Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II)

Kaukaso zabaleko muga hauskorretan

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - KAUKASO
Hil kanpaiak Kaukasoko glaziarrentzat. IÑAKI ANTIGUEDAD
Iñaki Antiguedad
Georgia-Armenia
2023ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Goizeko bero sapa larruan eta bidaia-poltsa lepoan egin dugu muga bien arteko laurehun metroko bidea, oinez, berez lotura den Debed ibai gainetik. Gerra Hotzean girotutako eszena dirudi, militarrak ere erruz. Heldu berriak ginen Georgia atzean utzi, eta Armeniara sartzekotan gara, egun batzuk eginda bueltatzeko asmoz. Mugan mugakoa eta Armeniako errepublikan gara, espazioan eta denboran bidegurutze. Igaro berritan erliebe zorrotza dugu zain, errepublikaren iparraldea hartzen duen Kaukaso Txikia. Errebueltaz egindako errepide bazterrean atentzioa eman dit industria itxurako eraikin asko guztiz zaharkituta ikusteak, eta gehienak utzita ere bai; «sobietarren legatua», pentsatu dut estiloaz jabetuta, hori estiloa bazen, behintzat!

Monasterioak hartu ditut bide iragana arakatu nahian. Hara, Armenia izan ei zen lehen erresuma kristautasuna aldarrikatzen, 300. urtearen inguruan. Eta harro dira egun ere, herrialde islamiarrez inguratutako kristau-irlan. Mongolak, persiarrak, otomandarrak... oso inguru zabaleko tropelek hartu zuten Armenia konkista-lur historiako une ezberdinetan, eta geroago errusiarrek sobietar hartu zuten... baina 1991. urtetik berezko errepublika den honek dudazko geroa dauka, mugakideak mugakide, geoestrategia estrategia.

Mendi parajeotan egin dugu topo estreinakoz monasterioekin; ohikoa ez bada ere hauek ibaiak utzitako terraza batean daude, ez mendi lepoan. X. mendean eraikitzen hasiak edo, gerora, beste askok bezala, eraitsi-eraiki kiribilean osatu dute beren historia. Gehienak gizateriaren ondare izendatu ditu Unescok, izendatzen hasita. Diotenez, mongolek gustukoa zuten eraikinak txikitzea; persiarrek, ostera, eraikinotan ziren izkribuak gordetze aldera egin zuten. Hortaz, ikusgarriak fraideek, badaezpadakoan, idatzizko lanak oldarralditik babesteko asmatu zituzten ezkutalekuak. Irudimena agintari!

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - KAUKASO

Haghpat monasterioa, Armeniako Kaukaso Txikian. IÑAKI ANTIGUEDAD

Istorioz betetako historia da monasterioena; kronikek diotenetik gertaera batzuk sinestezinak dira, sinesgaitzak gehienak, baina fedeak dirauen artean... Apaiz gazte asko ikusi ditugu han-hor erlijio lanari emanak, eta halako hamaika fededun ere bai eliz atariko postuan kandela hartu eta pizteko ilaran. Bizi egiten dute fedea, han behintzat. Monasterioak ez ziren baitaratzerako kultu guneak bakarrik, jakintza sorgune ere baziren; areago, auzoen arteko liskarrak konpontzeko gune ere bai, biltzar leku, erlijio hutsetik harago. Barne eta kanpo arkitektura eraikinok betetzen zituzten eginkizunen ondorio da. Niri deigarria egin zait, zelan ez, lurrikaren astinduei eusteko ehundu zuten egitura. Izan ere, lurrikarak ohikoak dira Kaukasoen lurralde zabalean, eta... azken batean esperientzia da zientziaren ama: hobe malgutasun sendoa zurruntasun hauskorra baino.

Hegorantz erliebea kamustuz doa, zaharragoa den seinale. Mendiak goi lautadari eman dio bide eta basoak laborantzari. Ezagun egiten zaizkigun belar-metak ikusgai, paisaia larreak, laboreak, abelburuak eta mahastiak hartuz doala. Izan ere, nekazaritza garrantzitsua da ekonomian, frutak eta barazkiak Iran, Georgia eta Errusiara esportatzen dituela. Industria ez da sobietarren garaian zena, Azerbaijanekin duen hausturak petrolioaren eta gasaren sarbidea moztu diolako. Lehen merke zuten eskura, baina akabo. Armeniak badu historia geologikoa ere; aberatsa da mineral estrategikoetan, baina pobrea eraldaketa teknologian.

