Maratila

Kanpaldiak

Xabier Etxaniz Rojo.
2011ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egia esan, ez diot jaramon handirik egin Espainiako Erresumako zero kilometroan egiten ari diren kanpaldiari. Ez dut ukatuko irribarre bihurri bat pizten zaidala telebistan hango kanpin-dendak, pankartak eta «Yes we camp» eta era horretako lelo irudimentsuak ikusten ditudanean, baina, zer nahi duzue nik esatea, hortik haratago deus ez. Pozgarria da, bai, baina ez naute hunkitzen ez Sol-ekoek ezta Bulebarrekoek ere. Ez bero eta ez hotz.

Zergatik? Ez dakit, ziurrenik Ana Malagonek Sustatu.com albistegi digitalean plazaratu zituen zioengatik: Espainiatik datozkigun kontuekiko axolagabekeria, mesfidantza, sistemak revolution hau aurki irentsiko duelako pentsamendu tematia… eta, zergatik ez, nire azalaren azpiko burges-txikia zein iraultzailea bestelako borroketan dabiltzalako azken urteotan. Gauza bat dela eta bestea dela, kontua da maiatzaren 15eko olatuak ez nauela harrapatu, zer egingo diogu, ba!

Dirudienez, kanpaldian bildutakoak noiz arte geratu behar duten eztabaidatzen ari dira. Ez dut besteen galtzetan sartzeko inolako asmorik, baina nik zera gomendatuko nieke, traste guztiak jasotzeko eta nor bere etxera joateko, ziur bainaiz aurrerago izango dutela protestatzeko parada hoberik. Izan ere, orain Espainiako demokraziaren kalitatearen kexu baldin badira, zer ez ote dute esango bi urte barru Raxoik gehiengo erabatekoa lortzen duen egunean…

Uff… gizajoek per secula-seculorum luzatu beharko dute kanpaldia…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.