Komunikazioa

«Kezka eta ezinegona» eragin du Arrosan lizentzien dekretu proiektuak

Euskara alboratzen dela eta ez zaiola dagokion esparrua uzten salatu dute Euskal Herriko hogei irratik

Iñaki Ziarsolo Arrosako kidea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean jarritako alegazioarekin. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Euskaraz ez da aritu beharko Euskal Autonomia Erkidegoko irrati lizentzia berriak lortzeko. Meritutzat bai, baina euskara ez du betebehartzat hartzen Eusko Jaurlaritzaren ikus-entzunezko komunikazioko dekretu proiektuak. FMko irratietan ezarriko dituzten baldintzen balorazioa egin du Arrosa irrati sareak, eta proiektuak «kezka eta ezinegona» eragin duela adierazi du.

Lehenik eta behin, adierazi dute dekretu proiektua prestatu bitartean Eusko Jaurlaritzako inor ez dela urteetan Euskal Herrian lan egiten ari diren irrati komunitario (edo libreekin) eta euskaldunekin harremanetan jarri, haien iritzia entzun edo ekarpenak jasotzeko.

«Dekretua irakurriz argi ikusten da euskara alboratzen dela eta ez zaiola dagokion esparrua uzten», salatu dute Arrosa sareko irratiek prentsa ohar baten bidez. «Euskarazko irratientzat gordetzen diren lizentziak gutxi dira, eta euskarazko irrati proiekturik ez bada aurkezten, erdal irratiek hartzen dituzte gordetako lizentzia horiek», argitu dute. Gaur egun dialaren okupazioa ikusirik, euskarazko irratien aldeko banaketa konpentsatua egin beharko litzatekeela diote Arrosakoek. «Hau da, gaur daukagun dial ia erabat erdaldunean euskarazko irratiei bidea ireki». Erdara hutsean emitituko duten irratiei euskarazko portzentajerik ez zaiela eskatuko nabarmendu dute, bide batez. Euskal kulturaren adierazle diren euskarazko abestientzat ere ez dago gutxieneko ehunekorik.

«Handiek aukera gehiago»

Banatu behar dituzten 34 lizentzietatik bakar bat ere ez da irrati komunitarioentzat gorde. Hortaz, lizentzia banaketan parte hartu nahi izanez gero, irrati komunitarioak irrati komertzialen baldintza berberekin derrigortzen ditu. «Honek praktikan irrati txiki komunitarioak estatu mailako kate komertzial erraldoien aurrean babesgabe eta inolako aukerarik gabe uzten ditu», salatu dute Arrosako irratiek.

Gainera, irratien lan komunitario eta hurbileko albisteen jarraipena ez dira kontuan hartzen, Arrosaren arabera. «Irrati komunitarioek harreman zuzena dute lekuan lekuko elkarte, udal eta herritarrekin; gertuko informazioa bildu eta zabaltzen dute, eta entzuleekin gertutasun handia lortzen dute». Komunikabide horietan, halaber, herritarrek parte hartzeko aukera dute, eta komunikazio alorrean protagonistak bilakatzen dira. «Dekretuan lan herritar hori ez da baloratzen; irrati kate handiek inork baino aukera gehiago edukiz lizentziak lortzeko».

Lehiaketan parte hartuko duten irratien proiektuak alderatzeko Balorazio Mahaia egongo da. Eta bertan parte hartuko dutenen artean ez da aipatzen euskalgintzan, unibertsitateko kazetaritza fakultatean edo irrati komunitarioetan eskarmentu frogatua duten pertsonarik. Dekretu proiektuak zigor eta itxierak aurreikusten dituela ohartarazi du Arrosak. «Nahiz eta arau horiek aplikatuko diren jakin ez —orain ere legez kanpoko egoeran baikaude—, irratien artean arrazoizko kezka zabaldu du».

Dekretu proiektua aztertu ostean, Arrosak ezinbestekotzat jo du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean alegazioak egitea. «Izan ere, dekretu proiektua aldatu ezean gaur egun dugun irrati dial erdaldun, monolitiko eta komertziala indartuko dela uste dugu».

Horrez gain, EAJk aste honetan interpelazio bat erregistratzeko asmoa du Blanca Urgell Kultura sailburuak gaiaren inguruan azalpenak eman ditzan. Hilaren 18ko osoko bilkuran erantzun beharko du Urgellek dekretu proiektuaren gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.