen alaba, eta baita ama ere, desfilean parte hartzen zuten lehen aldia baitzen. «Parte hartzera gonbidatu gaituzte, eta animatu egin gara», esan zuen amak, ilusionatuta. «Lagunekin ondo pasatu nahi dut», gehitu zuen alabak, lotsatuta.

Zergatik margolariz jantzita?

Amona Maritxuk gidatu zituen gainerako margolari guztiak. «Hemen ez dugu izenik, guztiok gara margolariak. Baina jarri amona Maritxu naizela». Desfile tradizionalaren inguruko hitz batzuk ere esan zituen bozgorailutik, Gasteizko margolariek hiriko historian izandako garrantzia goraipatuz: «Gasteizko margolariak tren geltokira iristen ziren urtero: herrialdearen eta Euskal Herri osoaren ikur garrantzitsu bat izan ziren». Eta ez hori bakarrik; Eiffel dorrearen zati bat margotu zuten taldeetako bat izan zela gaineratu zuen: «Dokumentazio lan handia egin dugu horretarako».

Margolariez gain, bestelako pertsonaia klasiko batzuk ere batu ziren kalejirara. Haiek zihoazen margolarien eta fanfarrearen atzetik. Arabako hiriburuaren erdigunetik ipuin klasikoetako pertsonaiak pasatu ziren: Txanogorritxo, Spiderman, Dortoka... Baziren originalagoak ere, edota ikus-entzunezkoetan inspiratu zirenak; La Casa de Papel telesailean, adibidez. 

Giro herrikoia duen hiriko jaiaren itzulera izan zen atzokoa, eta giro onari eustea zen Gasteizko margolarien lana. Honela amaitu zuen amona Maritxuk: «Hemen guztiok gara lagunak, guztiok etorri gara ongi pasatzera. Gasteizko margolarion ardura izango da jaiari hasiera ematea, eta beste guztiena alaitasunari egun osoan eustea. Gora inauteriak!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.