Zigarrogileak

'Kearen unibertsitatean' ikasitakoak

Urte askoan Donostiako Tabakaleran zigarrogile izandako emakumeen bizipenak jasotzen ditu 'Kearen artxibogileak. Ibilbide bat Tabakaleratik' dokumentalak. Lan bat baino gehiago izan da zigarrogileentzat, euren etxea izango balitz bezala ikusten baitute eraikina.

1. Eraikina. Susi Nestar Aguado eta Clara Alvarez Gutierrez, Tabakalerako atean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
«Begira, hemendik sartzen ginen lanera, ogitartekoa poltsan genuela!», esan dio Clara Alvarez Gutierrezek alboan duenari, Susi Nestar Aguadori. Donostiako Egia auzoko Tabakaleraren parean daude, eta 30 urtez baino gehiagoz eraikinaren atera iristeko egiten zuten bide bera egin berri dute. «Hemendik igarotzen naizen bakoitzean 'nire etxea' etortzen zait burura», aipatu du Nestar Aguadok.

Izan ere, biak ala biak Tabakalerako zigarrogileak izan ziren, 2002ra arte, lantegia itxi zuten arte. Dozenaka urte eta dozenaka bizipen izan dituzte pareta, eskailera eta korridore horietan barrena, eta nostalgia puntua ezkutatzea kostatu egiten zaie Tabakaleran sartzearekin batera. 33 urte egin zituen Nestar Aguadok bertan lanean, eta Alvarez Gutierrezek, berriz, 31.

Bi horien eta haien lankide izandako batzuen bizipenak bildu dituzte Kearen artxibogileak. Ibilbide bat Tabakaleratik dokumentalean. Tabakalerako Hezkuntza Sailaren proiektu bat izan da. Itziar Imaz Hezkuntza Saileko arduradunak azaldu duenez, duela hamabost bat urte hasi ziren zigarrogile ohiekin lankidetzan. Tabakalera berria ireki baino lehenago, eraikinaren memoriaren eta egungo erabileraren inguruko proiektu bat egin nahi zuten. Ikus-entzunezko bat izan zen, eta, hura egin ondoren ere, geratzen jarraitu zuen taldeak.

«Konturatu ginen zigarrogile ohiek material pila bat zutela etxean, eta material horrekin artxibo bat osatzea erabaki genuen», kontatu du Imazek. Ez zuten material fisikoa soilik artxibatu nahi: material afektiboa zena ere bildu nahi zuten. Horrela sortu zen Kearen Artxibogileak proiektua. Material guztiarekin erakusketa bat egin zuten 2018an, eta eraikinean bisita gidatuak egiten ere hasi ziren zigarrogile ohiekin.

Adinarekin zorrotzak

Artxiboa osatu zuen taldea zigarrogilez, Tabakalerako langileez eta bestelako norbanakoz osatuta zegoen, eta pixkanaka jende gehiago batu zitzaien, tartean Lucia Montero zinemagilea. Elias Kerejeta zine eskolako ikaslea izandakoa zen, eta eraikinean egiten ziren bisita horietako batekin dokumental bat egitea pentsatu zuen. Ekainaren 16an estreinatu zuten, eta gaur egun www.tabakalera.eus webgunean dago ikusgai. «Urte hauek guztiek belaunaldien arteko ikaskuntza espazio bat izan dira azken finean. Lan baldintzen, genero rolen edota bizitzaren inguruan hitz egiteko aukera eman digu proiektuak», gehitu du Imazek.

18 urterekin hasi ziren Alvarez Gutierrez eta Nestar Aguado Tabakaleran lanean. «Urtebeteko kontratua egiten ziguten, eta urte horretan ezin ginen ezkondu, ez lanera gehiegitan huts egin, ezta haurrik izan ere», aipatu du Alvarez Gutierrezek. Bestela, kaleratu egiten zituzten.

Alvarez Gutierrezek Kolon pasealekuko denda batean egiten zuen lan, eta dendako bezero batek esanda eman zuen izena Tabakaleran lan egiteko, 18 urte bete aurretik. Bete orduko deitu zioten lan egiteko, eta 1971. urtean hasi zen. Nestar Aguado, berriz, ozta-ozta sartu zen lanera. Enpresa publiko bat zenez, dokumentazio guztiak Madrildik iritsi behar zuen, eta adinez nagusia izan baino bi aste lehenago iritsi zitzaizkion paperak.

