Ke arteko egunak

Legeek gero eta estuago hartzen dituzte erretzaileak, eta urrundu egin da kea eguneroko bizitzako hainbat gunetatik. Badago tabakoarekin lotuta jarraitzen duen eremu bat, ordea: fikzioarena.

Inigo Astiz
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Erretzeari uztea ez da zaila. Nik ehun bat aldiz utzi diot jadanik». Mark Twain idazleak esana da. Ez zuen erretzeko osasunarena beste eragozpenik izango, ziur aski, ateraldi hori bota zuenean, baina egun, gero eta handiagoak dira erretzaileek zigarroa pizteko aurkitzen dituzten trabak. Ikonografia oso bat dute alde, ordea. Topiko bat da, kasik. Hamaika pasarte gogoangarri badira liburu eta filmetan, tabakoarekin lotutakoak. Gainera, indartzen doazen debekuekin, gero eta zailago izango da inor erretzen ikustea, eta, beraz, hori izango da, ziur aski, hemendik aurrera erretzearekin loturarik handiena izango duen espazioa: fikzioarena.

Ez da guztiz librea izan gune hori ere, ordea. Frantzian, esaterako, orain arte zorrotz zaindu dituzte kearekin loturiko irudi eta soinuak. Bai, behintzat, gune zehatz batzuetan. 1991n tabakoaren aurkako lege zorrotza onartu zuten. Haren arabera, debekatu egin zuten gune publikoetan zigarroa ageri zuten irudiak erakusterik. Hala, Jean-Paul Sartre idazle ezagunari, argazkia manipulatu, eta hain bere zuen zigarroa kendu zioten Frantziako Liburutegirako eginiko liburu baten azalerako.

Neurri hark sua piztuko zuen, agian, zenbaiten artean, baina komiko ere bihurtu ziren debeku horiek. Zinematekak Jackes Tati zinemagileari ziklo bat prestatu zion 2009an, eta haren Nire osaba filmeko argazki bat aukeratu zuten hura ilustratzeko. Pertsonaietako bat pipa bat erretzen ageri zen irudian. Parisko garraio publikoa kudeatzen duen enpresa publikoak kendu egin zuen pipa hori iruditik, zer eta haren ordez jostailuzko biragailu bat jartzeko. Gehiegizkoa iruditu zaie legea legebiltzarkideei orain, eta badirudi neurriak bigundu egingo dituztela. Itzuli egin diete kea iraganeko irudi horiei.

Izan ere, ez da txikia tabakoarekin loturiko ikonoen zerrenda. Hor daude Sherlock Holmesen pipa, Clint Eastwooden westernetako pertsonaia hotza, bere purua ahoan duela, Adrey Hepburn bere zigarro luzearekin Gosaria Tiffanisen filmean, Humphrey Bogart, Tarantinok bere filmetarako asmatutako Red Apple tabako marka...

Maiz erabilitako tresna izan dazigarroa fikzio piezetan pertsonaiei nortasun zehatz bat lotzeko. Zer esanik ez nobela beltzen kasuan. Pertsonaiak karakterizatzeko behar-beharrezko elementua izan da tabakoarena; nahitaezkoa, beren mugako eta muturreko kutsu hori emateko. Gehiegitan erabilitakoa, akaso, baina nahikotan, Martin Amishi Money izeneko eleberrian (Dirua) John Self izeneko pertsonaiak bere burua irakurleari aurkezterakoan ironia erabili ahal izateko: «Hemendik aurrera besterik esan ezean, beti nago beste zigarro bat erretzen».

Zigarroei sexua itzuli

Luzea da zinemetan zigarroek duten presentziari buruzko eztabaida. Pertsonaia nagusiak erretzen ager daitezen tabako konpainiek egiten dutenpresioa salatzen dute tabakoaren aurkariek. Eta, horregatik, korapilatsua bihurtua da azken urteetan zinema eta tabakoaren arteko harremana. Eta bada gorabehera horiek aztertzen dituen umorezko film bat. Hara zer den Thanks for Smoking pelikula (Milesker erretzeagatik). Meta-zinema, tabakoari aplikatuta. Eta tabako konpainia baten bilera batean ematen da filmeko eszenarik deigarrienetariko bat. Tabako konpainiako nagusietariko bat da mintzatzen lehena. Ideia eske, kongresuko diputatu batek zigarro kutxetan jarri nahi duen arrisku afixa bati aurre egiteko. «Nerabeen arteko salmentak behera doaz, zerutik eroritako gurin zati baten gisa. Ez ditugu kit-katak saltzen, zigarroak saltzen ditugu! Cool dira, eskura daude, eta mendetasuna sortzen dute. Lana egina dugu, kasik. Baina ingurugiro zale hau desafioka ari zaigu, eta erantzun bat eman beharko diogu».

