Kea sortzen duen magia

Historiaurrean sua sortzeko gaitasunaren garrantzia biziki argi kontatzen du Jean-Jacques Annaud zinemagileak 'La guerre du feu' obra didaktikoan.

La guerre du feu filmeko pasarte bat: ezkerrean, Cro-Magnon bat; eskuinean, neanderthala. TOUTLECINE.
xabier martin
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
U lhamr klan neanderthalaren epopeia kontatu zuen Jean-Jacques Annaud zinemagileak J.H. Rosnyren izen bereko eleberria egokituta: La guerre du feu (1981). Klaneko hiru kideren bidaia basati, surrealista eta zinez erakargarria islatzen du film didaktikoak. Zorroztasun zientifikoari begira hutsuneak dituen arren, interpretazio bikainak ere badira neanderthalez eta Cro-Magnonez. Keinu hizkuntza batez ulertzen dute elkar klaneko kideek, Desmond Morris antropologoak sortua. Hitz guturalak ere baliatzen dituzte, Anthony Burgessek asmatuak.

Ulhamr klanaren etorkizuna beltza da surik gabe. Beste talde batek eraso ondotik, irrist egin eta ibaiko uretan itzali du suaren zaindariak klanak betidanik piztuta edukitzen duen garra. Gorde bai, baina sua sortzen ez dakite, eta haietako hiru suaren bila joango dira Europako haran eta mendilerro arriskutsuak zeharkatu, eta lurralde ezagunetik urrun.

Duela 80.000 urte surik gabe ez zegoen bizirik irauterik. Sua Cro-Magnon emakume baten eskutik iritsiko da klanera. Bide batez neanderthalen genoma deskodetzeak agerian utzitako ondorioetako bat islatzen du filmak: neanderthalen eta eta homo sapiensen arteko harreman sexualak.

Hominidoen artean kanibalismoa ere bazela modu gordinean itxuratzen du egileak, bestalde. Azken urteotan izan da aurkikuntzarik joera hori berresten duenik; esaterako, Euskal Herriaren atarian: Atapuercan. Bertako Gran Dolinan, duela 800.000 urte egondako kanibalismo froga argiak aurkitu zituzten 2006an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.