«Ez dut inoiz ahaztuko nire lehen lan eguna. Oso lan kaskarra jarri zidaten», esan du Nestar Aguadok. 1969ko abenduaren 16an hasi zen; hotz handia egiten zuela oroitzen du oraindik. Lantegiko beheko solairura eraman zuren gaztea, tabakoa xehatzen zen lekura. «Hauts pila bat zegoen, eta oso leku iluna zen». Batik bat jende helduak egiten zuen lan han, eserita egin beharreko lana baitzen. Hasi eta gutxira, zigarretak sartzeko zorroak egiteko makinetara mugitu zuten, eta 33 urtez egon zen bertan, erretiroa hartu arte.

Pare bat urtez aritu zen Alvarez Gutierrez lantegiko beheko solairuan, eta oso oroitzapen onak ditu: «Makinak trabatzen genituen nahita. Pala bat sartzen genion makinari, hura trabatu eta lanik ez egiteko», kontatu du, barre artean. Ondoren, zigarretak egiten hasi zen, eta han egon zen lantegia itxi zuten arte.

Bi emakumeek lanean zuten giro ona azpimarratu dute, lan egiteaz gain festarako tartetxoak ere izaten baitzituzten. San Sebastian bezpera eta eguna bera ospatzen zituzten, esaterako. «San Sebastian eguneko erregina aukeratzen genuen, eta orga batean igota lantegi osoa zeharkatzen genuen», oroitu du Nestar Aguadok. Inauteriak, Gabonak eta bestelako ospakizunak ere egiten zituzten; hori bai, nagusia gertu ez zegoela. «Nagusia zetorrela gainerakoei abisatzeko, erratza altxatzen genuen; horrela, denek zekiten hortik zebilela», kontatu du. Tabakalerakoa «lan bat baino gehiago» izan da harentzat.

Enpresa publikoa zenez, beste lan eta enpresa batzuetan ez zituzten baldintzak izateko «pribilegioa» izan zuten langileek. Berrogei orduko lan astea izaten lehenengoak izan zirela kontatu du Nestar Aguadok. Gainera, haurrentzako bekak ere izaten zituzten, baita begi eta hortz azterketetarako laguntzak ere.

Ikasteko beste modu bat

Baina, nahiz eta familientzako laguntzak eman, ezkontzen zirenentzako diru laguntza bat ere bazegoen, lanean ez jarraitzeko. Dotea deitzen zioten. Hain zuzen, lantegian bost urtez lanean aritu eta ezkontzera zihoazen emakumeei ematen zieten, ezkondu eta haurrak izanez gero lanera joateko huts egiteko aukera gehiago zeudela uste baitzuten. Horrela, jende ezkongabea eta lanera egunero joango zena kontratatzeko aukera zuen enpresak. Diru horri esker, eta familiako diru sarrerak egokiak baziren, ez zegoen lanera itzultzeko beharrik.

Bi zigarrogileek ondo oroitzen dute enpresaren gainbehera hasi zen garaia: «Aseitarekin [enpresa baten izena da] elkartu zenean hasi zen», esan dute biek, ia aho batez. Ordura arte, enpresa publikoa zen, baina pribatu bilakatu zen. Estatuan zeuden hamabi lantegietako batzuk ixten ere hasi ziren; lehena, Madrilgoa.

Oporrak hartu baino egun bat lehenago esan zieten langileei lantegia ixteko arriskua zegoela: «Beti oporren bezperan ematen zituzten berri txarrak», gogoratu du Nestar Aguadok. Etxea erosi berri zuen, lantegitik gertu, eta itxieraren aurreko hiru urteak oso gogorrak izan zirela oroitu du.

Hiru aukera eman zizkieten langileei: 53 urtetik gorakoek erretiro aurreratua hartzeko aukera zuten; gazteagoak zirenek kalte ordaina jaso zezaketen, edo Logroñoko lantegira joan zitezkeen lanera; eta Logroñora joaten zirenek urtebeteko proba epea zuten, eta, gustatzen ez bazitzaien, Euskal Herrira itzuli eta kalte ordaina jasotzeko aukera zuten.

Biak joan ziren Logroñora, lana nolakoa zen ikustera. «Bi aldiz joan nintzen, eta, bigarrenez joan nintzenean, lur jota itzuli nintzen; ezin nintzen berriro itzuli», kontatu du Alvarez Gutierrezek. Kalte ordaina hartzea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.