Elikadura. Hazkurri kontuak

Kartzelara!

2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Komunikazioaren eta Informazioaren Gizarte honetan geroz eta isilpeko eta ezkutuagokoak zaizkigu guretzat funtsezko edo ezinbestekoak diren kontu batzuk. Nork isilpean gorde, zeinek ezkutatu?, ahal duenak. Botere duenak, agintari demokratikoek, alegia. Horiek erabaki dute herritarrok geure elikagaiez gauza asko ez ditugula jakin behar edo, goxoago adierazteko, hobe dugula zer jaten dugun ez jakitea.

Europako legeriaren arabera, produktu jangarri batek (tomate saltsak, adibidez) elikagai transgenikorik daukan etiketan agertzea debekatua dago, ezin da adierazi ez badaukanik, ezta ez daukanik ere. Kontsumitzaileak ez omen du eskubiderik jakiteko janari horrek nolako eraginak sortuko lizkiokeen epe labur, ertain edo luzera, genetikoki aldarazitako organismoen presentzia dela-eta. Beharbada kaltegabeak izango dira organismo horiek, baina akaso ez. Horrenbeste, ez du jakingo bihar-etzi agertuko zaizkion sintomak transgenikoak hartzegatik izan diren edo ez. Ezta, beraz, halako edo bestelako transgenikoa kontsumitzearen ondorio izan den, harako beste hark ondorio kaltegarririk ez zuelako, zientifikoki frogatu zen bezala, eman dezagun.

Big Brother kontinentala dugun Europako Parlamentuak animalia klonatuen edo klonatuen ondorengoen produktuak (haragi, odol, esnea…) dituzten elikagaien etiketan horren aipamenik egitea galarazi du, kide diren estatuetako gobernuek hala aginduta. Arrazoia: horrek Estatu Batuekiko merkatu-gerra piztu dezake. Kontsumitzaileak ez du eskubiderik lehen edo bigarren belaunaldiko elikagai klonatuak hartu nahi duen erabakitzeko.

Lehen mailako profeta izan gabe ere, zerbait iragar dezakegu, hortxe dagoelako haren itzala: Japoniako lurrikararen ondorioz suntsituriko zentral nuklearretik alde eginiko erradiaktibitateak (Bilbon atzeman denak, esate baterako) kutsatu dituen elikagaiak ez dituela erosiko esan du AEBko Gobernuak. Japoniar ekoizle eta banatzaileek elikagai erradiaktibo horiek zakarrontzira botako dituzte? Erre edo desegin egingo dituzte? Jan egingo dituzte?

Zergatik ukatuko digu oraingoan Europako agintariak erradiaktibitatez kutsaturiko elikagaiak zein diren bereiztea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.