Kamiseta artedunak

Euskarri moduan elastikoak erabiltzen dituzten 32 artistaren lanak jarri dituzte ikusgai Bilboko AlondegianErakusketaz gain, arteari lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte egunotarako

Obra guztiak hainbat erakusmahaitan egongo dira ikusgai. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bilboko Alondegiak T-Festa antolatu du estreinakoz. Bertan, kamisetak euskarri moduan harturik, 32 artistak egindako lanak ikusteko aukera dago hilaren 24ra arte. Horrekin batera, beste hainbat ekintza izango dira: obren inguruko hitzaldiak, kamiseta bereziak sortzeko eta birziklatzen ikasteko tailerrak, kontzertuak eta DJak, besteak beste. 10:00etatik iluntzeko 22:00etara da ordutegia.

T-Festa ekimena «izaera sortzailea, diziplina artekoa eta inkonformista duen adierazpen artistiko berrien baitan» kokatu behar dela adierazi dute antolatzaileek. Bestalde, artista eta diseinatzaile horien lana hainbat formatan erakustea nahi izan dutela adierazi du Rosa Parma jaialdiaren zuzendariak.

Partaideetako batzuek, dagoeneko, merkataritza-izenpean edo proiektu artistiko txikien bitartez erakusten dute haien lana. Beste batzuek, ordea, kamiseta bat egiteko ideiak aurkeztuko dituzte.

Jaialdian, arte sorkuntzak erakusteaz gainera, elastikoak erosteko aukera ere emango dute. Pernan Goñi antolatzaileak jakinarazi duenez, «elastikoak 20 eta 40 euro artean eskura daitezke, artistaren eta diseinuaren arabera». Horrela, «arte eramangarria» bultzatu nahi dute antolatzaileek.

Urtero mota honetako jarduera bat antolatuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Hala, artisten eta diseinatzaileen sorkuntzez nahiz ekintza paraleloez gozatu ahal izango dute interesatuek.

T-Festak bertokoak diren eta izenpea eratuta duten artisten lana erakutsi eta bultzatu nahi du eta, era berean, oraindik sortzear eta ezagutzear dauden beste batzuenak ere.

Artearen eta merkatuaren arteko elkarrekintzatik sortu eta nazioarteko bizitza artistikoan nagusi diren mekanismoez arduratzen dira T-Festa jaialdiko arduradunak. Izan ere, euren esanetan, «mekanismo hauen ondorioz, artista batzuek soilik gara dezakete irabaziak ematen dituen karrera bat».

Kamiseta bat ez da luxuzko produktu bat, beraz, publikoaren eta sortzailearen arteko harremana errazteko tresna bilaka daitekeela uste dute jaialdiko artistek.

Hiru modalitatetan banatuta

Jaialdian parte hartzen duten artistak hiru mailatan sailkatu dituzte antolatzaileek. Lehenengoak, sinadura propioa, eta gutxienez, bilduma bat ekoitzia duten artista, diseinatzaile zein kolektiboek osatzen dute. Horiek bakarkako erakustokia izango dute euren lanak erakusteko.

Bigarren atalean, berriz, oraindik bilduma garaturik ez duten artistak daude. Gutxienez, kamiseta diseinu bat aurkeztu dute. Horiek ekoizteko, aukeratutako artista bakoitzari 300 euroko dirulaguntza eskaini diote diseinu horiek sortzeko.

Azkenengo taldekoek, berriz, kamiseta diseinuak aurkeztearekin batera, beste edozein eremu artistikotan sortutako euren lanetako bat erakusteko aukera izango dure erakustoki kolektiboan.

Interneten gehigarriak

Jaialdiaren inguruko informazio osoa biltzen duen webgune bat sortu dute: www.t-festa.org. Bertan, jaialdiaren nondik norakoak aurkezteaz gain, parte hartzaileen lanen argazkiak, jaialdiaren egitarau osoa eta antolatzaileei buruzko informazioa ere aurki daiteke, besteak beste.

Horrekin batera, sare sozialen bitartez ere antolatzaileekin harremanetan jartzeko eta informazioa jasotzeko aukera dago: Facebooken, T-Festa; eta Twitterren, @t_festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.