Aaron Eckhartek jokatzen duen Nick Nolty pertsonaiak ematen dio tabako konpainiako nagusiari eskatzen duen hori. Zinemaren historian zigarroek izan duten presentziari buruzko konferentzia bat da, ia, haren ekarpena. «1910eko urteetan 10.000 milioi zigarro ekoizten ziren AEBetan urteko. 123.000 milioi sortzen genituen 30eko hamarkadan. Zer gertatu zen tarte horretan? Hiru gauza. Mundu Gerra, dietak eta filmak. 1926an sortu ziren ahotsa zuten lehen pelikulak. Bat-batean, hitz egiten duten bitartean, eskuekin zerbait eginarazi beharrean daude zuzendariak. Gary Grant, Carol Lumbert zigarro bat pizten, Betty Davis, tximinia bat! Eta Bogart!».

«Gogoratzen Lauren Bacallekin egin zuen lehen filma? Atetik sartzen da 19 urteko neska puska, sexu hutsa, eta esaten du: 'Pospolorik bai?'. Bogiek bota egiten dizkio, eta Bacallek hartu egiten ditu. Hor mendeko erromantzerik ezagunena, eta nola hasi zen? Zigarro bat pizten. Gaur egungo pelikuletan psikopatak edo europarrak dira zigarroak erretzen dituzten bakarrak. Hollywoodek bidali behar duen mezua hau da: erretzea cool da. Forrest Gump jarri behar dugu bonboi kaxaren aurrean zigarro bati zupaka. Hughe Grant Julia Robertsen maitasuna berreskuratzen, haren marka faboritoa erosita. Aktore gehienek erre egiten dute, eta pantailan ere erretzen jartzen baditugu, sexua itzultzen diegu zigarroei».

San Pedrori su eske

Eztul artean bada irribarrerik ere. Dena ez da sexua zigarroetan. Musikariek ere mila pieza eskainiak dizkiote tabakoari. Fumando espero bolero famatua, Serge Gainsbourg kantariaren Dieu est un fumeur de havanes... Ironiaz beteta dira tabakoari eskainitako kanta asko. Hori da Merle Travis eta Tex Williamsek 1947an sortutako Mendebaldeko swing kanta ederraren kasua ere: Smoke, Smoke, Smoke (That Cigarette). Umorea, tabakoak osasunari eragiten dizkion kalteen eta erretzaileei eskaintzen dien etenaren artean.

Hala dio lehen estrofak: «Urrezko bihotza duen tipo bat naiz / zaldunen modura hazitakoa, / arkakuso bat ere minduko ez luketen horietakoa, // baina inoiz topo egingo bagenu nik / eta zigarroak asmatu zituen tipoak / emango nizkioke astakume horri eman beharrekoak. // Ez da nik neuk erretzen ez dudalako, / eta ez dut uste osasuna kaltetzen duenik, / bizi osoan erre dut eta oraindik ez nago hilik, // baina nikotinaren esklaboak, denak dira antzekoak,/ apustuan edo poker jokoan, / gelditu egin behar da dena piztu ditzaten beren zigarroak». Eta leloa dator gero: «Erre ezazu, erre, erre zigarro hori. / Zupa, zupa, zupa. Eta hil arte erretzen baduzu / esaiozu San Pedrori Urrezko Atean / bera zain edukitzea ez dela zure gustu, / baina zigarro bat gehiago behar duzula hain justu».

Tom Waits eta Iggy Pop

Kafea eta tabakoa. Bi horiek dira Jim Jarmusch zinemagile iparramerikarraren Coffee and Cigarettes (kafea eta zigarroak) filmeko ardatzak. Hamaika pertsonaia jartzen ditu haien inguruan hizketan, eta maiz, baita haiei buruz ere. Musika eta zinema batzen ditu une batez, ke eta kafe usainarekin. Iggy Pop eta Tom Waits musikariak kafetegi batean elkartzen ditu Jarmuschek, eta elkarri zer esan ez dakitela mahaian ahaztutako zigarroetan hartzen du oinarri beren elkarrizketak:

Iggy Pop: Zuk ez duzu erreko, ezta?

