Ikerlariak

Ola Ogunyemi eta Lada Price: «Kazetariek ez liokete beldurra izan beharko laguntza eskatzeari»

Egoera traumatiko bat jorratzean, kazetariak estrategiak eduki behar ditu ondorio psikologikoak saihesteko: besteak beste, lanetik deskonektatzen jakin behar du, Ogunyemiren eta Priceren arabera.

Ola Ogunyemi eta Lada Price ikerlariak, Bilboko Bizkaia aretoan, astelehenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ola Ogunyemi eta Lada Price ikerlariak, Bilboko Bizkaia aretoan, astelehenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Kazetariari gerta dakioke egoera traumatikoak jorratu beharra: horiek horrela, prest egon behar du biktimak eta lekukoak egoki tratatzeko, baina baita bere burua babesteko ere. EHUk gaiari heldu zion astelehenean, Bilboko Bizkaia aretoan antolatutako jardunaldi batean: Kazetarien prestakuntza eta erresilientzia gai sentikorren estalduran. Oinazea kudeatzeko gako batzuk eman zituzten Lada Price Sheffieldeko Unibertsitateko ikerlariak (Stara Zagora, Bulgaria, 1972) eta Ola Ogunyemi Licolneko Unibertsitateko ikerlariak (Ibadan, Nigeria, 1962). Jetreg Kazetaritza Hezkuntzarako eta Traumarako ikerketa taldeko kideak dira biak.

Zaintzak egon behar luke kazetaritzaren oinarrian?

LADA PRICE: Uste dut aintzat hartu behar dela azkenaldian etsaitasun handia dagoela kazetarien kontra, eta publikoak ez duela benetan ulertzen haien lana. Agian, iraganean ez delako beti egin kazetaritza etikoa, eta hanka sartzeak egon direlako. Baina garrantzitsua da publikoak uler dezan kazetariek rol garrantzitsu bat betetzen dutela gizartean. Eta garrantzitsua da kazetariak zaintzea bai iturriak, baita bere burua ere. Gai konplikatuak jorratzen dituztenean, askotan ez dute horren inguruan inorekin hitz egiten, baina hitz egin beharko lukete, lankideek izan ditzakete-eta ezinegon horri aurre egiteko baliabideak. Eta garrantzitsua da kazetaritza ikasleei ere horren inguruan hitz egitea, erredakzioetako giroaren inguruko estigma ezabatzeko.

Nola saihestu daiteke kazetariaren gehiegizko inplikazioa?

PRICE: Lanaren parte bat da. Kazetariak estrategiak bereganatu behar ditu, eta ez badio bere buruari ere arreta ipintzen elkarrizketen ondoren, erre egin daiteke azkenerako, sufrimendu eta estres handiz; kazetari batzuek profesioa utzi dute ondorioz, eta galera handia da, kazetariak inoiz baino gehiago behar baititugu. Gai horiek elkarrekin landu behar dira erredakzioetan, baina ez da egiten; kazetari batzuk beldur dira editoreek biguntzat joko dituztela, eta aurrerantzean ez dituztela bidaliko halako gaiak jorratzera.

Zer egin dezake kazetariak?

PRICE: Kazetariek eskura dituzte dart center-etako baliabideak eta ikastaroak [egoera biolento edota traumatikoak jorratzen espezializatutako zentroak dira]. Zaila da berehala kudeatzea, ezin baita oinazea desagerrarazi egoeratik ateratze hutsagatik. Hausnarketa oinarrizkoa da, zeren agian ez zara konturatzen ondorioez urte asko pasatu arte; garrantzitsua da ondo jatea, ahalegintzea ondo lo egiten, eta bereizten. Baina kazetariak oso txarrak dira beren bizitza pertsonala eta profesionala banantzen... Batzuetan, istorio bat jarraitzen aritzen dira egunean 24 orduz eta astean zazpi egunez: agian lanaldia bukatu dute, baina jarraitzen dute irratia entzuten, edo telebista ikusten... Ezin dute deskonektatu. Garrantzitsua da gorputzari eta buruari arnasa ematea, eta jakitea noiz eskatu behar den laguntza; kazetariek ez liokete beldurra izan beharko laguntza eskatzeari.

Kazetaria nola hurbildu beharko litzateke iturri delikatu horietara, eta nola prestatu beharko lituzke elkarrizketak?

OLA OGUNYEMI: Kazetariak lehenak dira agertzen istripuan edo aferan, eta azkenak joaten. Tarte horretan, hitz egin behar dute jende mordo batekin: bizirik atera direnekin, medikuekin, poliziarekin, lekukoekin... Bizirik ateratakoak elkarrizketatzean, enpatiaz hitz egin behar diete, aintzat hartuta gertakari traumatiko bat bizi berri dutela. Informazioa beharrezkoa da, eta informazioak ere babestua izan behar du, gure askatasunaren parte bat baita. Baina arduraz erabili behar dugu.

Informazioa ezkutatzea izan daiteke biktimak babesteko modu bat?

OGUNYEMI: Argi dago informazioa hautatu beharra dagoela. Adibide hau erabiltzen dut: imajinatu parrandan joan zarela, eta biharamunean, ajeak jota, amarekin hitz egiten duzula. Amari ez dizkiozu kontatuko bart egindako gauza tuntun guztiak. Baina agian lagun bati bai. Informazioa aukeratzen duzu audientziaren arabera. Ulertu behar duzu audientzia, eta hari zer informazio eman, zure egitekoa informatzea eta heztea baita, ez entretenimendua eskaintzea.

Ohikoa izaten da egoera traumatikoak bizi izan dituztenek pasarte batzuk ahaztea. Kazetariak nola kudeatu behar ditu memoriaren hutsune horiek?

PRICE: Hainbat baliabide daude informazioa egiaztatzeko. Batetik, kazetariak denbora utz diezaioke iturriari, eta, ondoren, harekin hitz egin berriz, memoria jostaria izan daiteke eta: egun batean oroitzen duzu, baina hurrengoan minak jota zaude, eta ahaztu duzu. Bestetik, ez badute gogoratzen, beste iturri batzuengana jo daiteke egiaztatzeko, hala nola beste lekuko batzuengana, senideengana...

Gero eta ohikoagoak dira kazetari freelanceak, batez ere gatazka eremuetan. Bakardade horrek kazetariaren arrisku psikologikoa areagotu dezake?

OGUNYEMI: Erredakzioan, harremana dago lankideen artean; freelancea itzultzen denean, lana entregatzen du, ordaintzen zaio, eta agur. Baina horiekin ere egon beharko luke hartu-emana; editoreen ardura da ziurtatzea taldea egoki dagoela.

Erresilientzia jo duzue gakotzat. Kazetaritzaren testuinguruan, zer esan nahi du?

PRICE: Une oso konplikatu batetik pasatzea, eta gero indarberritzea, badituzulako hori egiteko baliabideak. Eta, beraz, lanean jarrai dezakezu. Hori da erresilientziaren helburua.

lotsabako

Erresilientzia lantzeko gakoak?
PRICE: Goiz hasten gara ikasleak trebatzen: ikasgelan gaiaren inguruko hitzaldiak ematen dizkiegu, edo egoera horiek bizi izan dituzten kazetariak gonbidatzen ditugu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.