Peio Ospital. Irrati esataria eta kantaria

«Kaleratzean, harridura, mina eta haserrea sentitu ditut»

Marc Aillet Baionako apezpikuak Lapurdi Irratitik kanporatu du Ospital. Bere ekintzak «deabruarenak» direlakoan, mezulari batek esan dio jada ez dela ongi etorria irratian.

urtzi urkizu
2014ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Duela hamabi urte, esatari lanetan hasi zen Lapurdi irrati kristauan Peio Ospital (Ezpeleta, Lapurdi, 1948). Aurreneko lau urteetan langilea izan zen. Gerora, kolaboratzaile boluntario gisa aritu da, euskaraz beti. Irratiko administrazio kontseiluko kidea ere bada. Duela aste bat, Olivier Drape elizbarrutiko komunikazio arduradunak bidalita, Alexandre Agerre mezulariak, Ospitalen etxera joan, eta hau esan zion: «Lapurdi Irratian ez zara ongi etorria, eta itzuli lokaleko gakoak».

Nola hartu zenuen elizbarrutiak bidalitako mezulariaren kanporatze agindua?

Hasteko, harriduraz. Aurreratu didaten arrazoia da Baionako apezpikuaren «arerio edo etsai deklaratua» naizela, baina azaldu gabe hori zertan oinarritzen den. Jakin nahiko nuke erabaki hori zertan oinarritzen den; izan ere, nik ez dut gotzainari buruz inolako azalpenik egin irratian. Harriduraren ostean, haserrea eta mina sentitu ditut, bai moldeagatik, bai funtsagatik ere.

Olivier Drape elizbarrutiko komunikazio arduradunak esan du deabrua zu bezalako pertsonen bidez ari dela lanean.

Hizkuntza arkaikoa da benetan. Baina ez dago beste azalpenik, eta argibideak nahiko nituzke. Bihar [gaur] arratsaldean bilera bat izango dut Draperekin berarekin eta irratiko administrazio kontseiluko beste bi kiderekin. Ea Drapek zer esaten didan.

Elkartasun mezu ugari jaso dituzu egunotan, ezta?

Bai, azkeneko astean telefono dei eta posta elektroniko bidezko mezu ugari jaso ditut. Jendea oso haserretuta sumatu dut. Mezuen artetik batzuk apaizenak dira, baina baita laikoenak eta kultura nahiz sindikatu arloetakoak ere. Lekukotasun hunkigarriak iritsi zaizkit. Nire kasu pertsonala anekdotikoa da, baina egoera eta jendearen sufrimendua azaleratu egin behar da.

Aurreko apezpikuarekin gertatzen al ziren halakoak?

Ez. 2002an hasi nintzen irratian lanean. 2008. urtera arte, Pierre Jean Marie Marcel Moleres izan zen apezpikua, eta gauzak normal pasatzen ziren. Fedea eta Kultura izeneko talde bat genuen, eta han euskarazko pastoralei buruz aritzen ginen. Marc Aillet apezpikua sartu zenetik, gauzak zeharo aldatu dira. Hura sartu eta urte batera, txosten bat aurkeztu genion euskarazko pastoraltzaren zerbitzu bat sortzeko proiektuarekin. Ez du erantzun ordutik, eta inoiz ez gaitu errezibitu nahi izan.

Itxaropenik ba al duzu egoerari buelta emateko?

Oso zaila ikusten dut. Herria aldizkarian kronika bat idazten dut, eta han neure ikusmoldea ematen dut oraingo eliz funtzionamenduaz. Argi eta garbi adierazi dut kronika horietan ez nagoela Elizaren ildo integrista eta tradizionalistaren alde.

Herria-n idatzitako artikuluek lotura izan dezakete erabakian?

Artikuluetan azaldu izan dut gotzainaren ildoaren aurkako iritzia. Baina ez dakit. Eta ez dut ulertzen zergatik hartu duten erabakia orain.

Esan duzu Baionako apezpikuaren erabakiak testuinguru batean ulertu behar direla.

Estrategia zabalago batean kokatu behar da, bai. Euskal Herriko elizbarrutietan, Hegoaldean zein Iparraldean, egin izan diren gotzain izendapenak ikusita, bada estrategia bat. Elizak herri honekin historikoki izan duen lotura estua apurtzeko asmoa dago hor. Ez naiz bakarra horrela pentsatzen duena.

Pentsatu al duzu beste irrati batean parte hartzen hastea?

Horrelakorik ez dut pentsatu oraingoz, baina agian hori izan daiteke bide bat. Lapurdi Irratian jarraitzea zaila izango da. Gainera, elizbarrutiak ez du nahi nik irratiko langileekin harremanik izatea. Ez dute inolako barne eztabaidarik onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.