Fokuak jendeari begira daude. Jazzaldiak sortzen duen giroa irudikatzea dute xede argazkilariek. Lehen aldiz, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Jazzaldi Giroa lehiaketa abiatu du. Argazkien protagonistak ez dira artistak izango, haiek jendearengan sortzen dutena baizik. Elkarteko lehendakari Juan Ignacio Aizpuruak (Deba, Gipuzkoa, 1951) argi dauka argazkilariek beren trebetasuna erakutsi beharko dutela, sormenak garrantzi handia izango baitu lehiaketako epaimahaiarentzat.
Artistak kamera atzean utzi, eta jendea izango duzue protagonista lehiaketan.
Hori da. Kamerarekin jendearen emozioak harrapatzea erronka bat da, baina hori da lehiaketa honen xedea. Ez da gauza erraza, baina horretarako urte osoan eduki ditugun ikastaro eta tailerrak baliatuko ditugu.
Donostiako Jazzaldiak sortutako emozioak, zehazki.
Hori da. Musikak gauza asko ematen dizkigu, besteak beste emozioak. Aurten lehen aldiz egingo dugu lehiaketa, eta guretzat hori albiste ederra da. Otsailean Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen zuzendaritza batzordea aldatu genuen, eta, aldaketa horretan, gauza berriak egiteko grina piztu zaigu. Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinekin hitz egin genuen, eta gure proposamena helarazi genion. Azkenean, lortu dugu elkarlana. Lehen aldia da elkartea Donostiako ekitaldi kultural batekin batera aritzen dena. Horrez gain, aurten Jazzaldiko kontzertuetarako hiru akreditazio eman dizkigute; beraz, bazkideak artistei argazkiak ateratzen ere arituko dira.
«Otsailean Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen zuzendaritza batzordea aldatu genuen, eta, aldaketa horretan, gauza berriak egiteko grina piztu zaigu»
Nolakoa izango da lehiaketa?
Jazzaldian, argazkilari bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake. Epea uztailaren 31n amaituko da, eta irabazleak abuztu bukaeran jakinaraziko ditugu. Epaimahai bat egongo da, elkarteko hiru bazkidek osatua. Argazkilariek koloretan eta zuri-beltzean aurkez ditzakete argazkiak. Argazkiak gure elkartearen posta elektronikora bidali beharko dira.
Zer bereganatuko dute irabazleek?
Bi abonu, hurrengo urteko Jazzaldiko Trinitate plazako kontzertuetarako.
Argazkiekin erakusketa bat osatzeko asmorik baduzue?
Erakusketa fisikoa ez. Gure webgunean erakusketa birtual bat egingo dugu, lehiaketan parte hartuko duten argazki guztiak jasota. Hurrengo urteetara begira, badugu asmoa nonbaiten erakusketa jartzeko, baina aurten berandutu egin zaigu.
Zer faktore eduki beharko dituzte kontuan parte hartzaileek?
Argazki bat ateratzeko orduan behar direnak. Argia oso garrantzitsua da, adibidez. Kale batzuek argitasun handiagoa dute, eta beste batzuek, txikiagoa. Konposizioa ere oso garrantzitsua da, eta are gehiago kalean gaudenean.
Beraz, epaileek hori dena hartuko dute kontuan?
Hori da. Epaileek lau faktore aztertuko dituzte: argia, konposizioa, emozioen irudikapena eta sormena. Azken horren harira, adibidez, jende multzo handi batean beharrezkoa da xehetasunak bilatzea, argazki originalagoak ateratzea. Sormen hori errealitatean badago, baina argazkilariak ikusi egin behar du, eta momentu jakin hori irudikatu.
«Sormena errealitatean badago, baina argazkilariak ikusi egin behar du, eta momentu jakin hori irudikatu»
Beraz, azkarrak izan beharko dute argazkilariek.
Bai, ez dago gauzak prestatzeko momenturik. Horrelako irudiak lortzeko, zerbait ikusten duzunean, azkar atera behar duzu argazkia.
Zuri-beltzeko argazkiek gehiago transmititzen dute, zure ustez?
Nik uste dut hori subjektiboa dela, eta argazkilariaren esku dagoela erabat. Protagonistaren janzkerak, argiak, inguruko koloreek... gauza askok eragin dezakete horrelako argazkietan. Badaude argazkiak zuri-beltzean hobeto ikusten direnak, baina, adibidez, jende asko agertzen den irudi batean koloreak asko laguntzen du dena ikusten.
Argazkilariak ere giroan sartuta egon behar du argazki onak egiteko?
Nik uste dut Jazzaldira doan argazkilariak gustuko duela bertan entzungo duen musika. Guri emandako hiru akreditazioak lortzeko, adibidez, oraingoz bederatzi bazkidek eman dute izena, eta, seguru asko, jazza gustuko dutelako eman dute. Giroan sartzea eta eroso sentitzea lagungarria dela uste dut.
Kamera ala argazkilaria, zer da garrantzitsuagoa?
Lagungarria da kamera ona edukitzea, noski. Baina argazkilariak abilezia erakutsi behar du, eta jakin behar du momentuak aurkitzen. Gaur egun, teknologiak asko hobetu du argazkilaritza. Abiadura handiagoarekin ateratzen ditugu argazkiak, eta, horri esker, momentu beraren bost edo sei argazki eduki ditzakegu, eta ondoren onena aukeratu. Halere, kameraren atzean dauden begiak dira argazkilaritzaren oinarriak.
«Kameraren atzean dauden begiak dira argazkilaritzaren oinarriak»
Gaur egun, ia edonork du kalitatezko kamera bat patrikan, ezta?
Bai, sakelakoek gero eta kamera hobeak dituzte, eta hori erabilgarria da guretzat. Ikasi behar dugu sakelakoak erabiltzen; ezinbestekoa da haren kamerak dituen baliabide guztiak nola funtzionatzen duten jakitea. Horregatik, badugu asmoa gure bazkideei tailerrak eta ikastaroak emateko, mugikorreko kamerak nola erabili azaltzeko.
Aipatu duzu lehiaketari jarraipena emateko asmoa baduzuela.
Hurrengo urtean berriz egiteko asmoa edukiko dugu, seguru. Gainera, gauzak hobeto prestatzeko denbora edukiko dugu, eta Jazzaldiarekin harremanak sendotzeko aukera ere bai.
LOTSABAKO
Kontzertu batera, kamerarekin ala gabe? Kamerarekin.
Argazkiak, koloretan ala zuri-beltzean? Koloretan.
Zure ametsetako erretratua? Profil berezi bat duen edozein lagun.
Argazkiak ateratzeko leku bat? Itsasondoan, kai bat.