Gero eta gutxiago falta da Olentzero eta Mari Domingi kax-kax aritu daitezen Euskal Herriko etxeetako atarietan. Gabon gauean pasatuko dira etxeetatik opariak banatzeko, baina, lehenago, geldialdi ugari egingo dituzte Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan. Iragarri dute ja lehen geldialdia: Baionan izango dira gaur.
BAIONA
Izan ere, Olentzero Eguna ospatzekoak dira gaur Lapurdiko hiriburuan. 10:00etan ekingo diote jaiari: kalejiran ibiliko dira hiriko kaleetan barrena, gabon kantak abesten. 12:00etan mutxikoak dantzatuko dituzte Roland-Barthes zabalgunean, Olentzeroren eta Mari Domingiren omenez, eta 13:00etan taloak jateko aukera izango da leku berean.
Horiek beroketa lanak izango dira, 15:00etan iritsiko baitira Errobi ibaitik Olentzero eta Mari Domingi, ontziz, Chaho kaira. Baionako kaleetan ibiliko dira herritarrak agurtzen, Roland-Barthes zabalgunetik Espainiako Ateraino. Bukaeran, txistorra eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.
Olentzero Egunaz gain, denetariko jarduerak antolatu dituzte Baionan eguberrietarako. Gabonetako azoka irekita egongo da urtarrilaren 7ra bitarte, Gotorleku plazan, eta denetariko kontzertuak emango dituzte. Gaur, esaterako, kantu emanaldia egingo dute Gurutze Sainduaren elizan, 20:30ean, Haiz Egoa elkartearen 30. urteurrena ospatzeko. Bizarzuri eta haren iratxoak, berriz, bihar helduko dira Lapurdiko hiriburura.
Lapurdin ez ezik, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere izango da gabon giroa. Donibane Garazin, esaterako, gabonetako kontzertua emango du Bestela taldeak. 18:00etan egingo dute, elizan. Maulen, berriz, abenduaren 20an Iratxoen tailerra egingo dute. 14:00etatik 17:00etara haurrek eta gazteek eskulanak eta gabonetako opilak egiteko aukera izango dute, Pasarelan.
BILBO
Lapurditik pasatu eta gero, Euskal Herriko beste hainbat txokotara joango dira Olentzero eta Mari Domingi. Abenduaren 23an, adibidez, Bilbotik igaroko dira. Kalejira magikoa egingo dute Galtzagorrirekin, Moiua plazatik 18:00etan abiatuta. Arriaga antzokiaren aurrean agurtuko dituzte Bilboko haurrak —eta ez hain umeak—. Gau horretan, Arriagan hartuko dute atseden, eta hurrengo egunean haurrekin elkartuko dira berriz. Haiekin aurrez aurre egoteko, gurasoek Bilboko Udalaren webgunearen bidez eskuratu beharko dituzte txartelak, abenduaren 21a baino lehen.
Arriaga antzokitik oso gertu, Areatzan, eguberriekin lotura daukaten denetariko jarduerak eskaintzen ari dira. Izotz gainean patinatzea gustatzen zaienentzat, izotz ekologikoko pistak daude. Goizez eta arratsaldez daude irekita, eta, eguraldiaren ondoriozko ezustekoak saihesteko, estalita daude. Urtarrilaren 7ra arte egongo dira eskuragarri. Eta ez hori bakarrik: izotz ekologikoko txirrista bat ere kokatu dute, haurrek jolastu dezaten.
Areatzan ez ezik, Erripako kaian ere izango da zer egin. Batetik, Gabonetako Ametsen Faktorian 3 eta 12 urte arteko umeek denetariko jolasak egiteko aukera izango dute: baso magiko bat dago, Olentzerori gutuna bidali ahal izateko postontzi berezi bat, altzarien labirintoa, ipuinentzako gunea, sormen gunea eta abar. Bestetik, Gabonetako azokan artisauek egindako produktuak izango dituzte salgai.
IRUÑEA
Aurten ere Olentzero eta Mari Domingi Iruñera joango dira, eta Joseba Asironek alkate izateari utzi zionetik —2019tik— lehen aldiz, udaletxeko balkoian izango dira Nafarroako hiriburuko haurrak agurtzen. Olentzeroren Lagunak taldeak nabarmendu duenez, lehen aldiz sartuko dira Iruñeko udaletxean. Elkarte horrek azken sei hamarkadetan antolatu du kalejira, eta aurten ere egingo dute, hiriko zabalgunean eta alde zaharrean. Udaletxearen aurrean musika ekitaldi bat izango da, Olentzero eta Mari Domingi omentzeko.
Bilbon bezala, Iruñean izotz gainean patinatzeko pista bat egongo da Gazteluko plazan, eta Sarasate pasealekuko Eguberrietako azokan denetariko elikagaiak eta bestelako produktuak salduko dituzte, gabon girokoak. Horiez gain, musika ekitaldi ugari izango dira; asko, kalean. Gaur, adibidez, kalean izango dira musika ikuskizunak. 11:45ean, San Nikolas kaletik abiatuta, AGAO abesbatzak musika joko du; 12:00etan, Nafarroako Txirulariak taldeak kontzertu bat egingo du Udaletxe plazan; eta Joaquin Maya musika eskolakoek tuba kontzertua emango dute 18:30ean, leku berean.
GASTEIZ
Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazara iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, abenduaren 24 arratsaldean. Plazaraino segizioa egingo dute erraldoiekin, buruhandiekin eta galtzagorriekin. San Migeleko balkoitik agurtuko dituzte haurrak. Egun hori baino lehenago, Gasteizko txikienek aukera izango dute Florida parkean kokatuko duten Olentzeroren Etxean gutunak uzteko.
Gainera, haur ikuskizunen erakustaldia egingo dute Gasteizen, hogeigarren aldiz. Abenduaren 29an Ene Kantak taldeak Emozio festa ikuskizuna egingo du, erakustaldiaren barruan, Mendizorrotzako kiroldegian. Kaleetan ere musika animazioa izango da eguberri garai osoan.
DONOSTIA
Abenduaren 24an ere Donostiatik pasatzeko aukera izango dute gabonetako izarrek. Mari Domingi eta Olentzero 16:00etan iritsiko dira hirira, eta 18:30etik hiriko kaleetan ibiliko dira, donostiarrak agurtzen. 19:30ean borobilduko da etorrera, Alderdi Eder lorategian.
Ordura arte, ordea, izango da zereginik. Gabonetako azoka, urtero bezala, Frantzia pasealekuan dago, eta jarduera asko antolatu dituzte horren bueltan. Bihar, adibidez, Santa Zezilia abesbatzak kontzertu bat emango du Urumea ibaiaren ondoko eremuan, eguerdian. Arratsaldean, artisau xaboia nola egin irakatsiko du Ricardo Romerok, leku berean.