Hiru milioi pasatxo biztanle ditu Armeniak 30.000 kilometro koadroan, herenak Erevan hiriburuan. Baina halako hiru ei dira, kausak kausa, kanpoan bizi diren armeniarrak. Eta guztiek Ararat dute bihotzaren zati. Sartaldera egin dugu, Khor Virap monasteriora. Besteen aldean badu guztiz berezi egiten duen zerbait: aurrez aurre Ararat sumendiko konkor biak dituela eskura, motz-motzean... hori bai, erdian dauka Turkiak muga ezarrita, armeniarrek sakratua duten mendia barne hartuta. Etsigarria gidari andereak ezkutatu ezin duen malkoa, otomandarrek orain mende bat eragindako genozidioa eta erreferentzia biblikoa duen mendia gogoan. Ararat gaur Turkiako tontorrik altuena da, irabazleen geografian.

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - KAUKASO

Lausoan ere, Ararat bihotzaren zati. IÑAKI ANTIGUEDAD

Gaur sortaldera, mugak itxita dauden Azerbaijan aldera, eta Karabakh Garaia etorri zait burua. Bada, gertu dugu orain, azerbaijandarrez inguratutako armeniarren barrendegia, horiek Artsakheko errepublika izendatua. Giro nahasia, tenkatua. Kaukasotik etxera bueltan jakin dugu eskualde hori guztiz hartu duela Bakuko Gobernuak milaka armeniarren ihesaldia areagotuz. Zaharrak berri.

Geoestrategia. Armeniak mugakide ditu Turkia hego sartaldean eta Azerbaijan sortaldean, eta bietan mugak itxita. Lotura bakarra Georgia iparrean eta Iran hegoan daukate. Azerbaijanek itsasorik ez badu ere Kaspiarra eta Beltza korridore batez lotzeko, hidrokarburoak ateratzeko, eta Turkiak, portuak baliatzeko, partekatzen duten apustuen erdian dago Armenia, pasabide...

Urartu eta Araxes

Kolpea gero! Armeniaren historian arreta eman dit sarri ageri den Urartu izenak. Hori ei da gure aro aurreko IX. mendean Itsaso Kaspiar eta Beltzaren arteko hegoko herrialdeak hartzen zituen erresuma. Berdin Armeniako hegoaldea mugatzen duen Araxes ibaiarena. Kasualitatea ala kausalitatea, baina arreta eman dit. Egia esan, Armenian baino gehiago Georgian topatu dugu euskararekiko loturaz zerbait entzuna zuen jendea. Edozelan ere, armenierak eta georgierak ez dute elkarrekin zerikusirik, eta Kaukasoen zabalean den hizkuntza aniztasunaren parte dira. Ez da, beraz, arraroa Kaukasori «hizkuntzen mendia» deitu izana.

Iparreko mugara helduta, arestian ibilitako bidea kontrara egin dugu gaur, Gerra Hotzekoa berriro gogoan. Tbilisin gara, milioi bat biztanle pasatxo duen Georgiako hiriburu kulturaniztunean, Kaspiarrerantz doan Kura ibai handiak ardaztutako hirian. Kolpea gero, eraikin askotan NATOko eta Europar Batasuneko banderek ez dute uzten etxe aurreak ikusten, «Orduan hasten bainaiz ezkutukoa...». Hiriak hiri, handiak handi, berezkoa modernitateak ekarrian lausotua... Iparrera jo dugu, Errusiarekin lotura arteza duen errepidea hartuta, nonoiz Adiskidetasun Bidea zena, nahiz eta ez dirudien egun izenak izan hori duenik, inguruan berriki izandako lurralde gatazkek garraztu egin baitute izandako hura.

Ipar-mendebaldeko mendi aldera egin dugu, Kaukaso Handiko gunerantz, horretarako, hori bai, buelta handia emanda Errusiak 2008an eskuratutako Hego Osetia saihesteko. Egia esan, orokorrean, auto gidariek ez dakite erdiko marra jarraitua zertarako den, edo ez dute gure moduan ulertzen, behintzat; hori bai, beti irribarrez. Urtegi handi batean hartu dugu atseden, bisitarientzat propio egindako argazki gunean. Deigarria egin zait begiratokiaren ondoko kartela, urak azpian hartutako herrixkak gogora ekarle; zaharrak berri, han eta hemen.

