Amaia Goikoetxea. ETB3ko 'Top Gaztea'-ko aurkezlea

«Kanpokoarekin ere ikasten da; ez dugu gure zilborrari begira egon behar»

Gaztea irratiko abestien Top zerrenda telebistan jarraitzeko aukera dago; orain, larunbatetan, 22:00etan, ETB3 katean.

Maite Alustiza.
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Amaia Goikoetxea (Zizurkil, Gipuzkoa, 1986) Gazteako kazetaria da. Irratiko esatari gisa nahiz telebistako Gaztea Klip saioan gidoilari ibilikoa da; orain, berriz, kamera aurrera egin du salto: ETB3n Top Gaztea saioa aurkezten du; bideoklipen bitartez, Top zerrendari begiratu bat ematen dio Goikoetxeak. Larunbatero ikus daiteke, 22:00etan; baita igandeetan ere, 00:30ean.

Nola ikusi duzu zeure burua kamera aurrean?

Lehenengo aldia da niretzat, baina, aurretik, kamera atzean egona naiz lanean, eta ingurua ezagutzeak asko lagundu dit. Beste aurkezle batzuk grabaketak egiten zituzten bitartean, ni hor egoten nintzen; gainera, kamerariak, errealizadoreak, aurkezleak... ezagutzen ditut. Erosoago sentitu naiz horrela, gainontzean nahiko errespetu ematen baitu kamera aurrean jartzeak.

Irratia txiki geratu al zaio Top Gaztea- ri?

Gaztea bereziki irratia da, baina webgunean eta telebistan ere adarrak ditu. Top Gaztea saioak ere adar horietan bere isla du orain; hiru euskarrietan presente dago. Telebistan ez ezik, webgunean tarte bat ere ematen diote, eta jende ugari sartzen ari da Interneteko tartera; bai abestiak entzutera, bai botoa ematera.

Azken urteetan, atzerriko abestiak euskarazkoen lekua hartzen ari dira Top zerrendan. Zer dela eta?

Orain dela urte batzuk zera erabaki zen: Gaztean emisio ordurik gehienak irrati formulakoak izatea. Astero bilera bat egiten da zerrendan zer abesti sartzen diren erabakitzeko, eta abesti horiek irizpide batzuen arabera aukeratzen dira. Hor atzerrikoak eta bertakoak sartzen dira. Hemengoari ez zaio bizkarra eman behar, baina ez dugu gure zilborrari begira egon behar. Kanpokoarekin ere asko ikasten da. Irrati formulan nazioarteko kantuak nahiz etxekoak erabiltzen direnez, Top Gaztea-k ere hori jarraitzen du. Gazteak hori erakutsi nahi du, eta, beraz, baita Top Gaztea-k ere.

Larunbat gauetan, Top Gazteaikus daiteke telebistan; irratian, berriz, Top Danceematen dute. Generoen eta euskarrien arteko lehia al dago?

Top Dance saioan tartea egiten zaie irrati formulan sartzen ez diren kantuei eta dantzatzeko modukoak direnei. Ez dago lehiarik; gainera, horrela osotasun bat lortzen da. Bere txokoa dute irrati formulako irizpideetatik kanpo geratzen diren kantuek baina entzutea merezi dutenek. Irrati formulaz aparte, badaude beste programa batzuk.

Top Gaztea-k izan dituen abestien artean, zein aukeratuko zenuke zuk lehenengo posturako?

Beharbada orain dagoena, Hel nazazu eskutik, Ken Zazpirena. Ortzemugak begietan zale asko eta asko itxaroten ari ziren lana izan zen, eta zerrendan denbora luzez egongo dela susmatzen dut. Zerrendarako hautagai bezala zegoenean ere sumatzen genuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.