Tere Irastortza. Idazlea

«Karmele Igartua eta bion nahia zen poesiaren eta musikaren indarrak batzea»

Tere Irastortza idazleak bere lagun Karmele Igartuak idatzitako azken poesia liburua aurkeztuko du gaur Donostian. Aurkezpenean 'Eta orain badakit' obrako atalak irakurriko ditu, musikaz baliatuta.

2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako 36. Liburu eta Disko Azokak euskal literaturako ordezkariak gonbidatu ditu egitaraua aberasteko. Datozen egunetan, besteak beste, Jon Arretxe, Toti Martinez de Lezea, Miren Agur Meabe eta Xabier Peñalva izango dira liburutegi nagusiko ekitaldi aretoan. Lehen saioa gaur izango da, eta Karmele Igartua (Aretxabaleta, 1959-2010) eta Tere Irastortzaren (Zaldibia, 1961) poesiak bilduko ditu, Eta orain badakit - Itsaso kontra bat poesia errezitaldian (19:30). Ezohiko saioa izango da gaurkoa. Igartuaren poesiarekin batera, Irastortzak bere liburuko atalak irakurriko ditu. Horretarako,Itziar Gomez poeta, Idazle Eskolako Izaskun Etxeberria, Aitor Furundarena soinu jotzailea, Iñaki Telleria perkusionista eta Garikoitz Mendizabal txistularia izango ditu ondoan. «Jendea liluratuta irtengo da», esan du idazleak.

Zer topatuko du entzuleak gaurko errezitaldian?

Errezitaldi bat baino harago doan emanaldi bat topatuko du; hiru arte motak elkar aurkituko duten saioa. Karmele Igartuaren Itsaso kontra bat obrako olerkiak eta Eta orain badakit nire poema liburu berriko olerkiak entzungo ditugu. Osagarri gisa, puntako musikarien soinua eta Izaskun Etxeberriak prestatu duen irudi emanaldia.

Itziar Gomezek Karmele Igartuaren poesiak errezitatuko ditu. Poetari eginiko omenaldi bat da?

Ez da omenaldi bat, ezta Karmele hiltzearen ondorioz sortutako proiektua. Aspalditik bizirik dagoen lankidetza proiektu bat da, Karmele eta biok pentsatua genuena. Poema liburuak argitaratu ostean, poesiaren eta musikaren indarrak batzea nahi izan genuen, eta aise lortu dugu. Karmelek eta biok genuen ametsa bete dugu, eta sorkuntza prozesua oso ederra izan da.

Nolakoa izan da prozesu hori?

Sorkuntzak alderdi zabal bat eskaintzen du, eta sortzaileok entzulearekin lan egin dezakegu.Aitor Furundarena, Iñaki Telleria eta Garikoitz Mendizabalek nire poesien irakurketa musikala egin dute, eta Izaskunek, olerkien irakurketa grafikoa.

Nolakoa iruditu zaizu musikariek zure poesiei eginiko irakurketa?

Oso lan ederra egin dute denek; nota bakoitza eta melodia bakoitza asmatu dute. Arnasak diskoko irakurketa poetikoa egin nien,eta orain beraiek berdina egin dute. Entzun orduko sumatu nuen nire poesia abesti horietan.

Zer betekizun dute musikak eta irudiek gaurko poesia errezitaldian?

Musika eta irudia ez dira laguntzaileak, integrazio bideak baizik. Zentzu horretan, elkarrekiko adeitasuna egotea funtsezkoa da: momentu bakoitza neurtuta dago, hizki bakoitza, nota bakoitza, irudi bakoitza. Jendaurrean eskainiko duguna gure artean egina dugu jada. Gure zirkulua zabaldu eta harago eramatea da emozio gehien eragiten diguna.

Zer emozio mota nahi duzue eragin entzulearengan?

Edertasunak bizitzari ematen dion zentzua da transmititu nahi dugun ideia nagusia. Gure poesia estetikatik harago eraman, eta soseguzko sentimendu bat eragin nahi dugu. Gainera, Karmeleren poesien gardentasuna gehitu nahi diogu saioari. Jendea hunkitua irteten da, liluratuta.

Pisu emozional bereziko saioa izango da zuretzat, ezta?

Inolako zalantzarik gabe. Parte hartzen dugun guztiok ezagutzen genuen Karmele. Errezitaldia ez da neutroa. Liburua irakurtzean sentitzen dugun emozio bera transmititu nahi diegu entzuleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.