Kanpoko zaporeak etxeratzeko

'Munduko sukaldaritza Euskal Herrian' obra argitaratu dute Ttarttalok eta BERRIAk, Fagorren laguntzaz; Alemania, Maroko, Mexiko, Argentina, Bretainia, Libano, India, Italia, Vietnam, Japonia eta Txinako errezetak dira.

Bilbo
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Kanpoko errezetak nola etxeratu. Hori proposatzen dute BERRIAk eta Ttarttalo argitaletxeak Fagorren babesarekin plazaratutako liburu berrian. Atzo plazaratu zuten, Bilbon, munduko zaporeak aurkezten dituen alea: Munduko sukaldaritza Euskal Herrian liburua. 156 orritan Alemania, Maroko, Mexiko, Argentina, Bretainia, Libano, India, Italia, Vietnam, Japonia eta Txinako 110 jaki nola prestatzen diren azaldu dute.

Idoia Arozena Ttarttaloko ordezkariaren hitzetan, «oso liburu berezia da». Batetik, sukaldea maite dutenentzat, «Euskal Herrian jatetxeak dituzten munduko hamaika lekutako errezetak irakasten ditu». Eta, bestetik, zapore eta ohitura ezberdinak dastatzea gogoko dutenentzako gida moduko bat da. «Jatetxe bakoitzak hamar proposamen egin ditu».

Alemaniako sukaldaritza Ein Prosit Bilbao jatetxeak ordezkatu du. Besteak beste, azpizuna Zuricheko erara nola egin edo alemaniar hanburgerrak zelan prestatu kontatu dute. Alfredo Thate partaideak dio errezetak hautatzeko orduan ikusgarritasunean eta erraztasunean oinarritu direla. «Lau urtaroak islatu nahi izan ditugu». Horregatik gomendatu dute udarako saltxitxa zuriko entsalada eta negurako patata zopa. «5 eta 82 urte artekoentzako lan bat da».

Phong Hoangek, berriz, Tsi Tao jatetxearen bitartez, Txinako gastronomia ezagutarazi du. «Gazteek eta zenbait helduk uste dute Asiako eta atzerriko jana- ria asteburuan jateko bakarrik dela. Liburu honen bidez adierazi nahi diegu asteburuez aparte egunero dasta daitekeen zerbait dela».

Frantsesez, gazteleraz eta euskaraz idatzi dute liburua. Euskarara BERRIAk itzuli du. Martxelo Otamendi pozik azaldu da lanarekin: «Euskaraz egitea oso garrantzitsua da guretzat, denborarekin gauzak eskaraz egitea albiste iturri ez izateko». Euskarazko egunkaria argitaratzen ari den gastronomia bildumaren laugarren lana da. Kutixiak donostiar erara, Handitzen, handitzeneta Betiko euskal sukaldaritza liburuak kaleratu dira aurretik.

Otamendiren iritziz, lan bikaina da obra berria. «Sukaldaritza erlijio laikoa da; denok dugu sukaldari edo tripontzi txiki bat gure barruan».

Jatetxe ospetsuak maisu

Jatetxe ospetsu bilakatu dute euren etxea liburuaren idazleek. Errezetak emateaz gain, herrialdeotako jatetxeek Euskal Herrian izandako bilakaera ere azaldu dute argitalpenean.

Idatzitakoaren saltsa eta osagaiak Jose Mari Uribarrik koordinatu ditu. «Mundua gure mundu txikian sartu da. Gaur egun ez da xelebrekeria beste lurraldeetako jakiak euskal jatetxeetan aurkitzea». Errezetak mahai gainean daude. Orain, dastatzea baino ez da falta.



Liburuaren fitxa

Izenburua. 'Munduko sukaldaritza Euskal Herrian'.

Egilea. Askoren artean.

Argitaletxea. Ttarttalo.

Orrialdeak. 156.

Prezioa. 21,50 euro.





BERRIAko harpidedunek liburuaerdi prezioan eskuratzeko aukera dute

Euskaraz idatzitako sukaldaritza eta irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, Munduko sukaldaritza Euskal Herrian liburua erdi prezioan erosteko aukera izango dute BERRIAko harpidedunek. Horretarako, 943-30 43 45 telefonora deitu edo [email protected] helbidean eskatu behar da liburua, abenduaren 8a baino lehen. Era berean, bildumako aurreko hiru liburuak -Kutixiak donostiar erara, Handitzen, handitzen eta Betiko euskal sukaldaritza liburuak- eskuratzeko aukera du nahi duen guztiak, obra berriarekin batera. Pintxoen mundua, umeentzako 200 errezeta eta Jose Castilloren lana biltzen dute lan horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.