Negua badator, nahiz eta ez den oraindik modurik gordinenean iritsi. Etxe askotan dagoeneko piztu dituzte tximiniak, eta hasi da teilatu ondoetatik kea ateratzen; barrukoak bero dauden seinale da hori. Sute kontrolatu bat da, baina arriskutsua izan daiteke tximinia ondo zainduta eta garbi ez badago. Horregatik, ezer piztu baino lehen, garrantzitsua da kedar askorik ez duela egiaztatzea. Suteak prebenitzeko garrantzitsua da tximinietako kedarra noizean behin garbitzea; etxean kea pilatzeko arriskua ere handiagoa izango da bestela. Gainera, garbitu ezean, tximiniak gutxiago berotzen du.
Ogibide ezezaguna da askorentzat, baina tximinietako kedar kentzaileen lana funtsezkoa da Euskal Herriko etxe askotan. Keak eragindako intoxikazioak eta etxebizitzetako suteak saihesten dituzte. Tximiniaren mantenu lanak egitera ere hedatzen da haien jarduera, keari ihes egiten utz diezaioketen pitzadura txikiak konponduz.
Oso lanbide zaharra da tximinia garbitzaileena, tximiniak bezain zaharra. Iruditeria tradizionala galtzen ari den arren, ospe handikoa da leku askotan eta bitxikeriaz beterik dago. Erresuma Batuan, esaterako, zorte onekotzat jotzen da emaztegai batek haren ezkontza egunean kedar garbitzaile bat ikusten badu. Alemanian, Polonian, Hungarian, Kroazian, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Eslovenian, Errumanian eta Estonian jantzi tradizionala erabiltzen dute oraindik bertako tximinia garbitzaileek. Uniforme tradizionala guztiz beltza da, jaka urreztatutako botoiekin eta xistera beltz batekin. Zorte onaren ikur ere badira Alemanian.

Alde iluna ere izan zuen ogibideak. Erresuma Batuko garai viktoriarrean, esaterako, haurrek garbitzen zituzten tximiniak; mutil eskalatzaileak ezizena jarri zieten. Txikiak zirela baliatuta, barruraino sartu eta goitik behera garbitzen zuten tximiniako hodia. Lan zikina eta arriskutsua zen, eta 1834an debekatu zuten. Erresuma Batua ez zen, baina, haurrak erabili zituen herrialde bakarra izan. Gauza bera gertatzen zen Frantzian ere, non, tradizioz, Savoia eskualdeko gaztetxoek egiten zuten lan hori.
Azkenik, XVIII. mende amaieran, tximiniak pertsona batek zeharkatzeko bezain handiak bihurtu ziren, eta orduan garatu zen ogibidea. Gaur egun, kedar kentzaileen elkarteak daude Europako herrialde guztietan. Arauak eguneratzeaz, prebentzio neurriez, produktu berrien eta merkatuaren arloan prestatzeaz eta abarrez arduratzen dira bazkideak. Gutxi badira ere, Euskal Herrian ere badaude tximiniak garbitzeaz arduratzen direnak.
Tximinien zaindari
Euskal Herriko makina bat teilatu ezagutu du Joxe Mari Albisuk, Kelanak tximinien instalazioan eta garbiketan berezitutako enpresaren jabeak. Tximiniak garbi mantentzearen garrantzia «segurtasun kontu bat» dela azpimarratu du, etxebizitzetako sute gehienak «tximiniak gutxitan garbitzeagatik gertatzen baitira».
Kedarra erregaia da, eta tenperatura handiarekin berotu egiten da. Beraz, funtsezkoa da tximiniak sarri samar garbitzea: «Gehienek hiru urtean behin edo behar dutenetan garbitzen dute. Honetan lan egiten dugun profesionalok gehiagotan garbitzea gomendatzen dugu», azaldu du Albisuk.
«Behar dutenetan garbitzen dute. Honetan lan egiten dugun profesionalok gehiagotan garbitzea gomendatzen dugu».
JOXE MARI ALBISU Tximinia garbitzailea
Horregatik, «gutxienez kedarra urtean behin kentzea» gomendatu du Jon Kepa Bengoetxeak, Orbel Energia Kooperatibako kideak —tximinien salmenta, mantentze eta garbiketa lanak egiten dituen enpresa bat da—: «Ez da gauza bera asko ala gutxi erabiltzea, tximinia mota... Hori guztia kontuan hartuta ere, jendeari beti esaten diot sarri garbitu behar direla».