Tom Waits: Nik? Ez, ez. Zuk bai, ala?

I. P.: Ez!

T. W.: Utzi egin nion.

I.P.: Baita nik ere.

T.W.: Hogeita bost urte... Aski izan da! Orain... orain askoz energia gehiago daukat.

I.P.: Bai, bai, akabo. Nik ere utzi nionetik... ufa... zentratuago nago. Pena ematen didate oraindik zigarroari zupaka aritzen diren ergel horiek.

T.W.: Bai! Ez dute borondaterik. Ergel hutsak... Badakizu... [zigarroa hartzen du eskutan]. Hori du ederra erretzeari uzteak, orain erretzeari utzi diodala... Erre dezaket, utzi dudalako. Bitxiak bezalakoa da orain, ez da zinez beharrezkoa. Ez duzu nirekin batera erreko?

I.P.: Bai, bai, noski... Utzi nionez gero... bai.

Erretzaileen teatroa

Gauza jakina da garai batean antzerkian erre eta jan ere egiten zela. Denborarekin, baina, itzaliz joan dira ohitura horiek. Egon da joera horren aurkako erresistentziarik ere. Bertolt Brecht antzerkigileak, esaterako, erretzearen alde hitz egiten zuen. Haren ustez, gogoeta kritikoak eskatzen duen denborarekin lotuta dago erretzearen denbora pausatua. Kearekin lotu zuen, horregatik, bere antzerki modernoa egiteko proposamena.

Didaktikoa ere izan behar zuen antzerkiak, Brechten ustez. Entretenitu egin behar zuen ikuslea, baina gehiago ere eskaini behar zuen. Antzerki epikoaren alde egin zuen hark. Zehatzago, «erretzaileen antzerki epikoa» zen defendatzen zuena. Nolabait ere, burdeletan zen giroa eraman nahi zuen antzerkira, horrek ikusleari halako irizpide kritiko bat piztuko ziolakoan. «Kez eta alkoholez betetako inguru horrek [antzerki mota honentzako] beharrezkoa den distantzia eskaintzen dio audientziari».

Antzerkian gertatzen denaren inguruan gogoeta egiteko balio zuen tabakoak, hein batean, beraz, Brechten ustez. Alegia, zigarroak, puruak edo pipak piztu egiten ziotela erretzaileari antzerkian ikusten zenarekiko jarrera kritikoa.

Puruen purutasuna

Erretzaileen eremua. Izen hori eman zion Jon Alonso idazleak bere lehen ipuin liburuari. Historia hurbiletik abiatzen dira ipuin haietako asko, baina bildumako hamahiru kontakizunen artean bada bat oso-osorik tabakoaren inguruan osatua, Non fida han gal izeneko narrazioa, hain zuzen ere. Gazte antza hilko dela ikusi du ipuineko pertsonaia nagusiak amets batean, minbiziak jota, baina era berean, kiniela irabazi eta dirutza irabaziko duela ere bai. Dirutza jasoko du, eta izango du nahikoa denbora hartaz gozatzeko «erlatiboki gazte» hil baino lehen. Horregatik, zigarroak utzi eta puruak erretzen hastea erabakitzen du, «mundu guztiak dakienez, [puruak] ez direlako hain kaltegarriak». Aldaketa egin, eta puruzale porrokatua den tabako saltzailearen lagun egiten doa pixkanaka protagonista, eta Esplendido batzuk lortzen dizkio opari Kubatik. Puru horien purutasunari buruzko eztabaida izango da Jon Alonsok idatzitako ipuinaren ardatza.

Tabako saltzaileak dio puruak ez direla autentikoak, eta lagun batengana joaten da ipuineko pertsonaia nagusia, bigarren iritzi baten eske. «Faltsua ote zen? Ordurako entzuna zuen maiz Kubatik ekartzen zituzten Cohibas markakoak usu imitazioak izaten zirela. Zuri gertatzen zaizuna da [esan zion txokorrak erretzen abila zen beste adiskide batek] ez duzula purua behar bezala pizten. Zeuen zigarrotxoekin pozoitutako zu bezalako señoritek uste dutenaz beste aldera, puru on bat ezin daiteke piztu Winston bat balitz bezala. Purua lasai piztu eta erretzekoa da, purua erretzeak ez du zerikusirik bizio bat asetzeko maniobra mekaniko eta konpultsiboarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.