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - KAUKASO

Vardzia, fedea fede eta arroka lagun (Georgia). IÑAKI ANTIGUEDAD

Aurrera goaz. Nik mapa beti eskura, lekuko zooma angeluhandian ulertzeko beharra dudalako. Itzelezko lanak nonahi, errepidea zabalduz, errebueltak zuzenduz, mendia zulatuz, bazter-hegalak lotuz, ehunka langile lan-txaleko koloretsua aldean, txinerazko hitzak dauzkaten kamioitzarrak... Kaspiarretik Beltzara kapazitate handiko korridorea helburu, denetik eta arin batean garraiatzea eskubide hartuta, egungo Zetaren Bidearen bertsio georgiarra daukate. Jakina da ekonomiak ondasuna eta hondamena dakartzala, azken hori pasoko lurraldeetan utzita. Hori bai, hamaika natura erreserba ageri dira inguru honetan nire mapan, aitzakia gisa edo.

Ibarretan laborantza nagusi, esportaziorako emaitzak. Barazkiak eta mahatsak nonahi. Harro dira georgiarrak eurek izan omen zirelako munduan lehenak ardoa ekoizten; ardo botilak sikiera erruz daude dendetan. Barazki asko batera dietan eta plater asko batera mahaian; hori bai, martorria denetan, falta barik. Ez dakit behinola hizkuntzak batu gintuen, baina argi daukadana da historiaren bidegurutzeren batean georgiarrek martorria eta euskaldunok perrexila lehenetsi genituela. Enguri ibaian zentral hidroelektriko itzela ikusi dugu. Ibaiak ibai, halakoetatik ateratzen du Georgiak energia gehiena, Azerbaijaneko petrolioa eta gasa ere eskura dituela, Armeniak ez bezala. Eta Georgiak kosta bai, Beltzean.

Svaneti, ezkutuko eskualdea

Mendien artean gora egin eta helduak gara gorriz markatutako helmuga batera: Svaneti, Kaukaso Handien altzoan babesa hartu zuen eskualdea, ederra, handientsua eta basatia da, azken hori gero eta gutxiago, gu bezalako bisitarien zamagatik. Paraje ikusgarria inondik inora; arima banu horren betegarria... Zelan ez, Unescok ondare izendatu du! Atentzioa ematen duen lehena han-hor diren dorre altuen sarea da, bailararen ikur, nonbait aldian behin kanpotik zetozen erasotzaileengandik familiaren babesleku gisa eraikita.

Mestia da bailararen atariko herria. Hortik gora egin dugu, haranaren hondarrean den Ushguli herrixkara. Guesthouseak nonahitik arautu gabeko mosaikoan. Errepidea zabaltzen ari dira, eta zola berritzen, masifikazioaren esperoan, urruneko herrixkak arin batean gure eskura izan daitezen. Pentsakor utzi nau errealitateak. Unescok berak abisua du eman berria, desordena mugatu ezean izendapena kenduko duela. Kontuak atera! Dede filmak ezin hobeto islatzen du, antropologia eta melodrama uztartuz, hemengo negu gorri etengabean biztanleen egunerokoa... Gure kamerak ez du dena hartzen.

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - KAUKASO

Ushguli ezkutuan, babes-dorreak ikur. IÑAKI ANTIGUEDAD

Ushguli abiapuntu egokia da ur zurixkako ibaiei sigi-saga jarraituz glaziarren muturrera ailegatzeko. Basoak hegal batean, larreak eta abelburuak bestean, orientazio kontua da dena. Betiereko elurren mendiak begien bistan, kontzientziak seinalatuz. Glaziarrak atzera ari dira egiten, arin, hemen ere mendiak direlako zaurgarrien berotze globalaren aroan. Gaur ere ederto jotzen du eguzkiak eguerdi aldera. Udaran bero sapak berdindu egiten gaitu han-hemen.

Tbilisin gara berriz, Euskal Herrirako bidean. Pentsakor jesarrita, zenbat aldiz ez ote diren aldatu Kaukasoen inguru hauetako mapa geografikoen mugak, zenbat aldiz ez ote diren aldatuko. Muga hauskorrak gero, mugikorrak behintzat. Halabeharrez. Historiaren une batean ezarritako mugek ezin dute historia osoa mugatu. Mapak berak dira arazo, han eta hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.