Kedarrik ez sortzea ezinezkoa den arren, badaude oso denbora gutxian hainbeste kedar ez sortzeko gomendioak. «Garrantzitsua da egur hezea ez erretzea. Erabiltzen den egurrak erabat lehor egon behar du. Tximinia askoz azkarrago blokeatuko da bestela», gaineratu dute biek.
Are gehiago, egurra bakarrik erabiltzea da osasuntsuena, eta ez da ona erre daitekeen edozer gauza botatzea. Gabonetan, egunkari eta aldizkari zaharrez gain, opariak biltzeko papera botatzen da askotan; kedar asko sortzen du horrek.
Teilatuan eta behean
Tximinia guztiak ez dira berdinak, eta, beraz, ezta garbiketa guztiak ere. Lehendabizi, etxean bertan sartzea eta tximiniako hodia ixtea da ohikoena. Teilatura igo, eta tresna berezi batekin zikinkeria guztia kentzen dute, kedarra gehienetan.
Makilak hagaxka moduko batzuk ditu, eta triku baten antza duen eskuila bat ere bai. Gero, behera jaitsi, eta egurra jartzen den lekuan pilatzen den kedarra xurgagailuarekin kentzen da. Horrela, zikinkeria ez da etxean pilatzen.
«Lan gehienak aparatuetatik egiten dira, teilatura igo beharrik gabe. Eraikin askotan ez da segurua teilatura igotzea».
JON KEPA BENGOETXEATximinia garbitzailea
Hala ere, beti ez da beharrezkoa teilatura igotzea. Egun, lana errazten duten tresna «modernoagoak» daudela ziurtatu du Bengoetxeak: eskuila birakariak, ikuskapen kamerak, kearen kalitatea neurtzeko aparatuak edo egurraren hezetasuna. «Lan gehienak aparatuetatik egiten dira, teilatura igo beharrik gabe. Gainera, eraikin askotan ez da segurua teilatura igotzea, eta, batzuetan igo egin behar bada ere, behetik garbitu daiteke askotan», gehitu du.

Antzina, ordea, beharrezkoa zen teilatura igotzea garbiketa egin ahal izateko. Tximiniatik erratz edo eskuila bat sartzen zuten, eta, azkenik, soka batez lotutako bola bat, zikinkeria beherantz bultzatzen zuena, behera erortzeko, azaldu du Albisuk. Gaur egun, dena behetik garbitzen saiatzen da bera ere: «Batez ere teilatua arriskutsua denean edo teilak edo estalkia hausteko arriskua dagoenean».
Teilatutik erortzea ez da ogibide horrek daukan arrisku bakarra. Babes jantzia eta maskara erabiltzen dituzten arren, eskrotoko minbizia izateko arrisku handiagoa dute kedarraren eraginpean luzaroan egoteagatik. Minbizi mota horri kedarreko minbizia esaten diote askok. Segurtasun neurriek asko lagundu dute prebentzioan, baina tximinia garbitzaile andana hiltzen ziren lehen gaitz horren ondorioz.
Galtzen ari den ogibidea
Azken urteotako energia krisiaren ondorioz, igo egin da tximinien erabilera, eta eskari handia izan du berriz ere; eskariak eskaintza gainditu du, ondorioz. Gipuzkoan horretan aritzen den profesional bakarrenetako bat da Albisu, eta «lanez gainezka» ibiltzen da ia beti. Orokorrean, abuztutik abendura artekoak dira tximinia garbitzaileek lan gutxien duten hilabeteak. Udazkenean, aldiz, jendeak tximiniak prest eduki nahi izaten ditu eta lana biderkatu egiten da.
Tradizioz, Euskal Herriko herrietan, etxekoak arduratu izan dira tximiniak garbitzeaz; belaunaldiz belaunaldi transmititzen zen ogibidea zen lehen. «Baina gaur egungo gazte gehienek ez dakite tximiniak garbitzen. Gainera, dakitenak adinean aurrera doaz, eta ezin direnez teilatura igo, guregana jotzen dute».
Neguko denboraldia amaitzean gauza berbera gertatzen dela esan du Albisuk. Kezkatuta dago belaunaldien arteko ordezkapenik ez dagoelako. Haren ustez, gazte gutxik dute horrelako lanekiko interesa: «Lan asko eta jende gutxi ari gara honetan».