Kanaldude telebistak Harri salda saioa estreinatuko du asteartean, 19:00etan. Talk show formatuko programa izango da: astero, lekuko eta aditu desberdinak bilduko dituzte Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Kanaldudeko egoitzan. Askotariko gaiak aipatuko dituzte, batzuk serioak, beste batzuk arinagoak. Musika, literatura, zientziak, gizarte zientziak eta bestelakoak jorratuko dituzte.
Saioaren aurkezlea Xan Idiart izango da. Astero hiru gonbidatu izango dituzte. Bestetik, kronikari gisa Nora Arbelbide, Rafa Rodrigo, Joana Olasagasti, Allande Etxeberri, Lukas Hiriart, Matiu Bordato eta Adur Larrea arituko dira. Bertsularien Lagunak elkarteko kideek ere parte hartuko dute. Lehen saioan, Jurgi Ekiza musikaria gonbidatuko dute.