Ozena den arren, galtzear den hizkuntza bat da ezkilena. Bai, behintzat, Iruñean. Garai batean haien hotsaren arabera bizi zen hiria. Haien soinuarekin hasten zen lanaldia, haien kolpeekin atsedenaldia, eta musika harekin ixten ziren hiriburuko harresietako ateak. Denborarekin, galduz joan dira soinu horietariko asko, ordea. Ezkilak jotzeko sistema automatikoak ezarri zituzten ezkila dorre askotan; gizartearen ohiturak aldatu egin ziren, eta urteek gogor erasan zien kanpaiei. Denbora luzez, ezkila bakarra jo da eskuz Iruñeko katedralean, 10 tonako pisua duen Santa Maria izenekoa. Katedraleko ikurra. Ahotsa berreskuratu dute, ordea,garai bateko kanpaiek, iaz bukatutako zaharberritzeari esker, eta kanpaiak jotzeko ikastaroa ere antolatu dute orain, Francesc Llop i Bayoren gidaritzapean.
Valentziako katedraleko ezkila jotzaileen elkarteko zuzendaria da bera, eta baita antropologoa ere. 25 ikasleko talde batekin dabil egunotan Iruñean lanean. «Ederki pasatzen dute, eta hasiak dira urteko egutegia antolatzen. Gozatu egiten dute ezkilekin, eta igarri egiten da gozamen hori musikan». Dioenez, 50 dira ezkila jotzeko hirian dauden moduak, eta horietariko batzuk berreskuratzea da asmoa. «Piano bat bezalakoa da kanpandorrea. Zortzi ezkila ditu, baina ez dira beti denak jotzen. Pianoan ere ez dira tekla guztiak batera jotzen, harmoniaren arabera erabakitzen da zein den jo beharrekoa, eta zein ez. Harmonia landu behar da ezkilekin ere».
Bi egun daramate ikasleek ikastaroan, eta hirugarren saioa ostiralean izango dute. Azkena. Oinarrietatik hasi dira, Llop i Bayok jarritako bideoen laguntzaz. Garrantzitsua da bi alorrak lantzea, Llop i Bayoren hitzetan: teoria eta praktika. «Teoria ere garrantzitsua da, ezin baita ezkilak jotzera bakarrik igo, zer egiten den jakin behar da. Ezkilak jotzea ez da soilik ezkilak jotzea, emozioak ere transmititu behar dira».
Europa osoko ezkila dorreei buruzko informazioa jaso dute ikasleek bideoetan, eta ezkilak jotzeko dauden moduak ere ikusi dituzte. Ikusi, ikasi, eta baita praktikatu ere. Antropologoaren hitzak ezkila jotzailearenekin nahasten dira kasu honetan: «Norberaren berezitasunez ohartzeko, gainontzekoak ezagutu behar. Unibertsala ezagutu behar kanpai jotzaileak, partikularra izan nahi badu. Ezagutu behar dira beste ohiturak, partikularra praktikatzeko».
Indarra eta teknika
Fisikoa da ekintza, baina baita teknikoa ere. «Mugitzen dabilen 2.000 kiloko ezkilatzar batera hurbildu eta esku bakarraz geldiarazteko teknika da garrantzitsua, ez indarra. Garaiz kanpo hurbilduz gero, Nafarroako gizonik indartsuena ere Udaletxeko plazara bidal dezake kanpai hauetako batek».
Hasiak dituzte saioak ikasleek, baina aurrerago eskainiko dute kontzertua. Zaharberritzen ari dira orain katedralaren aurrealdea, eta uztailaren 21ean egingo da inaugurazioa. Eta egun hori aukeratu dute Llop i Bayok eta ikasleekikasitakoa erakusteko. Bat egingo dute orduan katedralaren aurpegi berriaketa hizkuntza zaharrak.
Kanpaien hizkuntza
Zaharberritu egin zituzten iaz Iruñeko katedraleko ezkilak, eta 25 bat ikaslek eman dute izena orain kanpaiak eskuz jotzen ikasteko antolaturiko ikastaro teoriko eta praktikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu