Jendez beterik zegoen atzo eguerdian Donostiako Parte Zaharra. Tabernaz taberna zebiltzan batzuk, lagunartean tragoak hartuz. Jai giroan beste batzuk, zer topatuko. Eta jende artean, Donostiako Añorga auzoko Arkaitz dantza taldeko kideak, kaleetan gora eta behera, euren ikuskizuna ematen.
Portaletan hasi zuten ibilbidea, 12:00etan. Txistulariak aurretik, bidea irekitzen; taldearen bandera handi bat zeraman mutila ondoren, eta dantzari guztiak atzetik, eskuan ezpata zutela. Neskak eta mutilak, bietatik zegoen dantzarien artean, denak berdin jantzita. Gona eta pololo zuriak zituzten soinean, eta zapia buruan.
Txistulariei jarraituz, Parte Zaharrean barneratu ziren dantzariak. Jende andana zegoen inguruan, eta dantzarien atzetik ere kalea bete pertsona. Dantzarien gurasoak eta lagunak ziren asko, argazki kamera eskuan, momentua harrapatu nahian. Izan ere, ez da egunero izaten Donostiako Aste Nagusian dantza egiteko aukera. «Donostian dantza egiteak esan nahi du jende askok ikusiko gaituela, eta hori ona da taldearentzat», adierazi zuen Naiara Hoyo dantzari gazteak.
Santa Maria elizan egin zuten lehen geldialdia. Eskaileretan gora igo, eta, eliza atzean zutela, ezpata dantza egin zuten ikusleei begira. Argazkiak ateratzen ari zirenentzat, irudi ederra. Bulebarrera joan ziren jarraian, Kale Nagusitik. Jendez lepo zegoen, eta terrazetan zerbait hartzen ari zirenek harrituta begiratzen zuten. Turistak ere bertaratu ziren, jakin-minez.
Ezpatei helduta joan ziren momentu oro dantzariak, txistularien atzetik. Ezpatekin zubi batzuk egiteko gelditu ziren momenturen batean, baina kaleetan ez zuten dantzarik egin. Izan ere, Konstituzio plazan amaitzen zen ibilbidea, eta han ziren dantza egitekoak. «Brokel dantzaren zikloa egingo dugu, hau da, dantza bakoitza elementuren bat erabiliz egingo dugu: makilak, ezpatak, zintak...», azaldu zuen Hoyok, plazara sartu aurretik.
Brokel dantza ez da atzoko emanaldirako espresuki prestaturiko ikuskizuna. Urte asko daramatza Arkaitz dantza taldeak ikuskizun hori egiten. Esperientzia badute, beraz. Dena den, Konstituzio plazan egin behar zuten lehen aldia zuten atzokoa.
Espero baino lehen iritsi ziren dantzariak Konstituzio plazara, 12:30ean. Aulkiak prest zeuden plazaren inguruan, emanaldia eroso ikusteko. Erdi bustirik zeuden arren, azkar eseri zen jendea, eskura zuten paperen batekin ahal zen moduan lehortuta. Haurrak, helduak nahiz edadetuak zeuden eserita, emanaldia noiz hasiko. Eta Konstituzio plazako tabernetan zerbait hartzen ari zirenak ere bertaratu ziren.
Talde osoa sartu zen plazara, eta ibilbidean erabili zituzten ezpatekin egin zuten lehen dantza. Txalo zaparrada batekin jaso zituen jendeak. Aurreskua ere dantzatu zuten ondoren, bederatzi neska-mutilek. Eta, gero, trokel zikloarekin hasi ziren. Ongi antolaturik zeuden. Taldearen zati batek dantza egiten zuen bitartean, hurrengo dantzarako prestatzen ziren besteak. Horrela, ez zuten etenaldirik egin behar izan, eta azkarra izan zen emanaldia.
Hoyok azaldu bezala, elementu ugari erabili zituen Arkaitz dantza taldeak. Egurrezko uztaiekin atera ziren lehenik. Zintekin ere egin zuten dantza, baita makilekin eta ezpatekin ere. Dantza asko ikusteko aukera izan zuten, hortaz, ikusleek.
Euskal dantzak aste osoan
Atzo bakarrik ez, Donostiako Aste Nagusian egunero dago euskal dantzak ikusteko aukera. Dantza talde baten txanda izaten da egun bakoitzean, eta Konstituzio plazan egiten dute emanaldia. Gaur, esaterako, Eskola dantza taldea izango da, 20:00etan. Tradizioa eta koreografia uztartzen ditu taldeak, eta egitarau zabala prestatu dute gaurko: ezpata dantza, uztai dantza, herribehera, arin-arina...
Bihar, berriz, Orioko Harribil dantza taldearen txanda izango da, 20:00etan. Euskal dantza tradizionalak lantzen dituzte, baina, horietatik abiatuz, koreografia modernoagoak ere egiten dituzte. Hiru emanaldi sortu ditu taldeak. Azkena, aurten bertan: Argi-Ilun izenekoa.
Jaiekin batera amaituko dira euskal dantzen emanaldiak, larunbatean. Donostiako Goizaldi taldeak egingo du dantza, 20:00etan. Sagar eta igitai dantza egingo dituzte tartean.
Donostiako Aste Nagusia. Euskal dantzak
Kaleetan barna, dantzarien atzetik
Aste Nagusian, egunero dago euskal dantzak ikusteko aukera; Añorgako Arkaitz dantza taldearen txanda izan zen atzo eguerdianGaur, Eskola dantza taldearen emanaldia izango da Konstituzio plazan, 20:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu